Snowboard krosean funtsezkoa da ondo irtetea, eta hasieratik leku on bat lortzea. Horrek zamatu zuen atzo Lucas Egibarren jarduna Pekingo Olinpiar Jokoetan. Snowboarder donostiarrak sei jaitsiera egin zituen, eta soilik final-zortzirenetakoan lortu zuen ondo irtetea. Finalerdietarako zorte apur bat izanda sailkatu zen, eta dominetarako borrokan egotea erabaki zuen jaitsieran, oso urruti ibili zen onenengandik. Hala, berriro ere diploma olinpikoarekin konformatu behar izan zuen, 2014koSotxiko Olinpiar Jokoetan bezala. Orduko postu bera lortu zuen atzo: zazpigarrena.
Amaieran «sentimendu ugari» zituen pilatuak Egibarrek, eta balio handia eman zion lortutakoari. Izan ere, iaz munduko txapeldun izan arren, Jokoetara iristeko bidea ez da erraza izan. Batetik, urte osoa bizkarreko minez ibili da, eta hainbat aldiz ziztatu behar izan dute lehiatu ahal izateko. Bestetik, haren entrenatzaileak, Mario Fuchs suitzarrak, etxean geratu behar izan du koronabirus proban positibo eman ostean. Gainera, ibilbidea ere ez zen egokiena harentzat, Egibar goofy motako snowboarderra baita. Hau da, eskuin oina darama taularen aurrealdean. Horrek ez zion mesede egiten, batez ere ibilbideko bihurgune erabakigarrienean: bosgarrenean.
Batez ere bizkarreko minari erreparatu zion. «Uste nuen ezingo nintzela iritsi Jokoetara, eta domina lortzeko borrokatik gertu egotea izugarria da. Gogorra izan da urte hau, eta egindako ahaleginak merezi izan duela sentitzen dut. Hiru gauza ditut orain buruan: etxera itzultzea, bizkarra zaintzea eta senideak eta lagunak ikustea».
Bere jardunaren inguruan ondorengo azterketa egin zuen. «Lehen bi jaitsierak egin eta gero, banekien kanporaketak gogorrak izango zirela. Denetik izan da: hutsegiteak eta zortea. Irteera oso teknikoa zen, eta alboetatik lehiatzea egokitu zaidanean, ez naiz fin aritu».
Kanporaketen aurretik egindako lehen bi jaitsierak, ondoren gertatuko zenaren isla izan ziren. Lehen jaitsieran, nahiz eta txukun samar hasi, bigarren zatian trabatu egin zen, eta bosgarren bihurgunea ondo gainditu zuen arren, ezzuen denbora ona egin. Hamazazpigarren amaitu zuen, etasoilik lehen hamaseiak sailkatzen zirenez kanporaketetarako, beste jaitsiera bat egin behar izan zuen. Bigarrenean ere ez zen fin aritu. 21. postuan amaitu zituen atariko lanak, eta hain atzean amaitzeak gauzak zaildu zizkion donostiarrari. Kanporaketetan oso aurkari gogorrak egokitu zitzaizkion. Final-zortzirenetan Martin Noerl eta Paul Berg alemaniarren eta Jarryd Hughes australiarraren kontra lehiatu behar izan zuen. Noerl Munduko Kopako liderra da, eta Hughesek zilarrezko domina lortu zuen Pyeonchangen 2018an.
Ez zuen lantegi erraza. Baina halakoetan hazi egiten da Egibar. Horrek ahalbidetu dio iritsi den lekura iristea, eta oraingoan ere hala gertatu zen. Atzoko jaitsierarik onena egin zuen final-zortzirenetan. Irteeran abiadura ona lortu zuen, ondo kokatu zen. Inteligentziaz jokatu, eta bigarren postua lortu zuen, Noerlen atzetik.
Hiru jaitsieretara zuen domina. Baina final-laurdenetan ez zuen nahi bezalako abiadura lortu irteeran, hutsegite txiki bat egin zuen, eta kontrakarrean aritu zen. Berriro ere aurkari gogorrak zituen alboetan. Norel, Alessandro Hammerle austriarra eta Mick Dierdorff estatubatuarra ez zeuden ezer oparitzeko prest. Bazirudien Egibar finalerdietatik kanpo geratuko zela. Baina snowboardak badu berezitasun bat: akats edo ukitu txikienak kanpoan utz dezake bat. Kasu honetan Egibarrek zortea alde izan zuen. Izan ere, jaitsierako azken txanpan sartzear zirela, Noerlek eta Dierdorffek elkar jo, eta erori egin ziren. Hala, bigarren iritsi zen helmugara donostiarra. Dominak gertuago zeuden.
Finalerdietan, ezin
Dominaren bat lortzeko borrokatzeko, ordea, beste harri bat zuen bidean: finalerdietako jaitsiera. Beste behin ez zen ondo atera. Egibarrek ohikoa izaten du atzetik aurrera egitea. Baina oraingoan ezinezkoa izan zen. Hammerlek eta Eliot Grondine italiarrak bizi egin zuten aurrera, eta aldea handituz joan ziren. Merlin Surget frantziarra eta Egibar aukerarik gabe geratu ziren.
Domina eskuratzeko aukeratik kanpo geratuta, helburu bakarra geratzen zitzaion Egibarri: Sotxiko zazpigarren postua hobetzea. Baina hori ere ezinezkoa izan zen. Final-laurdenetan alde izan zuen zortea, baina oraingoan ez. Haren aurretik zihoan Tommaso Leoini italiarrak erorikoa izan zuen, eta donostiarrak ezin izan zion izkin egin. Azkenean, zazpigarren.
Gaur izango da Imanol Rojo eta Manex Salsamendiren txanda. 15 kilometroko eski klasikoan lehiatuko dira. 08:00etan abiatuko da proba.
Irteera txarrek zamatuta
Lucas Egibarrek diploma olinpikoa lortu du, snowboard kroseko proban zazpigarren izanda. Finalerdietan urrun egon da onenetatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu