Amaiera gero eta gertuago du aurtengo Eusko Label ligak, eta, azken hiru denboraldietan egin den bezala, Galizian jokatuko dituzte ligan lehiatzeke diren lau estropadetako lehen biak. Aresen ariko dira gaur (18:00, ETB1), eta Boiron bihar. Bi estropada horiek erabakigarriak izango dira kanporaketari begira. Ia ziurtzat jo daiteke Kaikuk maila nagusia galduko duela. Asteburu honetan, baina, hamabi ontzi lehiatu beharrean, hamaika izango dira.
Hain zuzen, Isuntzako arraunlari batek COVID-19arekin positibo eman duela jakinarazi zuen atzo TKE Traineruen Kluben Elkarteak. Horrenbestez, ligako eta osasun arloko protokoloaren arabera, itxialdia egin behar dute gainerako kideek. Hala, ezin izan dira Galiziara joan.
Lekeitioko arraun elkarteak, berriz, ohar bat kaleratu zuen, TKEk zabaldu zuen albisteari erantzunez: «Gure arraunlarietako batek, lan munduan jatorria duen COVID-19aren ondorioz, probak egin ditu, eta jasotako emaitza kontrajarriak ez dira erabakigarriak. Denok egin ditugu probak orain, arraunlari horrek barne, eta denetan negatibo atera da». TKEko epaileak, «zentzumena eta zuhurtzia» oinarri hartuz, konfinamendu protokoloa ezarri dio talde osoari irailaren 1ean egingo diren PCR probak egin arte, eta, proba horietan berriz ere negatibo ematen badute denek, Kontxarako sailkatze estropadan izango da Isuntza.
Ligako araudiaren arabera, orain arte batutako puntuen batezbestekoa emango zaio Isuntzari bi estropada horietan: bosna puntu. Zortzigarrena da sailkapenean, eta kanporaketa jokatzera eramaten duen azken-aurreko postuan den Aresi bederatzi puntu ateratzen dizkio. Bi talde horien tartean daude Ondarroa eta Zarautz. Enbata-k bi puntu atzetik du gaur etxean ariko den taldea; Antiguako ama-k, berriz, zortzi punturen aldea du.
KAE eta ETE ligak
Azken asteburua izango dute KAE eta ETE ligek. Guztiak Castron (Espainia) lehiatuko dira bi egunetan. Emakumeak izango dira lehenak (11:00). Igoerako kanporaketa jokatzeko bigarren postuan berdinduta daude Hibaika eta Zumaia, lehen tokian Tolosaldeak amaituko baitu. Ondoren, KAE1 mailakoak ariko dira. Pedreñak ziurtatua du lehen postua, eta San Pedrok gertu du kanporaketako bigarren lekua. Bigarren mailako ontziak arratsaldean ariko dira (18:00). Castrok eta Lapurdik eskura dute igoerako kanporaketa jokatzea.
Isuntza ezin izango da aritu asteburu honetan ligan
Arraunlari batek COVID-19an positibo eman duela zabaldu du TKEk. Aresen jokatuko dute gaur Eusko Label ligako jardunaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu