Inhar Urruzuno. Harri-jasotzailea

«Irigoien ni baino hobea da, baina txapelduna neu naiz, eta zerbaitegatik da»

Larunbatean jokatu zen Euskadiko Harri Txikien Txapelketako finala, eta Inhar Urruzuno gailendu zen, azken jasoaldian. Urte osoan entrenatzen aritu ondoren, irabazteak pozez bete du ondarroarra.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Gipuzkoan omen dago harrien inguruko zaletasunik handiena, baina Euskadiko Harri Txikien txapelduna ez da bertakoa, bizkaitarra baizik. Inhar Urruzunok (Ondarroa, Bizkaia, 1987) bigarren aldiz irabazi du txapela—2014an irabazi zuen lehen aldiz—, eta egungo Bizkaiko txapelduna ere bada —2014an eta 2015ean irabazi zuen—. Asteburuan izan zituen sentipenei eta etorkizunari buruz hizketan aritu da txapelduna BERRIArekin.

Zer sentitu zenuen irabazi zenuela jakitean?

Poz handia, dudarik gabe. Urte osoan entrenatzen ibili eta gero txapela irabazita, eta, gainera, Aimar Irigoien ere lehiatzen egonik, bada, oraindik eta gehiago. Izugarrizko poza sentitu nuen.

2014an irabazi baitzenuen, baina orduan Aimar Irigoienek ez zuen parte hartu.

Apustu bat jokatuta zegoen, eta ez Hodeik [Izeta IV.a], ez Aimarrek [Irigoien] ez zuten parte hartu. Orduan irabazi nuenean bera falta zen, eta, nahiz eta Euskadiko txapela beti den garrantzitsua, ez da gauza bera, noski.

Beraz, nola ikusi zenuen zeure burua proban? Irabaztea ezustekoa izan zen zuretzat?

Badakit Irigoien ez dagoela bere onenean, baina banekien bera azken sei urteotan zenbat jasoalditan zebilen. Iaz nahiko hurbildu nintzaion, eta baneukan erreferentzia hori. Aurten, etxean entrenamenduak eginez, eta hobetuz joan ahala, ikusi nuen zenbaki horietara iristen ari nintzela. Amaierarako indar pixka bat gorde nuen, eta azken txandan dena emanda lortu nuen txapela.

Azken jasoaldiarekin irabazi zenuen, gainera.

Irigoien bi jasoaldiren abantailarekin joan zen azken probaraino, baina nik uste dut azken txandara bera baino freskoago heldu nintzela. Hor egon zen gakoa.

Hainbeste kilo altxatu ondoren, galanta da jasoaldi batengatik irabaztea.

Bai, banekien irabazteko 27 jasoaldi behar nituela bolan, eta banekien horretarako gai nintzela ere, nahiz eta aritu arte ezin den jakin. Bola da nire harria, gehien gustatzen zaidana. Baina bai, ikaragarria da azkenean jasoaldi batengatik gailentzea. Latza da horrelako emoziozko txapelketa bat jasoaldi bakarrarengatik erabakitzea. Zalantzarik ez izan: 27.a altxatu nuen momentua izugarria izan zen niretzat.

Eta onenaren gainetik geratu ondoren, orain zer?

Plaza, ordua eta tokia denontzat berdina zen. Aimar Irigoien ni baino harri-jasotzaile hobea da oro har, zalantzarik ez daukat, haren markak ikusi besterik ez baitago, baina aurten txapeldun neu geratu naiz, eta zerbaitegatik da; hobea izan naizelako. Bide batez, txapela nire bi aitonei eskaini nahi diet, azken sei hilabeteetan biak galdu baititut.

Zein entrenamendu egin duzu azken urteotan beste aurrerapauso bat emateko?

Ni ez naiz ume-umetatik harriak jasotzen hasi diren horietakoa; berandu hasi nintzen, hamazazpi urterekin. Serio 24 urterekin hartu nuen, Jose Maria Gisasola Zelai-rekin entrenatzen hasi nintzenean, 2014an. Eta kirol honetan ez dago sekreturik: neguak gogor entrenatzen pasatu, eta segi eta segi. Gainera, joan den azaroan lesio gogor bat izan nuen, gerrian, eta harririk ezin jaso ibili nintzen. Horregatik, negu osoan gerrialdea gogortzen aritu naiz. Horrez gain, kirolari orok bezala, geure burua zaindu behar dugu guk ere. Nik normal jaten dut, baina gehiegikeriarik egin gabe.

Ikusi al duzu herri kirolak profesionalizatu direnik?

Azken hogei urteotan aurrerakuntza handirik ez da egon, nire ustez. Prestatzaile fisiko batengana joanez gero, beste kiroletako profilak ezagutzen dituzte, baina gure kasuan ez dakite nondik hasi ere. Ni prestatzaile fisiko batengana banoa txapelketa baterako prestatu nahi dudalako, hark ez daki zer esan. Gure kiroleko profila ez dago hain aztertua. Begira Aimarren adibideari: ni baino 20 kilo astunagoa da, eta ikusi harri txikietan zein lan egiten duen halere.

Orduan, nola jarraitzen duzu ikasten?

Nik, azkenean, zortea daukat, Zelairekin nagoelako, eta hura harri txikietan historiako onena da niretzat. Haren esperientziak, haren aholkuek eta haren laguntzak ikasten laguntzen didate. Horregatik atera dut txapel hau ere, besteak beste. Hark esandako entrenamenduak egin, ahalik eta hobekien bete, eta aurrera segi, ez dago besterik.

Eta harriak jasotzetik bizitzerik ba al dago?

Ez, zaletasun handia behar da honetan aritzeko. Gipuzkoan badago zaletasuna, Bizkaian ez hainbeste, eta ea garaipen honek gaztetxoak animatzeko balio duen.

Hemendik aurrera, zer?

Nik berdin-berdin segituko dut entrenatzen, zer ikasi eta zer hobetu asko baitaukat oraindik. Txapela hor dago, baina nik hankak lurrean dauzkat, eta aste honetan Bizkaiko Txapelketa prestatzen hasiko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.