Iraultza bako itxuraldaketa

Athleticek asko gaztetu du defentsa azken bi sasoietan: aurreko denboraldian, Iñigo Lekuek indarrez egin zuen pausoa lehen taldera, eta, aurten, Yeray Alvarezek egin du urratsa.

Yeray Alvarez, Iñigo Lekue, Eric Saborit eta Kepa Arrizabalaga. L. JAUREGIALTZO-J. ZAPATA-J. ZORRILLA-M. TOÑA / ARP-EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2016ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Realaren aurkako derbiko azken ordu erdian Iñigo Lekue, Yeray Alvarez, Aymeric Laporte eta Enric Saborit aritu ziren Athleticen atea zaintzen. Oso defentsa gaztea da, batez beste 22,5 urtekoa. Bistan da egoerak behartutako laukotea izan zela. Gaur-gaurkoz, Oscar de Marcosek eta Mikel Balentziagak bermatuta baitute postua hamaikakoan. Gainera, oraindik ere adin onean daude biak —De Marcosek 27 urte ditu, eta Balentziagak 28—eta hurrengo urteetan maila onean aritzeko moduan egongo dira.

Hala ere, nahitaez etorkizuna prestatu beharra dago. Alde horretatik, atzetik datorrenak lasaitasuna ematen du. Baleko futbolariak dira. Dena dela, maila onean aritzeko, orain aurretik dituzten futbolariengandik ikasteaz gain, egun dituzten gabeziak zuzentzen gogor egin beharko dute behar. Atzeko lerroan aritzen diren futbolariei eskatzen zaien dohain nagusietako bat baita akats gutxi egitea. Bada, horretarako, ofizioa ezagutzea ezinbestekoa da.

YERAY ALVAREZ

Indartsu sartu da

Kepa Arrizabalaga atezainarekin batera denboraldiko ezusteko nagusia da Yeray Alvarez (Barakaldo, Bizkaia, 1995). Carlos Gurpegiren erretiroak leku bat utzi zuen libre defentsan. Ernesto Valverdek bigarren taldeko bi erdiko atzelariak deitu zituen nagusiekin maila neurtzeko: Yerayren eta Oscar Gilen artean bat aukeratu eta bestea utzita bidaltzea zen asmoa. Yerayk hobeto baliatu zuen aukera, eta Gil futbolariak egin behar izan zituen maletak —Oviedon ari da—.

Lehen taldean lekua izatearekin konforme zegoen Yeray. Baina haren lana ez da izan bakarrik entrenamenduetan taldearen lehiakortasuna areagotzea. Eman dizkioten aukera guztiak baliatu ditu. Jokatu duen bakoitzean lan ona egin du. Horri eskerrak, aurrea hartu dio Xabi Etxeitari. Egun, ez da hirugarren edo laugarren erdiko atzelaria. Laporterenbikotea da. Titularra. Sei partida nahikoa izan ditu Valverdek lorak jasotzeko. «Pozik gaude. Jokalari gaztea da, baina gauza asko ematen dizkio taldeari: baloia jokatuta ateratzeko argitasuna dauka. Azkarra eta oldarkorra da. Guretzat funtsezkoa da».

Azkarra, gogorra eta jokatzen dakien futbolaria omen da. Hala bada, erdiko atzelari ona izateko dohain guztiak ditu. Hala ere, Valverdek eta enparauek badakite egingo dituela hasiberri guztiek egiten dituzten akatsak. Kontua da orain arte bere dohainak gabezian gainetik nabarmendu dituela. Athleticentzat, oso albiste ona da, duela aste gutxira arte kezka zegoelako erdiko atzelari postuan lehiakortasun falta zegoelako.

IÑIGO LEKUE

Garrantzia hartzen ari da

Iñigo Lekue (Bilbo, 1993) bigarren sasoia ari da jokatzen gorengo mailan. Iaz oso ondo aritu zen. Lau postutan joka dezakeela erakutsi zuen: defentsako eskuin zein ezker hegalean aritu daiteke eta, gainera, aurrera egiteko duen erraztasunari esker, zelai erdian ere ondo moldatzen da. Bitxia da, baina Valverderekin bere ohiko postuan jokatu du gutxien. Entrenatzaileak De Marcosekin duen fedeak eskuin hegaleko ateak itxi dizkio —bihar, Genken aurka joka dezake postu horretan—. «Lekue oso jokalari indartsua da. Azkarra denez, tarteka izaten dituen kokapen arazoak ezerezean lagatzeko gai da. Erasorako, berriz, oso futbolari baliotsua da», iritzi dio Valverdek. Jokalariak ere sarri esan du zertan daukan hobetu beharra: «Defentsan lan sendoagoa egin behar dut». Bistan da zer hobetu badaukala, baina elastiko zuri-gorria hamar urtez janzteko gaia dauka: bi oin on, indarra, teknika eta ikasteko gogoa. Luze gabe, berea izango dudefentsako eskuin hegala.

ENRIC SABORIT

Azken aukera du

Gazteen artean nagusia da Enric Saboti (Bartzelona, 1992). Espanyolen hasi zen nabarmentzen, baina dagoeneko hamar urteandihardu Lezaman. Athleticeko teknikariek zaleek baino fede gehiago dute bere jokoan. Aurrera egiteko erraztasuna daukan ezker fina da. Erdiko atzelari gisa ere jokatu izan du, baina defentsarako biguna da. Baloi gabe sufritu egiten du. Oldarkorragoa izan ezean, ez du lekurik izango onenen artean. Duela bi urte, Mallorcan aritu zen utzita, eta aurreko sasoian Athletic B-n jokatu zuen Espainiako Bigarren Mailan. Bazirudien kluba utzi egingo zuela, baina Valverdek beste aukera bat eman dio lehen taldean. Azkena izango da. Tren hau hartzen ez badu, aurrerantzean nekez jantziko du elastiko zuri-gorria.

KEPA ARRIZABALAGA

Oraina eta etorkizuna

Defentsa bakarrik ez, atea ere gaztetzen ari da talde zuri-gorria. Postu berezia da. Atezaina aldatzea beste edozein postutan apustua egitea baino gehiago kostatzen da. Hala ere, Kepa Arrizabalaga (Ondarroa, Bizkaia, 1994) prest dago atepean lekukoa hartzeko. Egun, entrenatzaileek eskatzen dituzten dohainak dauzka: atea ondo zaintzeaz gain, bi oinekin ederto moldatzen da. Ondarroarra hasi da bere mailaren berri ematen eta, bide batez, sasoian segitzen duen Gorka Iraizozi itzala egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.