Lilatoia

Ireki dute Lilatoian izena emateko epea

Martxoaren 5etik 8ra egingo da, eta korrikalariek norberak nahi duen lekuan egin beharko dituzte bost kilometro, eremu ireki eta lau batean. Antolatzaileek sakelako telefonoko aplikazio batekin jasoko dituzte denborak. Oinez edo ibilketa nordikoan arituz ere parte hartu ahal izango da.

Lilatoia, iaz. FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko urtarrilaren 13a
11:36
Entzun

Lilatoiak ireki du aurtengo lasterketan izena emateko epea. Ezohikoa lasterketa izango da aurtengoa, COVID-19ak baldintzatua. Urtez urte handituz joan da korrikalari kopurua, eta, iaz, 6.545 korrikalarik eman zuten izena. Kopuru horretara iritsita, ezinezkoa da aurten Lilatoia orain arte egin den moduan egitea, baina Atletico San Sebastian kirol klubak ez dio hutsik egin antolatzeari. 32. lasterketa izango da, eta Lilaton, aurten ere ON! da leloa. «Lasterketa birtuala» deitu diote antolatzaileek, ez delako kirolarien arteko aurrez aurreko karrera bat izango. Baina lasterka egin egingo da, aukeratutako modalitatean: korrikalariek, aurten, norberak nahi duen lekuan egin beharko dute bost kilometroko ibilbide bat, laua, lau eguneko tarte batean; beraz, lehen aldiz munduko edozein lekutatik egin ahal izango da korrika. Areto itxi batean edo korrika zintan aritzeak ez du balioko.

Sakelako telefonoko aplikazio baten bidez jasoko dituzte denborak antolatzaileek, eta hala osatuko dute sailkapena. «Lortu duguna da gure sakelakoa txip bihurtzea», diote antolatzaileek. Taldeka ere parte hartu ahal izango da. Hamar kirolari artekoak izango dira taldeak, eta hortik gorakoa osatu nahi dutenei antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu diete, posta elektronikoz edo WhatsAppez 652-75 45 58 telefono zenbakira idatziz.

Lau modalitate

Oraindik ez dute jakinarazi zein izango den aplikazioa; aurki kanal ofizialetan jakinaraziko dutela iragarri dute. Aplikazio hori jaitsi ondoren, martxoaren 5etik martxoaren 8ra bitartean egin behar da korrika. Aurten, oinez edo ibilketa nordikoan arituz ere parte hartu daiteke. Beste hiru modalitateak hauek dira: korrika, patinak eta eskuko bizikleta. Martxoaren 4ko 23:55ak arte egongo da irekita izena emateko epea. Lau euro kostatzen da izena ematea, eta parte hartzeaz gain elastikoa jaso nahi duenak 11 euro ordaindu beharko du. Elastikoa martxoaren 1etik 8ra bitarte jaso ahal izango da Donostian, Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Irunen, Tolosan, Eibarren edo Zumarragan, eta, horretarako, otsailaren 21a baino lehen eman behar da izena. Korrikalari bakoitzak bost elastiko ere eskatu ahal izango ditu, bakoitzagatik zazpi euro ordainduta.

Webgune ofizialean antolatzaileek gogorarazi dute gizonek ezin dutela Lilatoian parte hartu, eta azpimarratu dute emakumeak soilik sartuko dituztela sailkapen ofizialean. «Ez dugu ahaztu behar ekitaldi honek berdintasuna aldarrikatzen duela bere lehen egunetik, eta egun honetan emakumearen protagonismoa funtsezkoa da desberdintasuna desagerrarazteko borrokarako; eta, horretarako, ezin bestekoa da gizonaren babesa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.