Ordenagailu txiki bat da Jose Luis Zubizarreta Xubi (Azpeitia, 1961). Jokalari bati bizpahiru hitz esan hitzordura iritsi aurretik; elkarrizketan bi aldiz sakelakoa hartu eta Espainiako Saskibaloi Federazioko arduradunekin partiden ordutegiak adostu; klubeko langile ohi batekin daukaten arazo bat konpontzen saiatu… Eromen txiki horretan, ordubetetik gorako hitz-aspertu lasaia izan du kazetariarekin. Donostiako Guuk Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendari berria da Azpeitia-Azkoitiko Iraurgi klubaren ikurretako bat dena.
Saskibaloia, kantxak, baloiak… ahaztuta, nor da Jose Luis Zubizarreta Xubi?
Loiolako [Azpeitia] baserritar bat naiz ni. 11 urte neuzkala baserria erre zitzaigun, eta Valentziara [Herrialde Katalanak] joan nintzen, bakar-bakarrik, artean mutil kozkorra nintzela, unibertsitate laboralerako beka bat jasota. Han erabat aldatu zen nire bizimodua; hara joan izan ez banintz, ez nintzatekeen hasiko saskibaloian. Gero, 16-17 urterekin hasi nintzen ni erdaraz pentsatzen.
Zerekin topo egin zenuen Valentzian?
1972tik 1975era egon nintzen Valentzian, eta oso gogorra izan zen; egunero negarrez aritu nintzen lehen hiru hilabeteetan. Oso eskutitz gogorrak bidaltzen nizkion amari: “Semea sufritzen eduki nahi baduzu, hementxe eduki”, eta horrelakoak. Behin arrebak harrapatu ninduen telefonoz, eta amari bidaltzen ari nintzen eskutitzak zer demontre ziren galdetu zidan, ama lo egin gabe zegoela eskutitzengatik. Huraxe izan zen nire inflexio puntua; ordutik ez dut arazorik izan bizitzan, gaixotasuna salbu. Saskibaloian jokatzen zuen Gasteizko lagun bat egin nuen, eta orduantxe hasi nintzen ni ere saskibaloian.
Valentziatik Eibarrera joan zinen gero. Beste aldarte batekin?
Bai. Eibarren elkarrekin geunden denok; kanpokoak, berriak zirenak, ordurako kanpoan ibilita geundenak… Nagusi ginen gu, ordurako gaindituta baikeneukan kanpora joan eta gaizki pasatze horren trantzea. BBBa eta UBIa egin nituen Eibarren, 15 urtetik 18ra artekoak. Gipuzkoako ligan aritu nintzen jada, federatu gisa.
Etxerako joan-etorrietan Azpeitian ere ikusten zenituen saskibaloian jokatzen, ezta?
Loiolan kantxa bat zegoen, hormigoizko posteekin-eta, jesuiten atzeko aldean, eta oporretan baserrira etortzen nintzenean han ikusten nituen Josu Arregi-eta, Aguilas taldearekin Bilbon maila gorenean aritu zena. Haiek hasi ziren Azpeitian saskibaloia sustatzen; hark entrenatzen zituen mutil kozkorrak. Anaitasuna lehenengo, Lagun Onak gero… Arazoak sortu ziren, ordea; azkoitiarrek ez zituzten seme-alabak Azpeitira eraman nahi jokatzera, eta orduan erabaki genuen Iraurgi sortzea, 1980an.
Saskibaloiarekiko pasioa ez zitzaizun familiatik iritsi zuri.
Ez. Familian ez zegoen kirolaririk; baserrian, lana, besterik ez zegoen. Mutil kozkorretan, futbolean ibiltzen ginen, eta eskubaloian ere bai, Aita Julio apaizarekin. Eibarko azken urtean, berriz, kadete mailako nesken taldea entrenatzen hasi nintzen [15-16 urtekoak]. 17 urterekin itzuli nintzen Azpeitira, eta Iraurgi sortu genuenean entrenatzaile, zuzendaritzako kide, jokalari… izan nintzen, 1980tik 1989ra, ezkondu nintzen arte. Enpresaritza ikasketak egin nituen, eta 21-22 urterekin erakarri ninduen kirolak. Goi mailako entrenatzaile titulua ere atera nuen, baina erabaki nuen zaletasun gisa hartuko nuela saskibaloia. Tailer batean egiten nuen lan.
Azpeitian zegoen tailerra?
Bai, Irurena taldean. Azpeitiko ikastolan gimnastikako maisu ere izan nintzen, etxeko higiezinen enpresa batean ere bai, ELAn…
Susto handi bat izan zenuen ELAn lanean ari zinela, ezta?
Ikusmena galduta egon nintzen 2001ean eta 2002an, bai. Ikusten ez nuela gelditu nintzen gidatzen ari nintzela, Orioko zubian. Bilborantz nindoan, Adegiren terrenoetan pankartak jarri berritan, eta Donostiara begira gelditu zitzaidan autoa. Urtebete baino gehiago pasatu nuen antsietatearekin.
Iraurgin jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kide izan zinela esan duzu, baina baita esatari, DJ, maskota… ere!
Bai… Tokatzen diren kontuak dira horiek, eta arazorik gabe egin izan ditut denak.
Nolako jokalaria zinen zu?
Antolatzaile moduan ibili nintzen batzuetan, baina eskolta postuan aritu nintzen gehienean. Ez neukan fisiko oso onik, salto ere ez nuen gehiegi egiten… Defentsan saiatzen nintzen beti. Egia esan, urte onak izan ziren 1983tik 1990era artekoak.
Iraurgin ez zinen bakarrik ibili, anaia ere lehendakari izan baitzen tarte batean.
Josu Arregik esan zidan anaiari esateko ea presidente izan nahi zuen; baiezkoa eman zuen, eta hura izan zen lehen presidentea, bai. Baserrian haserre neuzkan anaia zaharra, aita eta denak. Uste dut handik alde egiteko hasi nintzela entrenatzen.
Iraurgin bertan gogotik lan egindakoa zara zu emakumeen saskibaloiaren alde ere.
Bai… Neskak entrenatzen hasi nintzen, baina sekula ez da izan diskriminazio positiboagatik. Natural egin izan dut dena.
Urte onak bai, baina apalagoak ere izan ditu Iraurgik. Krisi larria izan zenuten 2001ean, ezta?
Kluba desegiteko bilera batera deitu nuen 2001ean, bai. Hiru talde geneuzkan, eta ezin eramanda genbiltzan. Desastre hutsa zen dena. Hiru lagun geunden orduan klubean, eta hirurok bakarrik ezingo genuela dena desmuntatu iritzita deitu nuen bilera batera. “Kito!” esan genuen. Baina bilera horretatik hasi ginen klubaren 25. urteurrena antolatzen. Bilerak egiten hasi, berrindartu, jende gehiago inguratu, talde gehiago sortu, taberna ireki, liburu bat egin… Horrela berrindartu ginen.
Ez dira ez bat eta ez bi zure klase partikularrak hartutakoak. Entrenamendu gogorrak, zorrotzak omen ziren, eta musu truk.
Gogor edo zorrotz fama hori daukat, eta tira… Entrenamendu pertsonal asko egindakoa naiz, bai.
“Zorrotza” zarela azpimarratu dute batzuek, eta “egoskorra” zarela beste batzuek.
Egoskor fama handia daukat, eta nola esango dut ba nik ez naizela? Nahiko temosoa naiz, bai. Egin behar dudala pentsatzen badut, egin egingo dut. Baina gauza bat defendatzeko ez dakit hainbesteraino egoskorra naizen. Askotan ez nago oso ados nire famarekin.
Zorrotza… baita seme-alabekin ere?
Bai. Hiru guraso mota daude: besterik gabekoak; norbere seme-alabekin ez, gainerakoekin zorrotzak direnak; eta gainerakoekin ez, norbere seme-alabekin zorrotzak direnak. Azken klase horretakoa naiz ni. Bi seme-alaba gazteenak [Aitor eta Maite, bikiak] ez ditut gehiegi entrenatu izan, baina zaharra [Imanol], asko, eta oso gogor egiten nion hari, gogorregi.
Gogoan al daukazu semeetako batek eskolatik 5,5eko edo 6ko nota etxera eraman, beldurrez zuri ezer esan ez, entrenamendura joan eta entrenatzen utzi ez zenionekoa?
Ez… Ez naiz gogoratzen, eta ez dut uste hala izango zenik. 5,5ean eta 6an ez, 4,9an ibiltzen zen hura [Aitor semea], beti langari emanez, ahaleginaren ekonomia aplikatuz. Batzuetan goitik eta besteetan behetik. 5,5 eta 6? Ez, ez!
Gogoan izango duzu Aitor semeak AEBetatik etxera bueltatu nahi zuela esanez deitzen zizunekoa ere, ezta? Amari ez esateko erantzuten omen zenion zuk.
Nik ez nion esan amari halakorik ez esateko, baina argi utzi nion esanez gero bizpahiru aste geroago etxean egongo zela. Hala nahi bazuen, esateko lasai. Bestela, egunero nirekin hitz egiteko esan nion, egunero aurkituko genuela aurrera egiteko heldulekuren bat.
Gipuzkoa Basketen, Aitor semea ondoan daukazu berriz ere. Nolabaiteko deserosotasunik senti dezakezue egunerokoan?
Aitorren kontratua berritzeko asmoa bazuten, ni fitxatu aurretik berritzeko eskatu nien. Hortik aurrera, kantxan irabazi beharko du hurrengo kontratua. Kapitain bezala, Xabi Orozekin hitz egingo dut nik sarri, eta beharrezkoa den distantzia egongo da Aitorren eta bion artean.
Etxekoek zer esaten dute zure bizimoduari buruz?
Beti esan izan diot emazteari gizon desberdina tokatu zaiola. Asteburu gutxi eduki ditut jai; inoiz ez dut eduki zortzi orduko lanik, baina saiatu naiz oreka lortzen.
Tarte txiki batzuk hartzen dituzue bizikletan-eta ibiltzeko…
Bai. Atzo [joan den igandean] azkena, Aratz Errekara [Azpeitia].
Bizikleta elektrikoarekin?
Ez, ez. Aratz Errekara joateko, oraindik ez dugu behar. Lan konturik ez daukadanean, familiaren oreka mantentzen saiatzen naiz beti; emaztearena orain, bakarrik gelditu baikara etxean.
Orain arteko partidarik garrantzitsuena ere irabazi zenuen 2010ean: minbiziarena.
Gogorra izan zen hasiera; diagnostikoa eta kimioarekin hasi aurreko tartea. Maila onean harrapatu ninduen, hala ere. Irailaren 1ean hartu nuen lehenengo kimio sesioa, eta 2021eko apirilaren 20an azken erradio sesioa. “Xubi, hi lasai, belar txarra nekez galtzen duk, eta urte askoan biziko haiz hi!” esan zidan lagun batek.
Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendaria. Ohitu al zara jada?
Bai. Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz. Inoiz ez nuen pentsatuko proiektu hau Illunbe betetzera iritsiko zenik, eta 2012an, esaterako, izugarrizko giroa sortu zen hemen. Baina, kanpotik begiratuta, elitismo kutsua nabaritzen nion proiektu honi, eta elitismoak emaitza onekin bakarrik balio izaten du; ustelduz joan da pixkanaka. Ea orain lortzen dugun erakargarria den zerbait sortzea.
Iraurgin erreleboa emanda onartu nahi zenuen Gipuzkoa Basketen eskaintza, ezta?
Bai. Nik han jarraitu izan banu, ardura guztia niri utziko zidaten berriz ere. Orain ere ia egunero egoten naiz haiekin, gertu nago, baina errelebo bat nahi nuen [Ibon Guridik ordezkatu du Iraurgiko kirol zuzendari gisa].
Illunbe. Nola konpondu kantxaren hoztasuna?
Bazkide kanpaina latza egingo dugu, proiektua biziberritzeko. Taldeak grina handia dauka, eta horretan ez dugu huts egingo. Emaitzarik ez dut aginduko, oso talde onak daudelako, baina den-dena emango dugu beti. Bestela, zer egin behar dugu, Gascara joan? Gasca beteko dugu, baina zertarako? ACB ligara igotzeko? 1.900 bazkideko babes batekin igo behar dugu? Hemen arazoa da Reala bakarrik dagoela modan.