Hiru jardunaldi igarota, partidarik galdu ez duten sei talde baditu Espainiako Ligak. Horietako bat da Alaves. Lehen Mailara igo berria izan eta taldea goitik behera eraberritua edukiagatik, mailari neurria ederki hartuta ari dira gasteiztarrak, Mauricio Pellegrino buru. Marka da gero, baina dagoeneko hemeretzi jokalari erabili ditu entrenatzaileak. Hark aitortu moduan, probak egiteko garaia du, baina jada konfiantza erakutsi du jokalari batzuengan. Besteak beste, Pachecok, Alexisek eta Dani Torresek minutu guztiak jokatu dituzte: 270 guztira. Eta horiekin batera, beste hiru ere hasierako hamaikako guztietan izan dira: Kiko Femenia, Edgar eta Ibai Gomez.
Bada, Ibai Gomez bera (Bilbo, 1989) sasoirik onenean da berriro ere. Dudarik ez. Arrunt urte gogorra bizi behar izan zuen joan den denboraldian Athleticekin. Lesioak bata bestearen atzetik izan zituen, eta, jokatzeko prest zegoenean ere, Ernesto Valverdek ez zion ia aukerarik eman. Horregatik, eta nahiz eta klub zuri-gorriarekin beste sasoi baterako lan hitzarmena izan, Alaveserako bidea hartu zuen. Gauzak ezin hobeto hasi ditu Gasteizen. Joan den larunbatean hura izan zen protagonista Camp Nou futbol zelaian, Bartzelona garaitzeko gola sartu baitzuen, 1-2koa. Ondoren adierazi zuen bezala, pozez gainezka zegoen: «Sufrimendu handia jasan ostean, gozatzen ari naiz».
Ibai Gomezek hasieratik erakutsi zuen dohain nabarmenak zituela Lehen Mailan jokatzeko. 2010ean egin zuen debuta zuri-gorriekin, Zaragozaren aurka, baina hiru minutuz ere ez zen egon zelaian. Belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Osatu zen lesio hartatik, eta pixkanaka tokia hartuz joan zen taldean. Esaterako, Marcelo Bielsarekin distiratsu aritu zen 2012-2013ko sasoian. 46 neurketa jokatu zituen, eta lau gol sartu. Argentinarraren jokalaririk gustukoenetakoa zen bilbotarra. Valverderen etorrerarekin ere dezente jokatu zuen, baina, denbora igaro ahala, aukerak gutxituz joan zitzaizkion.
Joan den sasoian sufritu zuen gehien. Kalbario huts bilakatu zitzaion denboraldia. Urriaren 26an min hartu zuen ezker hankako belaunburuan, eta ia lau hilabetez zelaietatik at egon zen. Hori aski ez, eta itzuli zenean ezker hankako izterrean izan zituen arazoak. Min guztiak atzean utzita, azken hilabetean jokatzeko prest agertu zen berriro ere, baina beranduegi zen Valverderentzat. Ordurako konfiantza galdua zuen jokalariarengan. Hala, hasi eta buka, triste igaro zuen urtea Ibai Gomezek. Bederatzi partida soilik jokatu zituen, hiru hasieratik. Ikusten zen bide motza zeukala Athleticen.
Ondorioz, Alavesek fitxatu zuen udako merkatuan. Bilbon, 145 partida jokatu, eta hamazazpi gol sartu zituen. Gainera, lehiaketa handietan esperientzia irabazi zuen. Lesioen erruz, zalantza bazen jokalariak nola erantzungo ote zuen, baina ezin hobeki ekin dio ligari. Bere egin du erasoko ezker hegala. Atletico Madrilen aurka lehenbizi, Sportingen kontra gero, eta Bartzelona kontrario zutela azkenik, erakutsi du konfiantzaz gainezka dagoela. Areaz kanpotik jaurtiketa bortitza du, eta geldikako jokaldietan ere arriskua sortu ohi du. Bistakoa da golak sartzeko erraztasuna duela.
Oso gol garrantzitsua
Camp Noun sartu zuen estreinako gola Alaveseko elastikoarekin. Lehendik ere bazekien zer zen hori egitea, Athleticekin lortua baitzuen. Halere, 5-1 galdu zuten zuri-gorriek. Real Madrili ere bi gol sartutakoa da Ibai Gomez, baina ez diote inoiz balio izan irabazteko. Joan den larunbatekoak bai. Ez luke seinale txarra bide berari eustea.
Irribarrea berreskuratu du
Lesioen erruz, iragan sasoian kalbario ugari pasatu zuen Ibai Gomezek Athleticen. Halere, konfiantza berreskuratu, eta liga hasierari bikain ekin dio Alavesekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu