Iritsi da Muriasen garaia

Itzulian, Donostiako Klasikoan eta Espainiako Vueltan parte hartzea ziurtatua du 2018rako. Hamasei txirrindulari eta 1,5 milioi euro behar ditu

Basque Country-Murias taldeko txirrindulariak, taldearen aurkezpen ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Basque Country-Murias taldeak «jauzia» eman du; hala deskribatu du Jon Odriozola taldeko zuzendariak 2018an kontinental profesional maila lehiatzeko apustua. Taldearen laugarren urtean, UCIren bigarren mailan lehiatuko da 2018an, eta Euskal Herriko Itzulian, Donostiako Klasikoan eta Espainiako Vueltan parte hartuko duela ziurtatua du. Oraingoz Murias eraikuntza enpresak jarri du babes guztia, baina hurrengo hilabeteetan babesle gehiago bilatuko dituzte aldundietan, futbol taldeetan, beste euskal enpresa batzuetan eta zaleen artean egingo duten kanpainan.

Kontinental profesional taldea proiektuaren goiko muturra izatea nahi du Basque Country-Muriasek. Lehen pauso bat da, aurrerago emakumezkoen taldea eta harrobi azpiegitura izatea espero duen egitasmo batentzat. «Beharrezkoa da Euskal Herriko klubetan trebatzen ari diren gazteek nondik jo badaukatela ikus dezaten», nabarmendu zuen Odriozolak atzo, estatus berria azaltzeko eginiko agerraldian. Izan ere, kontinental profesional mailan lehiatu arren, taldearen filosofia ez da aldatuko. «Tren honetan, jende gehiagorentzat tokia dago. Muriasek ezingo dio urte askoan eutsi bakarrik, eta gerturatzen diren enpresek ikusiko dute hau euskal selekzio bat dela», gehitu zuen Javier Lasagabaster Murias eraikuntza enpresako ordezkariak.

Murias izan da maila aldaketaren gakoa, ahalegin ekonomiko handiagoa egin baitu, eta taldeko buruak hilaren 31n bilduko dira UCIrekin. Jauzia ahalegin ekonomiko «oso handia» da: besteak beste, hamasei txirrindulari behar dira gutxienez 35.000 euroko soldata gordinarekin, 300.000 euroko bermea jarri behar du UCIn... milioi eta erdi euro behar dira gutxienez lehiatzeko.

Odriozolak, horregatik, uste du beste eragileen txanda iritsi dela. «Pausoa eman dugu, ausartak izan gara, eta orain guri azalpenak eskatzeko garaia iritsi zaigu. Orain arte desagertuta genbiltzan, baina, orain, ez dago aitzakiarik. Tourreko ateak ez daude hain urrun; hau da garaia». Babes ekonomiko eskaera garbia da, baina Lasagabasterrek esan zuenez, erakundeen parte hartzeak ez du egitasmoaren etorkizuna baldintzatzen. Beste enpresei dagokienez, aurretik txirrindularitza mundukoekin gogoratu ziren. Orbea etxeak, esaterako, egun laguntza mekanikoa ematen die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.