National Geographic-en lantalde batek Andrew Comyn Irvine Sandy alpinistarenak izan daitezkeen gorpuzkiak aurkitu ditu Everesten, desagertu eta 100 urtera. Aurkikuntza irailean egin zuten, baina gaur eman dute horren berri. Irvine bera eta George Mallory 1924ko ekainaren 8an desagertu ziren, Everesteko gailur inguruetan. 8.600 metrotan ikusi zituzten azkenekoz, tontorrerantz zihoazela, eta, geroztik, mendizaletasunaren historian izan den enigmarik handiena izan da Mallory eta Irvinerena. Iritsi ote ziren Everest gailurrera? Galderak mende oso bat iraun du. Beti esan izan da enigma argitu zezakeen ebidentzia bakarra Malloryk edo Irvinek, bietako batek, zeraman Kodak argazki kamerako filma izan zitekeela.
Malloryren gorpua duela 25 urte justu aurkitu zuten, 1999ko udaberrian, 8.200 metro inguruan, erabat momifikatuta. Haren arropa eta patriketan hainbat tresna ere aurkitu zituzten —eskumuturreko erlojua, eguzkitako betaurrekoak, altimetro apurtu bat, pospolo kaxa bat, arkatz bat, labana bat...—, baina Vest Pocket Kodak kameraren arrastorik ez. Hortaz, beti pentsatu izan da kamera Irvinek eramango zuela.
National Geographic-eko lantaldearen aurkikuntza, beraz, misterioa argitzeko urrats garrantzitsua izan daiteke. Jimmy Chin taldeko zuzendariak, eta Erich Roepke eta Mark Fisher zinegile eta eskalatzaileek lehenbizi bota zahar bat aurkitu zuten, Everesten ipar aurpegian dagoen Rongbuk glaziarretik azaleratzen. Berehala jabetu ziren larruzko bota hura aspaldikoa zela, iltzeak baitzituen zolan, eta, beraz, Bigarren Mundu Gerraren aurrekoa behar zuen izan, garai hartan asmatu baitziren kranpoiak. Eta Everesten ipar aurpegian, bi pertsona baino ez ziren hil gerraren aurretik: Mallory eta Irvine. Beraz, ia zalantzarik gabe, Irvinerena izan behar zuen botak.
Botaren barnean, oin baten gorpuzkiak aurkitu zituzten, eta galtzerdi bat gorpuzkiei itsatsita. «Galtzerdia jaso, eta etiketa gorri bat ikusi nuen barnean. A.C. IRVINE izena zuen brodatua. Berehala jabetu ginen aurkikuntzaren garrantziaz», adierazi du Jimmy Chinek. Kodak etxearen Vest Pocket kameraren arrastorik, ordea, ez zuten aurkitu iraileko bilaketa hartan.
Enigmarik handiena
1924ko ekainaren 8an, duela 100 urte, Mallory eta Irvine VI. kanpalekutik (8.230 m) abiatu ziren Everest gailurrerantz. Azken saiakera horretarako, Malloryk (37 urte) Irvine gaztea (21 urte) aukeratu zuen sokalagun, hura baitzen oxigeno ekipoak maneiatzen hobekien moldatzen zena. Egun berean, Noel Odell, geologoa bera, kanpaleku bat beheragotik abiatu zen gorantz, zenbait azterketa egiteko eta goiko biei babesa emateko asmoz.
Terralak biltzen zuen mendiaren gailur aldea. 12:50ean, ordea, argiune bat sortu zen, eta, begitazio bat nola, ertz osoa eta Everest tontorra agerian geratu ziren. Hala deskribatu zuen Odellek une hartan urrunera ikusi ahal izan zuena: «Nire begiek orban beltz bati erreparatu zioten; elur gandor txiki bat ebakitzen zuen orbanak, harkaitz eskailera baten azpian. Puntu beltz hura mugitu egin zen. Atzetik, beste puntu beltz batek elurretan gora egin zuen, eta bat egin zuen bestearekin gandorrean. Lehenak harkaitz eskailera handian gora egin zuen gero, eta bigarrenak ere gauza bera egin zuen. Une horretan, ikuspegi liluragarri hura desagertu egin zen, lainoak bilduta, beste behin». Hitz horiexekin hauspotu zuen Odellek Himalaiaren historiako inoizko enigmarik handiena.
Edmund Hillary eta Tenzing Norgay 1953ko maiatzaren 29an heldu ziren Everest gailurrera, Mallory eta Irvineren saiakeratik 29 urtera. Beraz, ofizialki haiek hartzen dira lehen igotzailetzat. Baina beti egon da baina hori airean: baina Mallory eta Irvine tontorrera iritsi izan balira?
Bota aurkitu baino lehen, National Geographiceko lantaldeak 1933ko marka zuen oxigeno botila bat aurkitu zuen. Irvine eta Malloryren ahaleginetik bederatzi urtera britainiarrek eginiko ahaleginekoa zen botila. Horrek atezuan jarri zuen Chinen taldea: «Irvine ipar aurpegian behera erori bazen, oxigeno bonbona hau bezala, agian haren gorpuak bide bertsua egin zezakeen». Eta halaxe hasi ziren Rongbuk glaziarraren inguru haietan bila eta bila, harik eta bota begiztatu zuten arte. «Uste dut bota harrapatuta zeukan izotza aste batzuk lehenago urtu zela», adierazi du Chinek. Beraz, glaziarrak berak azaleratu ditu ehun urtez erraietan izoztuta eduki dituen gorpuzkiak.
Jimmy Chinek albistearen berri emateko lehen deietako bat Irvineren iloba txikiari egin zion, Julie Summersi. Hark idatzi zuen 2001ean osaba-aitonaren biografia, eta asko eskertu zuen albistea. «Haren objektu bat da, eta haren gorputz zati bat dauka. Gertatu zenari buruz asko erakutsi dezake». Senideak prest agertu dira DNA laginak emateko eta gorpuzkiarenarekin alderatzeko, benetan haren identitatea egiaztatze aldera.
Irvineren gorpuzkien aurkikuntzak hainbat galdera sortu ditu: 1924ko ekainaren 8 hartan erorikoa izan eta glaziarreraino amildu ote zen? Geroztik mendiaren ipar aurpegi hartan izan diren elur jausiek eraman ote zuten arrastan mendiaren oinarriraino? Ipar aurpegiko ohiko bidean alpinisten begi bistan zeuden gorpuak mendian behera botatzeko izan diren espedizioetako batean bota ote zuten behera?
Nolanahi dela ere, aurkikuntza egin eta egun batzuetara, Chin eta haren taldekideak ohartu ziren beleak gorpuzkiaren inguruan zebiltzala. Hori zela eta, gorpuzkiak menditik mugitzeko baimena eskatu zioten Txina-Tibet Mendizale Elkarteari (CTMA), Everesten ipar aurpegiko gobernu agintaritzari. Izotzetan sartu eta CTMAren esku utzi zituzten gorpuzkiak, eta DNA lagin bat hartu zuten, identifikaziorako.
Jimmy Chinek ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan gorpuzkiak aurkitutako lekuari buruz. Ez diela trofeo ehiztariei hausporik eman nahi, hala adierazi du, baina inguru berean objektu gehiago aurkitzeko esperantza agertu du, kamera bera ere bai, agian. «Zalantzarik gabe, asko murriztu da bilaketa eremua».