Futbola

Isakek Reala utziko du, eta Newcastlek fitxatuko du

Ingalaterrako klubak 70 milioi euro ordainduko ditu aurrelari suediarrarengatik. Realaren historiako salmentarik garestiena izango da.

Isak, joan zen igandean, goleko errematea egiten. Bartzelonari sartutakoa izan zen suediarrak Realarekin egindako azkeneko gola. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko abuztuaren 24a
15:08
Entzun

Alexander Isakek supituan amaituko du Realeko ibilbidea. Klub txuri-urdineko iturriek BERRIAri baieztatu diotenez, aurrelari suediarrak utzi egingo du Donostiako taldea. Ingalaterrako Newcastlen ariko da aurrerantzean, 70 milioi euroren truke. Hala, Realak sekula egin duen salmentarik garestiena bilakatuko da.

Newcastlek hilabeteak egin ditu Isaken arrastoari segika, harik eta proposamen zehatza egin duen arte. Jokin Aperribairen zuzendaritzak onartu egin du eskaintza, baztertu ezinezkoa dela iritzita, eta akordio bat lortu dute hala: 70 milioi euroez gain, Realak beste bost milioi jasoko ditu Ingalaterrakoek kirol arloko zenbait helburu lortuz gero. Halaber, Newcastlek Isak beste talde bati saltzen badio, Realak jasoko du salmenta horren %10. Guztira, 80 milioi euro baino gehiagoko eragiketa izan daiteke. Oraingoz, bi klubek ez dute akordioaren berri eman ofizialki.

Realak 2019-2020ko sasoirako fitxatu zuen Isak, Alemaniako Borussia Dortmund taldetik. Orduko hartan, 10 milioi euro ordaindu zituzten donostiarrek. Txuri-urdinekin egin dituen hiru sasoietan maila onean aritu da, eta zaleen kutunetako bat bilakatu da 22 urteko jokalaria —datorren hilean beteko ditu 23 urte—.

Lehendabiziko denboraldian, 16 gol sartu zituen –bederatzi Espainiako Ligan, eta zazpi Kopan–; bigarren urtean, 17 (guztiak ligan), eta iragan sasoian, hamar –sei ligan, hiru Europa ligan eta bat Kopan–. Sasoi honetan ere sartu du gol bat Realarekin: joan den igandean, Bartzelonaren aurkako partidan (1-4). Hiru urtean, Isakek Espainiako Kopa bat irabazi du Realarekin, eta hiru aldiz segidan sailkatu da Europarako.

Orain, ordezko bila

Realak Isaken ordezko bat bilatzeko ardura izango du datozen egunetan. Talde txuri-urdina larri antzean dago aurrelari petoen kopuruari dagokionez. Imanol Alguacil teknikariak Jon Karrikaburu eta Mohammed-Ali Cho soilik ditu jokatzeko prest, Carlos Fernandezek min hartu ondotik. Zazpi egun barru itxiko dute udako merkatua. Aldi horretan, aurrez plazaratutako izenak eta bestelakoak landuko ditu Roberto Olabek gidatutako futbol zuzendaritzak, Isaken ordezko bat aurkitu nahian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.