Arrauna

Isuntzak dena jarri du alde Eusko Label ligan segitzeko

Meira, Bueu, San Pedro eta Pedreña atzean utzi ditu. Tolosaldeak ere ia erabakita utzi du Euskotren ligako kanporaketa. Gaur erabakiko dira

Isuntza atzo Bermeon, bigarren ziabogan, Eusko Label ligako kanporaketan. Tolosaldea Euskotrenekoa jokatzen, Bermeon bertan, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Isuntzak handia egin zuen atzo Bermeon. Eusko Label ligako kanporaketaren lehen jardunaldian, porrua sartu zien beste lau aurkariei. Meirak 16,16 segundo gehiago behar izan zituen, Bueuri 18,80 atera zizkion, San Pedrori 26,30 kendu zizkion, eta Pedreñari, 27,20. Bost puntu batu zituen Lekeitiko taldeak, eta hori bezain baliagarria da aurkariei atera zien aldea erlojupekoan. Gaur ere molde horretan ariko dira Portugaleten, baina ibaian (12:00, ETB 1). Atzoko lana biribildu beharko du liga nagusian jarraitzeko.

Lan biribil-biribila ez zuen egin, Osertz Aldai entrenatzaileak argi laga baitzien arraunlariei lanak bukatu eta segituan zer ez zuten ondo egin. Baina perfekzioa ez zuten aparte izan. Arraunean, behintzat, dotore egin zuten, luze, itsaso nahasiak eskatzen zuen eran. Trainerua ondo gogortuta eraman zuten une oro, kanporantz eta barrurantz.

Bigarren saria eskuratzeko lehia estuagoa aurreikusten da. Galiziako ligako lehen bi sailkatuen artean egon daitekeela ematen du. Meirak, hango txapeldunak, 2,64 segundo ateratzen dizkio bigarrenari, Bueuri. Azkeneko luzean, eta helmuga gainean zela hartutako olatu eder batek ekarri zuen buelta atzo. Ordura arte, Bueu hobeto moldatu zen, nahiz eta Meira gainean izan denbora guztian.

Atzerago daude San Pedro eta Pedreña, KAE 1 ligako txapelduna eta bigarrena. Hasierarik geratu ziren atzean, eta ezin izan zioten buelta eman egoera horri. Galiziako biak urruti ere ez dituzte denboren aldetik, baina gaurkoa ibaian izanda, nekeza izango zaie zeharo biei aurrea hartzea.

Tolosaldeak, hasi eta buka

Ezusterik ez zen izan Euskotren ligako kanporaketan. Tolosaldeak koska handia atera zion Deusturi. Ez dira alferrik bat liga nagusiko taldea, eta bestea ETE ligakoa. 16,84 segundo egon ziren gipuzkoarren alde. Bigarren luzean zabaldu zion tartea aurkariak. Gehienbat, azkeneko zatiaren aurretik. Ziabogan, zazpi segundo bakarrik zen aurretik.

Gaur Portugaleten biribildu behar luke lana (11:25, ETB 1). Atzokoaren aldean, oso baldintza ezberdinetan: ibaian, ur baretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.