Kirolean dopin kimikoa ez da bide bakarra iruzur eginez abantaila lortzeko. Igeltsuz betetako eskularruak erabiltzea boxeoan, bate manipulatuekin aritzea beisbolean... Adibideak asko dira. 1980ko Bostongo maratoian, Rosie Ruizek metroa hartuta irabazi zuen. Lance Amstrong txirrindulariak ustez motorra zuen bizikleta erabili izana ere iruzur teknologikoaren salaketen beste adibide bat da. Xakean ere eman dute zeresana halakoek azken urteetan. Berriki Magnus Carlsenek hori egitea leporatu dio Hans Niemanni. Gertatutakoak harrabotsa sortu du xake munduan.
1997an, Gari Kasparovek Deep Blue ordenagailuaren kontra galdu zuen. Ordutik, xakean jokatzeko programek jokaldia kalkulatzeko duten indarrak gizakiaren sormena eta logika gaindituz joan dira sistematikoki. Telefono adimendunak iritsi ziren ondoren, eta, horiei lotuta, xakeari buruzko aplikazioak. 2010eko hamarkadarako edozein jokalarik aukera zuen komunera joan eta ezkutuan gomendioak jasotzeko. Manuel Navarro FIDEko nazioarteko epailea horren inguruan mintzatu da:«Xakean iruzur egitea ez da berria, baina telefono adimendunekin epaileak egokituz joan behar izan dugu. Joko geletan telefonoak debekatuta daude. Hori betetzen dela ziurtatzeko, kasu batzuetan metalak detektatzeko makinak erabiltzen dira». Beste neurri batzuk ere hartu dituzte: «Interneteko emankizunak atzeratzeko aukera dago, kanpoan daudenek jokaldiak atzerapenarekin ikus ditzaten. Hala, ezin diete barrukoei lagundu. Komunak ere miatzen dituzte, ezkutuko telefonoren bat dagoen ikusteko. Gainera, zaindu egiten dugu jokalariak zenbat aldiz joaten diren komunera».
2010ean hasi zen dena, Khanty-Mansiskeko (Errusia) Xakeko Olinpiar Jokoetan. Sebastien Feller maisu handia tranpetan harrapatu zuten. Haren lagun bat etxean zegoen, Internet bidez emankizuna ikusten. Ordenagailuarekin jokaldirik onena erabaki, eta SMS bidez taldeko ordezkariari bidaltzen zion informazioa. Kode bat zuten: ordezkaria joko gelan lekuz aldatzea Fellerrek taula gainean jokaldia egiteko. 2015ean, Dubaiko Irekian, Gaioz Nigalidze maisu handia harrapatu zuten. Komunera maiz joaten zenez, haren aurkaria kexatu egin zen. Epaileak komuna miatu zuen, eta partidaren posizioa eta Nigalidzeren sare sozialak zituen sakelako telefono bat topatu zuen. FIDEk hiru urteko zigorra ipini zion, eta maisu handiko titulua ere kendu zion. 2019an, Igor Rausis maisu handia harrapatu zuten tranpetan. Epaileak berak komunera jarraitu, eta sakelakoa begiratzen harrapatu zuen. Susmoa da Rausis urteetan ibili zela iruzur egiten. Kasu horretan ere FIDEk titulua kendu zion. Zigorra, gainera, gogorragoa izan zen: sei urtekoa.
Gertaera horiek zeresana eman zuten. Baina, Navarroren ustez, egoera ez da hain larria: «Ez dut uste xakean iruzurra hedatua dagoenik. Baina egia da jokalarien artean kezka sortu dela. FIDEk horren aurkako arautegia du, eta, esan bezala, neurri berriekin. Ipini diren zigorrak hor daude. Nire ustez, xakearen etorkizuna ez dago arriskuan, baina ez diot behin betiko konponbidea ikusten tranpen kontuari. Sen ona aplikatzea da biderik onena».
CarlsenNiemann afera
Duela gutxi geratu zen Carlsenen eta Niemannen arteko afera. Sinuefield Cup-eko hirugarren txandan izan zen, irailaren 4an. Magnus Carlsenek Hans Niemann gaztearen aurka—19 urte ditu estatubatuarrak— kontra galdu zuen. Carlsenek 53 partida ofizial zeramatzan jarraian galdu gabe, eta ezustea izan zen pieza zuriekin munduko berrogeigarrenaren kontra galtzea.
Hurrengo egunean Carlsen torneotik erretiratu zen, eta Twitterren iradoki zuen iruzur baten biktima izan zela. Antolatzaileek neurriak zorroztu zituzten, baina epaileak esan zuen tranpa zantzurik ez zegoela. Adituen esanetan ere, Carlsenen kontrako partidan ez zen ordenagailuaren joko patroirik igartzen. Gainera, zeuden segurtasun neurriekin, zaila zirudien Niemannek gailu elektroniko bat erabiltzea edo kanpotik mezuren bat jasotzea.
Navarrok ere ez dauka batere argi: «Entzungailu txiki bat belarrian? Carlsenen ordenagailua hackeatzea haren prestakuntzaren inguruko informazioa izateko partida aurretik? Carlsenen kolaboratzaile batengandik informazio hori eman izana? Susmoak baino ez dira, eta froga barik ezin da epaitu eta zigortu».
Irailaren 19an Carlsenek berriro jokatu behar izan izan zuen Niemannen kontra, Julius Baer Generation Cup-ean. Baina bigarren mugimenduan, ezustean, norvegiarra errenditu egin zen, eta alde egin zuen. Kirolez kontrako portaera izan zen, eta kritika gogorrak jaso zituen. Irailaren 26an, gainera, ohar bat argitaratu zuen, Niemannen ustezko iruzurraren inguruan zituen susmoei buruz. Berriro ere ez zuen frogarik aurkeztu. Haren kontra ez duela berriro jokatuko ere adierazi zuen.
Niemannek onartu du 12 urte zituenean Internet bidezko partidetan iruzur egin zuela, baina sekula ez aurrez aurreko partida ofizialetan. Gaineratu zuen prest zegoela bakartutako gela batean biluzik jokatzeko, ez zuela ezer ezkutatzeko.
Egia da azken urteotan munduko zerrendan izugarri egin duela gora. Horrek, eta aurretik iruzur egin izana onartzeak,aurkarien susmoak areagotu ditu. Haren partida batzuetan zehaztasun maila handiegia ikusi da. Baina, tranpetan ibili bada, nola egin du?
Niemannek Carlsen eta Chess.com plataforma boteretsua dauzka kontra. Torneo bat jokatzen duen bakoitzean, besteak baino gehiago aztertzen dute. Baina jokatzen jarraitu du, eta tinko defendatu du bere burua. Carlsen nabarmen geratuko da Niemannen iruzurra frogatzen ez badu. Azkenaldian, gainera, haren irudi publikoa asko kaltetu da. Aurrena, Munduko Txapelketako finala jokatzeari uko egin zion: gero, Sinquefielden, partida bat galdu ostean erretiratu zen, eta Generation Cupen errenditu egin zen. Baina larriena zera izan da askorentzat: 19 urteko gazte bat frogarik gabe salatu eta baztertzea.
Iruzurraren susmopean
Magnus Carlsenek tranpetan aritzea egotzi dio Hans Niemanni. Frogarik gabe egin du. Ez da xakean halako zerbait gertatzen den lehen aldia, baina harrabotsa sortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu