Irujok ezin du jokatu

Hautsiriko hatzarekin ezin du pilotarik ukitu, eta, bere ibilbidean lehen aldiz, uko egin dio buruz buruko txapelketari. Altuna III.a, finalerdietara

Juan Martinez de Irujoren eskuak, iragan astean Valentziara joan zenean. Eskuin eskuko hatz luzea hautsia du. ASPEPELOTA.COM.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Juan Martinez de Irujok uko egin dio buruz buruko txapelketari. Eskuin eskuko hatz luzeko hausturek ez diote pilota ukitzen uzten, eta ezinezkoa du astelehenean jokatzea. Iberokoak 2004an egin zuen debuta profesionaletan, eta manomanista jokatzen ez duen aurreneko aldia da. Bere erabakiak Jokin Altuna zuzenean sailkatu du finalerdietarako.

«Lan fisikoaren ondoren eskuak egitera joan naiz pilotalekura. Entrenatzeko asmorik gabe, pixka bat berotzera baino ez, eta hasi eta berehala ikusi dut eskuinarekin ezin nuela pilota ukitu». Hala azaldu zuen atzo Irujok bere erabakia. Mutiloagoitin (Nafarroa) egin zuen probatxoa, eta handik deitu zion enpresari. «Lur jota nago. Denetarik probatu dut jokatzeko. Ilusioa banuen, baina ezinezkoa izan da».

«Denetarik» hori ez da hitz hutsa, makina bat mediku bisitatu eta proba asko egin baititu. Irujoren erlojupekoa apirilaren 9an hasi zen, binakako finalean eskuin eskuko hatz luzea hautsi zuenean. Pilotakada bat jaso, eta hiru haustura egin zituen: bi hatz puntan eta bestea hatz erdiko hezurrean. Azken hori da sendatzen zailena. Bada, bide horrek Valentziara ere eraman du, hango pilotariek erabiltzen dituzten babesak probatzeko. Baina ez, han ere ez du konponbiderik aurkitu.

Erabakiaren beste aldea Jokin Altuna da, finalerdietarako sailkatu baita, eta Joseba Ezkurdia edo Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari. Amezketakoak egun gazi-gozoa izan zuen atzo. «Debutatu nuenean ezin nuen halakorik ere imajinatu: 20 urterekin lau onenen artean. Dena den, nik nahiago nuen Juanen aurka jokatzea; lastima da hala sailkatzea. Juan nire idoloa da».

Irujok buruz burukoan parte hartuko ez duen lehen aldia da. 2004az geroztik beti jokatu izan du partida bat gutxienez. Iberokoa minari eusteko ahal handia du, eta gaizki egon izan denean ere kantxara irten da. Behin baino gehiagotan pasatu izan zaio, gainera, eta arriskatzeak ez dio beti fruitu txarra eman.

Justu antzean jokatu zuen lehen aldia 2007an izan zen: Irujok, 28 egun geldirik egon ostean, Barriolaren aurka jokatu zuen final-laurdenetan. Gaizki sendaturiko saihets aldeko zuntz haustura baten erruz izan zen, eta 22-20 galdu zuen leitzarraren aurka. 2011n ere ez jokatzeko zorian egon zen, ezker eskuko fibrosi haren erruz. Gaitz hark makina bat buruhauste eman zion, baina, hala ere, jokatu zuen. Zazpi aste egin zituen geldirik lehen partidaren aurretik, eta 22-18 galdu zuen Olaizola II.aren aurka.

Azken bi urteetan ere ez du bere onenean jokatu. Aurreko bietan arriskatzeak kalte egin zion, baina 2014an ondo atera zitzaion. Binakako txapelketan ezker eskua mindu zuen, eta eskuinarekin bakarrik jokatu zuen buruz burukoa. Ezkerrez ia ez zuen ukitu pilota, eta, hala ere, txapeldun izan zen. Finalaren ostean ia bi hilabete egin zituen geldirik. Iaz ere komeriak izan zituen. Final-laurdenetan ondo irabazi ondoren, zuntz haustura egin zuen soleo giharrean, eta Olaizolaren aurkako finalerdiaren bezperan erabaki zuen jokatzea.

Bestalde, gaur buruz burukoaren final-laurdenetako partidetarako bi pilota aukeraketa egin dituzte. Goizean, Labriten (11:30), Aimar Olaizola eta Iker Irribarria elkartuko dira. Eguerdian, berriz, Atanon (15:30), Oinatz Bengoetxeak eta Iñaki Artolak egingo dute saskiko galbahea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.