Richard Oriberi ez jarri ondoan etsipena hitza. Ezinezkoa da bi punta horiek lotzea. Ohiko haurdunaldiaren ondoren, jaio orduko semeak bizirik irauteko lanak izango zituela esan zieten medikuek Gonzalo Oribe eta Rosa Lumbrerasi, Richard Oriberen gurasoei. Garuneko paralisia. Begetal geratzeko arriskua. Baina 24 urteko kirol ibilbide oparoaren ondoren hartu berri du erretiroa donostiarrak, 42 urterekin, Portugalen, Funchalen jokatu berri den Europako Txapelketan. Paralinpiar Jokoak, Munduko Txapelketak eta Europako Txapelketak kontuan hartuta, 66 domina —urrezkoak 42— eta milaka bizipen pilatu ditu gipuzkoarrak. Paralinpiar igerilarien artean historiako onenetakoa da gipuzkoarra.
Desiratutako amaiera irudikatuta, Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoak zeuzkan begiz jota, zazpigarren jokoak, baina ezker sorbaldak eta aurkariek bidaiarik gabe utzi dute. «Saiatzea erabaki zuen denboraldi hasieran, eta tarteko erronka txikiagoak jarri ditugu bide luze horretan», azaldu du Javier de Aymerich entrenatzaileak. Baina emaitzak ez dira izan nahi bezain onak. «Adinak ere ez du barkatzen dagoeneko, eta oinazeekin dabil azkenaldian». Donostiarra seigarren izan zen joan den larunbatean 50 metroko finalean. Azken pausoa falta izan zaio loriazko bidaiari. Bartzelonan egin zuen debuta Jokoetan, 1992an, eta atzetik iritsi ziren Atlanta (1996), Sydney (2000), Atenas (2004), Pekin (2008) eta Londres (2012).
Portugalgo bidegurutzean okerreko bidea hartu arren, ordea, dominek eta bidaiek ematen ez dutena lortu du Oribek. Aurretik ezer prestatu gabe bazegoen ere, Europako Txapelketako 50 metroko finala amaitu, igerilekutik atera, eta txalo zaparrada handia eskaini zioten zaleek. «Azkenekoz uretan sartu bezperan jakinarazi genien Richarden azken proba izango zela, eta bozgorailuetatik jakinarazi zuten albistea. Zoragarria izan zen. Harmailetan zale guztiak zutik, txaloka, besarkadaka...». Irribarrea ahoan eta poza barrenean, inguruaren maitasunarekin eta miresmenarekin hartu du erretiroa donostiarrak. «Ederra izan da agurra, eta zoratzen dago Richard». Egutegi estu-estuan, Albaceten (Espainia) izan zen atzo, Gurutze Gorriak Espainiako Paralinpiar Batzordeari emandako saria jasotzen.
Gazteenekin lanean
Medikuen diagnosia okerra zela erakusteko bide zailean, gurasoek eta Oribek berak gogotik lan egin zuten lehen egunetik bertatik. Terapia gisa hasi zen igeri, 4 urte eskasekin, uretatik kanpo baino uretan orekari hobeto eusten ziola ohartuta. Futbola, bizikleta edo pisu jaurtiketa nahiago zituen kirolen artean, gurasoek sarri aitortutakoa da hori, baina terapia lanak bideratu zion etorkizuna. Izar bihurtu da igerilekuan, eta izarrei begira egoten da bi astetik behin Anoeta estadioan —Realeko zale sutsua da—, eta Illunben, Retabet.es Gipuzkoa Basketen partidetan. «Aurrerantzean denbora gehiago izango du bere zaletasunekin gozatzeko».
Jaiotzetik gorra da donostiarra, baina egunerokoa asko samurtu dio orain hamar urte jarri zioten koklea inplanteak. Gailuak berak eta eguneroko lan gogorrak komunikazio gaitasuna hobetzen lagundu zion, eta nabarmena da azken urteotan hizketan izan duen hobekuntza. Umeekin lanean aritzen da igerilekuan, De Aymerichekin batera entrenamendu saioetan, berak pixkanaka barneratutako jakintzak ondorengoei transmititzeko lan ederrean. «Aurrerantzean ardura handiagoa hartuko du gaztetxoekin, izugarri daukalako eskaintzeko igeriketari».
Maiatz amaieran, esaterako, bere izena duen sarian uretan izango da berriz ere. Eliteko lehiaketak alboratu arren, igeriketak bizi duelako donostiarra. Urak eman dio bizia, hasieran hain kutuna ez zuen inguruak, eta uretan murgilduta jarraituko du aurrerantzean ere. Inguratzen zaion guztiari irribarre txiki bat eskainiz beti. Bizitzak eman dion aukerari keinu txiki bat eginez beti. «Euskadiko Txapelketa, Espainiakoa... Joango gara oraindik ere, baina gozatzea eta pozik bizitzea izango da helburua». Egindako guztiaren ordainetan, ez du faltako omenaldirik eta esker on hitzik. «Eta horrek indarra emango dio, urteotan egin duena garrantzitsua dela ikusiko duelako».
Richard Oribe
Irribarre txiki batekin beti
24 urteko kirol ibilbide oparoaren ondoren, Rioko jokoen atarian goi mailako jardunetik erretiroa hartzea erabaki du Richard Oribe Donostiako igerilari paralinpiarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu