Futbola

Irene Paredesen Bartzelona, Txapeldunen Ligako garaile

Kataluniarrek 0-2ko desabantaila irauli dute bigarren zatian, eta 3-2 nagusitu dira. Legazpiarra Txapeldunen Liga irabazi duen bigarren euskal emakumezko futbolaria da, Damaris Egurrolaren atzetik.

jarraia228918.jpg
ainara arratibel gascon
2023ko ekainaren 3a
18:55
Entzun

Futbolak hainbeste zale izateko arrazoietako bat ustekabeak ematen dituela da. Kasu honetan ez da ustekabea Bartzelonak Txapeldunen Liga irabaztea, Europako talde indartsuenetako bat baita, eta izarrez betetako multzo du. Baina bai, egin duen modua. Izan ere, atsedenaldian, Wolfsburg 0-2 zegoen aurretik. Bartzelonako zaleei burura etorriko zitzaizkien iazko Lyonen aurkako finaleko mamuak. Gidoia antzekoa zen. Baina bigarren 45 minutuetan goitik behera aldatu da dena. Patri Gijarroren bi gol izan dira neurketaren norabidea hankaz gora jarri dutenak, eta Rolforenak blaugranei titulua eman die. Txapeldunen artean da Irene Paredes. Legazpiarra Txapeldunen Liga irabazi duen bigarren euskal emakumezko futbolaria da, Damaris Egurrolaren atzetik. Bartzelonak bigarren aldiz irabazi du titulua. 2021ean lortu zuen estreinakoz, Chelseari 4-0 irabazi eta gero.

Finalaren atarikoa txarra izan da Bartzelonarentzat. Izan ere, haren aurrelariak, Oshoalak, min hartu du, eta ezin izan du finala jokatu. Normalena Oshoalaren lekua Geysek hartzea zen. Baina Jonathan Giraldezek nahiago izan du aurrelari petorik gabe jokatu, eta Hansen, Salma Parauello eta Mariono aritu dira erasoan. Finalak iazko hasiera berdina izan du kataluniarrentzat. Izan ere, Lyonek egin zuen moduan, Wolfsburgek gola egin du. Finalaren aurretik Berria-ri eskainitako elkarrizketan Paredesek aipatu zuen lehen minutuetan arreta handiz atera behar zutela, bestela iaz bezala ordaindu egin zezaketela. Baina 3. minutuan bere area inguruan baloia galdu du Bronzek, eta akatsa ederki aprobetxatu du Pajorrek, baloia Pañosen sareetara bidaltzeko. Golak bere jokoa egiteko aukera ahalbidetu dio Wolfsburgi, duen kontraeraso zitala baliatzeko. Pajorrek min egin du eskuin hegaletik, Bronzek gora egiten zuela baliatuz. Bestalde, Alexandra Poppek estu hartu ditu Irene Paredes eta Mapi Leon baloi irteeran eta pase luzeetan.

Hain zuzen ere, legazpiarrak izan du Bartzelonaren lehen aukera argia, 13. minutuan. Bigarren zutoinean bakarrik geratu da, baina buruz egin duen errematea kanpora joan da. Bartzelonak zuen baloi jabetza. Baina ez zegoen eroso. Izan ere, Aitana Bommati, Hansen eta Rolfo ez dira azaldu. Ondorioz ezin izan ditu lerro arteko zuloak topatu. Gainera, ezin zion baloiari ohikoa duen abiadura eman. Alemaniarrak ondo jarrita zeuden zelaian, eta ondo itxita zituzten. Buruz burukoetan, gainera, lehen zati horretan alemaniarrak nagusi izan dira.

25. minutuan Bommatik gertu izan du berdinketa. Baina haren errematea kanpora joan da. Handik hamar minutura jaso du Bartzelonak bigarren kolpea. Alexandra Poppek gola sartu du 37. minutuan. Aurrelariak ondo irabazi die bizkarra blaugranen erdiko atzelariei, eta atzetik etorrita buruz egin du gola, Pajorren erdiraketa neurtua aprobetxatuz. Alemaniarrak oso eraginkor aritu dira bai erasoan zein defentsan, lehen zati horretan. Bartzelonak gol bat behar zuen atsedenaldia iritsi aurretik. Ez da horrela izan, ordea, nahiz eta atsedenaldi aurreko jokaldian Paralluelok aukera aparta izan duen 1-2koa egiteko. Alemaniarren atezainak, Frohmsek, ondo erantzun du, ordea, haren errematearen aurrean.

Bi gol lehen bost minutuetan

Baina bigarren zatian gertatu denaren atarikoa izan da lehen zatiko azken jokaldi hori. Bartzelona bete betean atera da, eta bost minutuan finala berdindu du. Bi golak Patri Gijarrok egin ditu. Adierazgarria da lehen goleko pasea Hansenek eman diola, eta bigarrenekoa Bommatik. Bi jokalari horiek gehiago agertu ahala, Bartzelona hobeto aritu da erasoan. Gainera, bigarren zati horretan beste aldaketa batzuk egin ditu gora begira talde kataluniarrak. Batetik, gehiago erabili ditu pase luzeak, eta, bestetik, Giraldezek aurrelari bat zelairatu du: Geyse.Brasildarra aurrelari petoa da, eta duen abiadurarekin hainbat buruhauste eragin dizkie alemaniarren atzelariei.

Kolpea izan da alemaniarrentzat bi golak jasotzea, eta Bartzelonak hori baliatu du bere jokatzeko are gehiago ezartzeko. Bartzelonaren minutu onenak izan dira, baina Wolfsburgek ez du tokia galdu. Gainera, erakutsi du lehen zatian gutxi behar duela gola egiteko. Bartzelona izan da, ordea, egin duena. Oraingoan Rolfo izan da Bommatiren erdiraketari probetxua atera diona. 20 minutu falta ziren neurketa amaitzeko, eta Bartzelonak ondoen dakiena egin du hortik aurrera: baloi jabetza izan, eta jokaldi luzeen bidez partidaren aginte makila izan. Wolfsburg saiatu da berdintzen. Baina ez du lortu. Bartzelona oso nagusi izan da azken minutu horietan, eta loria harena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.