Xavier Cazaubon. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidentea

«Iritsiko da unea denak mahai baten inguruan eseri beharko direna»

Pilotako Euskadiko Federazioak nazioartekoaren kide izan nahi du, eta selekzio ofiziala izan. Hori bozkatzeko aukera izan zuten nazioartekoaren kide direnek iragan asteburuan, baina puntu hori erretiratu egin zuten. Auzia, baina, ez da ahaztu.

PATXI BELTZAIZ / IPARLA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren batzorde exekutiboak erretiratu egin zuen Euskadiko Federazioaren onarpenaren inguruko puntua. Horren ostean, Xavier Cazaubon (Miarritze, Lapurdi, 1963) erakundeko presidenteak kargutik kendu ditu batzordea osatzen zuten kide ugari. Nazioarteko federazioa «ez zatitzea» da presidenteak daukan helburuetako bat, eta gatazkak «hitz eginda» konpontzen direla azpimarratu du.

Ikusi gehiago:Ginen, gara, eta izaten jarraituko dugu

Zergatik erabaki duzu batzorde exekutiboko kideak beren karguetatik kentzea?

Nazioarteko federazioak duen agendarekin jarraitzeko asmoarekin egin dut. Gure agenda oso argi dago: 2026an Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketa, 2023an Txilen jokatuko dira Panamerikar Jokoak, eta Txinan, Afrikan edo Ekialde Hurbilean pilota garatzeko ditugun asmoak. Giza kapital berri bat txertatu nahi genuen. Horregatik erabaki da erabakitzeko organoak berreraikitzea, 2022tik 2026ra bitartean dugun planean oinarrituta.

Zer neurritan eragin du larunbatean gertatutakoak erabaki hori hartzeko?

Larunbatean gertatu zena adostutako erabakia izan zen. Hedabideren batean irakurri dut batzarra ez zela egin. Hori gezurra da. Batzarra egin zen. Erabaki hori alderdien arteko akordio baten ondoren hartu zen. Parte hartzaileen %100ek onartu zuen, gainera. Inoiz izan dugun batzarrik azkarrenetakoa izango da.

Zein da beste hiru kideak mantentzeko arrazoia?

Oso erraza. Jesus Mena idazkari nagusia Mexiko Hirian dago, ni bezala. Beraz, erabaki bat hartu behar denean hiri berean egoteak gauzak errazten ditu. Bestalde, gure egoitza Iruñean dago, eta Javier Conde bertan edukitzeak edozein tramite egitea arindu dezake. Horri lotuta, Frantziako Federazioko presidentea Iruñetik 50 minutura bizi da. Horrek, biak elkartu ahal izatea errazten du.

Aipatu duzu batzordeko hurrengo kideak izendatzeko gogoeta prozesu bat beharko duzula. Zeren baitan izendatuko dituzu kide berriak?

2022tik 2026ra nazioarteko federazioan dugun planaren arabera. Giza kapitala erabakigarria izango da, eta nazioarteko federazioan pertsona berriak sartzea ia behar bat zen. Planarekin konprometitutako jendea sartuko dugu. Abuztuaren 12tik aurrera Argentinan izango naiz, eta bertatik egingo dugu kide berrien izendapena.

Mexikoko ezohiko batzarra zuk proposatu zenuen, Euskadiko Federazioaren eskaeraren ostean. Zergatik?

Kronologia ikusi behar da. Martxoaren 12an, [Espainiako]kirolaren lege berrian oinarrituta, Euskadiko Federazioko presidenteak sinatutako gutun bat jaso genuen, nazioarteko federazioan sartzeko eskatuz. Martxoaren 14an, [Espainiako]Kiroletako Estatu idazkariaren gutunaren kopia bat jaso genuen, eskari horri bide ematen diona. Eskaera legearen esparru berriaren barruan sartzen zela adierazi zigun. Hori dela eta, apirilaren 10ean zuzendaritza batzorde batera deitu nuen, zuzendaritza batzorde batek bakarrik eraman dezakeelako horrelako eskaera bat batzar orokor batera. Zuzendaritza Batzordeak ezohiko batzar orokorra egitea onartu zuen, eta gure estatutuek adierazten duten bezala, eskaera egin eta 90 egunera egin zen batzarra. Helburu bakarra Euskadiko Federazioko presidentearen eskutitzari erantzutea zen. Hortaz, zuzendaritza batzordearen erabakia izan zen.

Zer gertatu zen larunbateko batzarrean?

Egun osoan ez zen ezer gertatu. Baina Mexikoko olinpiar batzordearen egoitzara iritsi ginenerako bagenekien zer gertatuko zen. Gauza jakina zen bezperatik. Finean, federazioetako presidente guztiak hirian izateak lanak errazten ditu, eta iritziak trukatzeko aukera izan zuten denek.

Bozketarik egin ez zen arren, Euskadiko Federazioak ez du albiste txartzat hartu. Hala uste duzu?

Nazioarteko federazioaren barruan bi ildo argi daude. Larunbatean nahi izan genuen bakarra ezer ez puskatzea zen. Pitzadura handitzen bada, aukera guztiak mahai barruan egongo dira. Erakundeek pertsonen gainetik egon behar dute. Kasu horretan, akordio bat lortu genuen, eguneko puntu hura kentzeko eta, horrela, zatiketa saihesteko.

Zer rol jokatu dute Espainiako Federazioak eta Garcia Angulok prozesu honetan?

Mexikon bada esaldi ezagun bat, «ikusten dena ez da galdetzen» dioena. Zuk ere ederki dakizu galdera honen erantzuna. Espainiako Federazioaren eginkizuna negatibotasunean egotea da, eta oso ondo ulertzen dut. Baina ez nator bat Garcia Angulok horretarako erabili dituen moduekin, eta hori bien artean eztabaidatu dugu.

Nolakoa izan zen Garcia Angulo kargutik kentzeko prozesua?

Nik egunero jasan ditut erasoak eta irainak harengandik. Zuzendaritza batzorde baten erabakiarekin ados ez bazaude, bi aukera daude: isildu edo dimititu. Ez zen hala gertatu. Hala ere, azken erabakia beranduago hartu nuen; idazkari nagusi gisa sinatutako gutun bat bidali zuela ikusi nuenean. Nazioarteko federazioari kritika egiten zion bertan. Argitu beharreko anbibalentzia bat zegoen, eta hori egin nuen.

Epe motzera begira, uste duzu joan den asteburuan egin ez zen bozketa egin ahal izango dela?

Ez dakit. Kirolaren legea ez da indargabetu. Nazioarteko federazioak aho batez hartu zuen erabakia larunbatean, baina kirolaren legeak indarrean jarraitzen du.

Zer aukera ikusten dizkiozu Euskadiko Federazioari nazioarteko federazioan egoteko?

Nazioarteko federazioan afiliatutako federazioen borondatearen araberakoa izango da. Esan liteke gaur egun gehiengo txiki bat zegoela alde. Batzarrean bakoitzak bere kalkuluak zituen. Baina iritsiko da unea denak mahai baten inguruan eseri behar izango direna. Ez dut ezagutzen hitz eginez konpondu ez den gatazkarik.

Euskadiko Federazioak dio ekonomian eta kirolean ona izango litzatekeela pilotako nazioarteko federazioan sartzea.

Euskadiko Federazioaren jarrera da. Eta entzun eta errespetatu egiten dut, Espainiako Federazioaren jarrerarekin egiten dudan bezala. Baina argi esango dut. Argentinan Munduko Txapelketa egingo dugu, 1952az geroztik lehen aldiz. Lan hori ez da ez Euskadiko Federazioarena, ez Espainiakoarena. Txinan frontoiak eraikitzen ari gara, Afrikan frontball-a lantzen ari gara... lan hori ez da haiena. Nazioarteko federazioarena da. Egungo egoera muturrera polarizatzea ez da ona, eta uste dut norbaitek muturreraino polarizatu zuela. Soka tenkatzea oso arriskutsua izan daiteke, soka hori edonoiz apurtu daitekeelako. Kontua ez da nor den onena edo handiena. Ezta iraintzea, mehatxatzea edo presio egitea ere. Horrek ez du etorkizunik.

Nolako harremana duzu Euskadiko Federazioarekin?

Ona. Gotzon Enbilekin hitz egin dut egoeraren berri emateko. Baina Espainiako Federazioko kideekin ere hitz egin dut prozesu osoan zehar. Hori bai: Aitortzen dut apirilaren 10etik uztailaren 28ra ez dudala Espainiako federazioko presidentearekin hitz egin. Baina bai bertako kide batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.