Xabi Prieto. Realeko kapitaina

«Irudipena dut dagoeneko lau puntu bidean utzi ditugula»

Deportivo eta Sportingen aurka berdinduta, aho zapore gaziarekin dago kapitaina, baina baikorra da aurrera begira. Realak inoizko talde garestiena duela eta, «kantitateak kalitatea» dakarrela aitortu du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Beti bezala, umil eta zintzo hartu du Xabi Prietok (Donostia, 1983) BERRIA Zubietan. Bi asteko geldialdia baliatuta, honetaz eta hartaz hitz egin dute kazetariak eta jokalariak, eta zera nabarmendu du kapitainak: izenei erreparatuta «aspaldiko talderik onenetakoa» duela Realak. Hori bai, zelaian erakustea falta dela.

Liga hasiera ez da uste bezain ona izan. Zergatik?

Jokalariok ere zerbait gehiago egitea espero genuen, egia esan. Deportivoren aurka puntu ona lortu genuen Coruñan. Izan ere, azken urteotan gaizki ibili gara etxetik kanpo, eta ontzat jo genuen berdinketa. Nahiz eta irabazi ez izanaren pena barruan izan. Sportingen aurkako partidatik, berriz, burua makurtuta joan ginen etxera. Bigarren zatian neurketaren kontrola galdu genuen eta irabazteko urrun gelditu ginen. Gol aukera garbirik ere ez genuen sortu. Garbi dago hobetzeko asko daukagula.

Azterketa baikorrik ere egin daiteke: ez dizuete golik sartu.

Hori egia da, eta defentsan asko hobetu dugu, baina partidak golak sartuta irabazten dira. Denboraldi-aurrean golak sartu ezinda ibili gara, eta liga ere hala hasi dugu. Dena den, ez naiz askorik kezkatzen, erasoko jokalari on asko dauzkagu eta. Egun hobeak edo txarragoak edukiko dituzte, baina konfiantza handia dugu haiengan. Denborak erakutsiko du. Gure irudipena da bidean lau puntu galdu ditugula jada.

Eta halakoetan luze egiten al da bi asteko geldialdia?

Oso luze. Aho zapore txarra kentzeko gauzarik onena ahalik eta azkarren beste partida bat jokatzea izaten da, eta itxaron beharra ez da batere erosoa. Jadanik Betisen aurka aritzeko irrikan gaude.

Prentsa aretotik igarotzen ari diren jokalari guztiek gauza berbera diote: aspaldiko talde onena daukala Realak.

Uste berekoa naiz. Onena ez dakit, baina onenetakoa bai. Denboraldi biribila osatzeko osagai guztiak ditugu. Ez dago aitzakiarik. Talde zabala daukagu, inoiz baino handiagoa eta izen handikoa, eta lehiakortasunak hobekuntzara bideratuko gaitu. Postu guztietan jokalari onak daude, eta entrenatzaileak izango du azken hitza. Fitxaketek asko emango digutela pentsatzen dut. Orain garaipen bat behar dugu, konfiantza hartu eta bide onari eusteko.

Realak inoizko talde garestiena daukala ba al dakizue?

Horren jakitun gara, bai. Eta kantitateak kalitatea dakar normalean. Hori zelaian erakustea falta zaigu. Askotan alderantziz gertatu izan da, diru gutxi gastatu eta sasoi ona egitea. Guk badakigu zer den hori. Aurten zuzendaritzak erabaki du jokalari berriak ekartzea eta apustu sendo bat egitea, eta ongi ateratzea espero dugu. Horretan saiatuko gara buru-belarri. Halere, futbola ez da matematika.

Lehen hiru fitxaketak Bruma, Reyes eta Jonathas izan ziren. Zer iruditzen zaizkizu?

Jokalari onak dira hirurak. Lehendik Jonathas ezagutzen genuen gehien, Elxen jokatzen zuelako.. Sarritan tokatzen zitzaigun haren aurka sufritzea, eta nahiago dut taldekide eduki aurkari baino. Indartsua da, golegilea eta langilea. Elxen zenbaki apartak lortu zituen. Badaki zer den Espainiako Ligan jokatzea, eta horrek mesede egingo dio. Realak azken urteotan ez du zorte handirik izan aurrelariei dagokienez, baina uste dut Jonathas arazorik gabe egokituko dela, ligan esperientzia duelako. Oraingoz ez du golik sartu, baina ikusten zaio lanerako gaitasuna duela. Zeresana emango du.

Bruma eta Reyes?

Biak bikain moldatzen ari dira gure artean. Reyesen berri Velak eman zigun, Mexikoko selekzioan taldekide direlako. Jokalari ona zela esan zigun hasieratik, eta hala da. Gaztea da, ilusioa dauka eta baloiarekin zein baloi gabe gaitasun onak ditu. Defentsan ez ezik, erasoan ere asko eman diezaguke. Oraingoz bikain ari da Iñigoren ondoan. Bikote aparta osatzen dute. Bruma, berriz, gutxiago ezagutzen genuen, baina garbi dago abiadura biziko jokalaria dela. Golak sartzen ere badaki.

Erabat egokituta al daude?

Zaila da erabat egokitzea hain denbora gutxian, baina bide onean daude. Ni, kapitaina naizen aldetik, ondoan edukiko naute behar dutenerako. Hirurek ere hasieratik jokatu dute orain arteko bi partidetan, eta ez dute askoz denbora gehiago beharko euren onena erakusteko. Reyesek, adibidez, partida bikainak jokatu ditu, eta Jonathasek lehen gola sartzen duenean, errazago jokatuko du hurrengoetan.

Zuzendaritzak diru asko gastatu du fitxaketetan. Harritu al zaitu horrek?

Jokalariok ez dugu gai horren inguruan erabakitzeko eskubiderik, eta zuzendaritzak fitxaketa horiek egitea beharrezkoa ikusi badu, hala izango da. Argi dago asko emango digutela eta dirutza hori balio badute zerbaitegatik balio dutela. Guztiak ere ongi etorriak izan dira, eta denon artean denboraldi ona egitea espero dugu.

Gaia kalean dago: Realak bazter utzi al du harrobiaren aldeko filosofia?

Ez zait iruditzen. Noski, uste dut nahiago dugula etxeko jokalarien kopurua ahalik eta handiena izatea, baina boladak izaten dira. Txapeldunen Ligara sailkatu ginenean, Zubietan hazitakoak ginen jokalari gehienok, baina hurrengo denboraldian gaizki jokatu genuen. Horregatik, taldeak galdu egin zuen oreka hori, batzuek Donostiatik alde egin zutelako. Egia da orain zuzendaritzak fitxaketa asko egin dituela, baina ziur onerako izango direla. Horrek ez du esan nahi harrobiaren aldeko filosofia alde batera utzi dugunik. Batzuk jada ez daude gurekin: Eñaut, Estrada eta Elustondo kasurako. Bada, pena ematen du horrek. Beste batzuk, berriz, utzita joan dira, Hervias eta Gaztañaga, adibidez. Pentsatzen dut oreka mantentzea dela garrantzitsuena. Realak fitxaketak egiten jarraituko du datozen urteetan ere, baina harrobiko jokalariak ere igoko dira lehen taldera. Zubietan lan bikaina egiten da.

Illarramendiren fitxaketak orekari eusten lagunduko du, ezta?

Hala da. Merkatua itxi baino lauzpabost egun lehenagora arte bazirudien kanpokoak izango zirela fitxaketa gehienak. Baina ez. Illarramendi itzuli izanak lagundu egingo du orekari eusten. Horrez gain, Oier Olazabal atezaina ere fitxatu zuten, beste atezain gipuzkoar bat, eta Realak bere izaerari eusteko balioko du horrek. Ilusioa egiten du etxeko jendearekin emaitza onak lortzeak.

Zer moduz ikusten duzu Illarra?

Etxean bezala esan behar nuen. Baina ez. Etxean dago. Kuadrillan gaia ateratzen denean, beti gauza bera komentatzen dugu. Guk ere izan ditugu kuadrillan lagunak bizpahiru urterako kanpora joan behar izan dutenak, lana edo ikasketak direla medio. Bada, Illarramendirena antzeko zerbait da. Bere garaian Real Madrilera joatea erabaki zuen, baina sekula ezin da jakin bideak nora eramango gaituen, eta Donostian dago berriz. Badirudi denbora ez dela igaro, lehenengo egunetik erabat egokituta baitago. Lehendik ere ezagunak zituen gauza guztiak, eta eroso ikusten dut. Gustura eta pozik.

Taldeari asko emango al dio?

Dudarik ez izan. Nahiz eta Real Madrilen nahi adina jokatu ez, aberasgarria izan zaio esperientzia, eta kalitate izugarria emango digu. Realetik atera zenetik, zelai erdian arazo batzuk izan ditugu, eta orain badirudi berarekin konpon daitezkeela. Oso jokalari ona da, patxada handikoa, eta bere onena emango du laster.

Fitxaketek itxaropena piztu dute. Zer eska dakioke Realari?

Egia da taldea aspaldiko onentxoenetakoa dugula eta normala dela langa altu jartzea. Halere, komeni da jokalariok burua hotz mantentzea, eta partidaz partida joatea. Astero aztertu behar dugu ongi edota gaizki zer egiten dugun, eta etengabeko hobekuntza izan behar dugu xede. Normala den bezala, guztiok Europa dugu buruan, eta denboraldi osoan postu horietatik gertu ibiltzen saiatu behar dugu. Halere, bidea da garrantzitsuena, ez helmuga. Nik helburu bakarra jarriko dut: iragan sasoian baino lan hobea egitea eta, ahal bada, Europarako sailkatzea.

Reala Txapeldunen Ligan sartu zenetik gehiago eskatzen al zaizue?

Ez dakit. Futbolean emaitzek agintzen dute, eta denboraldi hartan ez ginen konformatzen Txapeldunen Liga jokatze hutsarekin. Aurrera egin nahi genuen, eta neke hura ligan igarri genuen. Ordutik nahi eta ezin aritu gara, nahiz eta emaitzak horren txarrak ez izan. Garbi dago zaleak zilegi duela Realari asko eskatzea. Daukagun taldea ikusita, eskatu egin behar zaigu. Nik ere gauza bera egingo nuke.

Europa garesti egongo da. Zein talde ikusten dituzu indartsu?

Betikoak. Bartzelona, Real Madril eta Atletico denen gainetik daude eta, ondo bidean, haien artean egongo da liga. Valentziak ere sasoi ikusgarria egin zuen, eta faboritoen artean egongo da. Sevilla ere aipatu beharra dago. Hori bai, horiek guztiek Txapeldunen Liga jokatuko dute, eta nekea igar dezakete. Vila-real, Athletic eta beste hainbat ere hor daude. Horien artean egotea da gure zeregina. Gakoa, dena den, gainerako partida guztiak irabaztea da. Begira, Deportivo eta Sportingi irabazteko gai ez gara izan, eta irudipena da lau puntu galdu ditugula. Sasoi amaieran igarri egiten da hori.

Zer moduz David Moyesekin?

Ondo. Joan den denboraldian abendu aldera iritsi zen, eta haren pentsamoldea barneratzeko ez genuen nahi adina betarik izan. Aurten ezberdina izan da. Denboraldi-aurrean oso ongi prestatu gara, fisikoki batez ere, eta zer eskatzen digun ezin hobeto dakigu jada. Defentsan uste dut aurrerapauso handia eman dugula, eta emaitzak falta zaizkigu orain. Ea ailegatzen diren.

25 jokalari zaudete, eta, oraingoz, zuk hasieratik jokatu duzu. Gustura, ezta?

Pozik nago, bai. Lehia handia daukagu taldean, eta ez da erosoa astebururo zazpi jokalari deialditik at geratu beharra. Nik badakit edozein unetan pasa naitekeela hortik, eta oraingoz gozatzen saiatuko naiz. Sasoi-aurrean arazo batzuk izan arren, erabat sendatuta nago, eta nire onena emateko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.