Irria kendu ezinik dabil

Vueltako talderik onena dauka Froomek, eta egunez egun ari da erakusten txirrindularirik indartsuena dela. Chaves dabil hurbilen mendiko etapetan. Erlojupekoa bere alde du Skykoak

Irria kendu ezinik dabil.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Chris Froome (Sky) ari da izaten 2017ko Espainiako Vueltako txirrindularirik indartsuena. Orain arteko etapetan, nola Froomek hala bere taldeak horixe erakutsi dute. Aldapa iristen denean, Skyko elastiko beltzak nagusi dira tropelaren aurrealdean; taldea asko murrizten denean, berriz, Froomerena da zaindu beharreko gurpila. Skyren helburua Froomerekin Vuelta eskuratzea da, eta, bide batez, azken urteotan inork lortu ez duena betetzea: sasoi berean bi itzuli handitan gailentzea.

Txirrindularitzaz gozatzen ari da Froome, eta aurpegian nabari zaio. Tourrean ezin izan zuen egun batez ere aurkariak atzean utzi eta bakarrik helmugaratu. Vueltan, berriz, lortua du garaipena. Igandeko etapan egin zuen, Cumbres del Solen. Azken kilometroan egindako eraso gogorrari esker kendu zuen 2015ean Tom Dumoulinen aurka mendate berean galdutako etaparen arantza.

Aurkariak ere ez dira ari onenean. Esteban Chaves (Orica) dauka hurbilen sailkapen nagusian, 36 segundora. Nicolas Roche (BMC) ondoren, 1.05era. Oraindik aldeak ez dira hain handiak, baina gutxinaka-gutxinaka ari da tartea zabaltzen. Gainera, etapa erabakigarriena erlojupekoa izango dela kontuan hartu behar da, eta printzipioz Froome bera da indartsuena nagusia lehiatzen ari direnen artean. Pozik dago daukan aldearekin: «Sekulakoa da itzuliaren lehen blokearen bukaerara elastiko gorriarekin eta denbora tarte honekin iristea».

Froomeren ondoan zeresan handien ematen ari dena Alberto Contador (Trek) da. Andorrako etapan denbora galdu eta sailkapen nagusiko lehiatik kanpo dagoen arren, sasoiko dago. Oso erasokor aritu da azken etapetan, eta duela zenbait urte Tourraren lehian aritu ziren bi txirrindulariak azken aldiz aurrez aurre ikusteko aukera izaten ari da aurtengo Vuelta.

Irabaziz gero, bosgarren itzuli handia luke Froomek, eta lehenengo Espainiako Vuelta —hiru aldiz izan da bigarren: 2011n, 2014an eta 2015ean—. Contador, 2008an Giroa eta Vuelta irabazi zituenetik, lehen txirrindularia litzateke denboraldi berean bi itzuli handitan nagusitzen. Historian bederatzik lortu dute, horietatik bik Tourra eta Vueltaren garaipena kateatzea. Historiako hirugarrena izan nahi du Froomek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.