Turkia ipar-ekialdean hasiko du Athleticek UEFAko ibilbidea. Trabzon eskualdera joan beharko du talde zuri-gorriak, izen bera duen hiriburura (170.000 biztanle), alegia, Turkiako txapelketako liderrari aurre egiteko. Hiru jardunaldi jokatu dira dagoeneko hango Ligan, eta Athleticen aurkariak bederatzi puntuak eskuratu ditu. Joan zen denboraldian bigarren sailkatu zen Fenerbahceren atzetik eta, horrenbestez, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko txartela eskuratu zuen. Sailkatzeko zorian izan ziren. Dynamo Kieven aurka aritu dira: Ukrainan 1-2 irabazi zuten turkiarrek, baina aste honetan, etxean, 0-2 galdu dute. Trabzonsporen aurtengo lehen erronka Txapeldunen Liga jokatzea zen, eta horretan huts egin ondoren, Turkiako Liga bilakatu da, orain, xede nagusi. Baina, tartean, UEFAn zerbait egitea ere garrantzitsua da eurentzat.
Istanbulgo taldeak ez dabiltza oso fin azken boladan. Turkiako Ligan Istanbulgo hiru taldeak alde batera utzita, beste batek soilik lortu du Turkiako Liga irabaztea: Trabzonsporek berak. Sei aldiz atera da txapeldun talde hori, eta Europan oso ezaguna ez den arren, bere herrialdean Galatasarayen, Fenerbahcen eta Besiktasen aurkari nagusia da. Gainera, azken bi denboraldiotan hango Kopa txapelketa irabazi du, eta hori bada zerbait.Trabzonspor Kulubu gaztea da oso: 1967an sortua. Horrek ez du esan nahi urte horretara arte Trabzonen futbolean jokatzen ez zenik. Istorioa nahikoa korapilatsua da. Goi mailako lau talde zeuden betidanik itsas beltzak ferekatzen duen hiri horretan. Saio aunitz egin zituzten guztiak batu eta klub bakarra sortzeko, baina liskarrak etengabekoak ziren; elkarren arteko ezinikusia ere bai. 60ko hamarkadan serio jarri ziren, eta Federazioko presidenteak ekimenari indarra eman zion. Elastikoaren kolorearen inguruko desadostasuna nahikoa zen ekimena ezerezean uzteko: zurigorria zen aukeratutako lehen kolorea, bitxia. Baina azkenean, 1967an, gorria eta urdina uztartuta egun ezagun den Trabzonspor jaio zen.
Titulu gosez
70eko hamarkadako erdialdetik 80ko erdira eskuratu zituen talde horrek Ligako sei txapelak. Senol Gunes Turkiako selekzioko hautatzailea azken Munduko Kopan, taldeko atezaina izan zen arrakastaren aurreneko urteetan. Betidanik Galatasaray, Fenerbahce eta Besiktasen itzalean aritu da, nahikoa urrun, baina orain haiekin borrokan dabil Istanbulgo monopolioa apurtzeko.
Talde sendo samarra osatu du Ziya Dogan 43 urteko entrenatzaileak. Joan zen otsailean hartu zuen kargua, eta bere helburuek ez dute mugarik. 4-4-2 joko sistema erabiltzen du: turkiarrak, belgikarrak eta afrikarrak uztartuta osatu dute taldea. Teknikoa baino gehiago. Joan zen urtean Turkiako atzealderik onena izan zen, nabarmen gainera. Horretan oinarritu zuen denboraldi arrakastatsua. Atezaina australiarra da, 1'90 metro luze den mutil puska: Michael Petkovic. Cora Tayfun eta Karel D'Haene belgiarrak dira zentralak: 24 urtetik beherakoak. Hegaletan, Eren eta Kocak turkiarrak. Euskarriak indartsuak dira. Zelai erdirako Bernd Thijs 25 urteko belgiar internazionala fitxatu dute, jokalari sendoa eta langilea. Cimsir erraldoiarekin bikote oso fisikoa osatzen du, presiorako aproposa. Etxetik kanpo atzera jotzeko joera du Trabzonsporek, baina Avni Aker estadioan (28.000 ikusle) hegalekoak erasokorrak dira. Erasoan jokalari txiki eta dinamikoak erabiltzen ditu Dogan entrenatzaileak. Yattara ginearra oso txikia da, bizkorra, pasegile onena, zorrotza. Baina taldeko jokalaririk distiratsuena Gokdeniz Karadeniz da, bizia eta golak egiteko sena duena 15 gol joan zen denboraldian. Ezker hegalean Eul-Yong Lee korearra aritzen da. Jokalari internazionala. Eta aurrealdean Fatih Tekke sasoikoa, Turkiarekin internazionala. Ligako aurreneko hiru jardunaldietan 5 gol egin ditu.Trabzonspor ez da Athletic baino gehiago, teorian behintzat. Nolanahi ere, hilabeteko aldea dute prestakuntzan, lehiaketako bost neurketa jokatu baitituzte dagoeneko turkiarrek, eta sendo daude lidertzan hiru partidak irabazita. Hasteko, erronka polita izango dute zurigorriek.
FUTBOLA. UEFA TXAPELKETA
Istanbulgo monopolioaren itzalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu