Isilpeko lanaren zaindaria da

Ligaren geldialdiak Aritz Elustondoren une ona eten du. Atzelariak min hartuta igaro ditu zenbait aste, eta, osatu ostean, atzeko lerroaren jabe egin da, eremu hori indartuz.

Aritz Elustondo, denboraldi honetan, Anoetan, Valladoliden aurka jokatutako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Taldeko kirol guztietan, kide bakoitzak rol bat du. Izan aurrez definitua, izan denboraren poderioz lortua, baina bakoitzak izan ohi du bere egitekoa zelaian duen kokapenaz harago. Zelaian ere ondo banatuak daude egitekoak: aurrelariak dira distira gehien dutenak, jokaldirik ikusgarrienak egitearen arduradunak.

Alabaina, talde bat sailkapenaren goialdean egoteko ezinbestekoa da erasoko jokalariak atzeko lerroarekin orekatuta aritzea. Isilpeko lanak, sarri, garrantzi handiagoa du erregulartasuna mantentzeko orduan. Realean, zeregin horien zaindari lanak egiten ari da Aritz Elustondo (Beasain, Gipuzkoa, 1994). Atzelaria grinaren irudia da, eta defentsako lanean pisu handiko jokalaria. Taldeari segurtasuna ematen dio une onean denean.

Izan ere, beasaindarrak nahi baino gutxiago jokatu du sasoi honetan, baina ez da izan Imanol Alguacilek kutunen zerrendatik kendu duelako. Min hartuta egon da zenbait astez, eta horrek zelaietatik urrundu du. Nolanahi ere, Osasunaren aurka jokatutako Espainiako Kopako partidan berriz aritu zenetiklekua egin du, eta taldeak eskertu egin du haren lana.

Liga eten aurretik Realak jokatu zuen azken-aurreko neurketan —Bartzelonaren aurkakoan—, ez zen zelaian izan, arazo fisikoak izan zituelako aurreko egunetan. Ipuruan, ordea, aritu zen, eta, aurreko neurketatan bezala, haren parte hartzea gakoa izan zen taldeari sendotasuna eman eta atzeko lerroa indartzeko.

Txapelketaren etenak sasoiko unerik onenean harrapatu du Reala. Txuri-urdinak laugarren postua eskuratu berri ziren ligan, eta irauli du 2019. urte amaieran eta 2020.aren hasieran atzeko lerroan izandako bolada eskasa. Abenduaren amaieran eta urtarrilaren hasieran gol asko sartu zizkioten Donostiako taldeari, eta, horren ondorioz, emaitza txarrak izan zituen.

Hain justu, Elustondoren itzulerak eten egin zuen kalteko bolada hori, eta itxi egin zuen Alex Remiroren atea. Atezain nafarrak bi gol besterik ez ditu jaso azken hilabetean. Azken bi partidetan ikusi du bere atea zulatuta, eta bi kasuetan penaltiz sartu zizkioten golak. Bartzelonako Leo Messik egin zion bata, eta Eibarreko Charles Diasek bestea. Bigarren partida hartan hasieratik aritu zen Elustondo.

Beasaingo atzelariak bere taldekideek baino batezbesteko hobea du denboraldi honetan eskuratutako garaipen kopuruari dagokionez. Ligan jokatu diren 27 partidetatik hamahirutan aritu da Elustondo. Partida haietatik zortzi irabazi ditu Realak, bakarra berdindu, eta gainontzeko laurak galdu. Aldiz, haren parte hartzerik gabe jokatutako beste hamalau norgehiagokatan porroten kopuruaantzekoa izan bada ere (bost), berdinketen kopuru handiagoak (hiru) desorekatu du balantza. Elustondoren faltan, Realak sei partida irabazi ditu, atzelaria zelaian zela baino bi gutxiago.

Realak 1,7 puntu pilatu ditu batez beste partidako, baina, Elustondok jokatu dituen neurketak kontuan hartuta, 1,92 puntura igotzen da zifra. Datu hori liga oso batera luzatuz gero, 72,9 puntu lirateke, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko behar den batezbestekoa. Azken sasoietako datuekin kalkulua eginda, talde batek 66 puntu pilatu behar ditu Europako txapelketa gorenerako sailkatzeko.

Bidea urratuz

Elustondo jokalari finko bilakatu da entrenatzaile ezberdinen hamaikakoetan orain bost urte debuta egin zuenetik. David Moyesen aginduetara egin zuen estreinakoa, eta ordutik egin du lekua taldean. Hala, joan zen otsailaren 9an Athleticen aurka jokatutako partidan (2-1), ehungarren partida jokatu zuen elastiko txuri-urdinarekin, eta jadanik taldeko kapitainetako bat bilakatu da. Leganesen aurka jantzi zuen besokoa azkeneko aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.