Mendia

Iratiko eski estazioa itxi dute

Duela 55 urte inauguratu zuten estazioa. Iraupen eskian ibiltzeko pistak itxiko dituzte, baina elur erraketekin ibiltzekoak zabalik utzi.

Eskiatzaileak Irati eski estazioan. CHALETS-IRATY.COM
Julen Otaegi Leonet.
2023ko urriaren 24a
14:43
Entzun

1968an inauguratu zuten Iratiko eski estazioa, Zuberoan, 1.300 metroan. Bost hamarkada baino gehiago eduki dute irekita, baina azkenetan dago: eski estazioa ixtea erabaki dute. Klima larrialdia da arrazoi nagusia: «Eguraldia aldatzen ari da han goian», esan du Josy Arrosagarai zuzendariak. «Gero eta haize zakarragoa dabil, eta horrek oso zaila egiten du elurra maneiatzea». Eski pistak baldintzak «oso onak» direnean baino ez dituzte egokitzen; tenperatura aldaketek eragin dezakete elurrak lodiera azkar galtzea, eta, horren ondorioz, zaila egiten zaie aurreikustea egoera aproposa den.

Ez da berria eguraldiarekin duten arazoa: baldintzak kaskarrak izan dira azken denboraldiotan, eta azken hirurotan 11 egunez ireki dute guztira. 2020-2021eko denboraldian, hiru egunez ireki zuten eski estazioa; 2021-2022koan, itxita egon zen une oro; iaz, zortzi egunez baizik ez zuten ireki.

Txaletak daude bertan, eta haien jarduera ez da bertan behera geratuko: iraupen eskian ibiltzeko pistez gain, elur erraketekin ibiltzeko pistak ere baditu. Eskiaren ordez, mendi ibilaldiak eta erraketekin egin beharreko irteerak antolatuko dituzte. Hori horrela, Arrosagarai zuzendariak esan du lantaldean ez duela «inolako eraginik» izango eski estazioa ixteak. Turismoa da jarduera nagusia bertan: urte hasieratik, 56.000 gau igaro dituzte bezeroek, iaz baino 1.600 gehiago. Dena den, «oporleku girotik urrundu nahi dugu, eta azaldu Irati mendi bizi bat dela batez ere», adierazi du Arrosagaraik. Natura errespetatzen duten jarduerak eskaini nahi dituzte.

Hainbat eragilerekin ere lankidetza bultzatu nahi dute: besteak beste, CPIE ingurumenaren aldeko egitasmoen zentro iraunkorra, LPO hegaztien babeserako liga, FDC ehiztarien federazioa, eta mendi gidariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.