Nekane Diez. Athleticeko jokalaria

«Iraiak patxada eta konfiantza eman digu iritsi denetik»

ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Sasoiko lehen gola sartu eta gero, «lasaitua» hartu du Nekane Diez Athleticeko jokalariak (Barakaldo, Bizkaia, 1991). «Baina hori bezain garrantzitsua izan zen taldeak irabaztea», nabarmendu du. Iraia Iturregi entrenatzaile berriarekin «oso gustura» daudela berretsi du.

11 jardunaldi jokatu eta gero, garaipena lortu zenuten igandean, Espanyolen kontra: 3-0. Behar zenuten, ezta?

Dudarik gabe. Taldea ondo ari zen lanean, baina emaitzak ez genituen alde. Halako garaipen bat behar genuen: hiru gol, atea hutsean uztea... Uste dut mugarria izan daitekeela sailkapenean gora egiten hasteko, eta garaipenek ematen duten konfiantza berreskuratzen hasteko. Etziko [gaurko] partida irabaztea beste bultzada handi bat izango litzateke. Izan ere, egiten ari garen lanarekin, uste dut ez dugula merezi egoera honetan egotea.

Nola zegoen taldea partidaren amaieran? Izan ere, ez zaudete ohituta hainbeste norgehiagoka irabazi gabe egotera.

Zoriontsu zegoen, nahiz eta, COVID-19a tarteko, apenas egon gaitezkeen elkarrekin aldagelan. Dena da oso ezohikoa eta arraroa. Oso talde batua gara: hori da gure indarguneetako bat, are gehiago garai zailetan, eta elkarrekin ohi baino gutxiago egoteak eragina du. Zaleen falta ere antzematen dugu. Hau ez da futbola. Ziur nago zaleekin lehenago emango geniola buelta egoera honi.

Zuretzat ere garrantzitsua izan zen igandeko partida, sasoiko lehen gola sartu zenuelako. Ez da ohikoa denboraldi erdia igarota zu gol bakarrarekin ikustea. Zer sentitu zenuen?

Niretzat garrantzitsuagoa izan zen taldeak irabaztea nik gola sartzea baino, baina egia da behar nuela. Lesioekin ez dut zorterik izan, eta ohi baino gutxiago jokatu dut. Gainera, ezin asmatu nenbilen. Gola sartu nuenean, ez nekien nola ospatu; izan ere, ez nekien epaileak ontzat eman zuen. Gainera, zaleen gol oihua ez entzutea arraroa da. Partidaren amaieran mezu mordoa nituen sakelakoan; gehienek zera zioten: Azkenean gola sartu duzu». Ez zaie arrazoirik falta. Bazen garaia. Oso pozik nago.

Zertan egin du huts taldeak egoera honetan egoteko?

Zaila da jakiten. Izan ere, inoiz baino denboraldi-aurre luzeagoa egin genuen, eta taldea ondo aritu zen lehen partidetan. Baina emaitzak okertzen hasi ahala, uste dut argitasuna galdu genuela jokoa sortzeko orduan, eta irmotasuna falta izan zaigula bi areatan. Asko kostatu zaigu gol aukerak sortzea, eta aurkariak gutxi behar izan du gola sartzeko. Lesioekin ere ez dugu zorterik izan, eta pandemia dela-eta izandako etenek eta zalantzek ez dute lagundu. Pixkanaka gauzak aldatzen ari dira azken partidetan, eta espero dugu bide horretatik segitzea.

Zer aldatu da Iraia Iturregi aulkira iritsi denetik?

Lan egiteko moduak ez du zerikusirik Angelenarekin [Villacampa entrenatzaile ohia]. Harekin, ordu asko ematen genituen Lezaman, eta gauza asko lantzen genituen. Iraiarekin, berriz, ez gara hainbeste denbora egoten Lezaman, baina dena intentsoagoa da.

Jokoan aldaketa asko dago?

Entrenatzaile bakoitzak bere jokatzeko era du, eta noski badirela desberdintasunak. Pixkanaka ari gara horiek barneratzen, eta zelaian gauzatzen. Pena izan da itxialdian egon garela, eta hori dela-eta mantsoago joan dela prozesua. Baina etziko [gaurko] partida jokatu eta gero, hiru asteko etena izango dugu, eta horrek aurrerapausoak ematen lagunduko digu. Orain arte eskatu digun gauza garrantzitsuena izan da gu geu izateko, eta gugan sinesteko. Ondo ezagutzen gaitu; badaki non lan egiten dugun, eta zer maila dugun. Uste dut taldea patxada handiagoarekin jokatzen ari dela azken partidetan, eta hori nahi du berak: gure joko zuzena eta bizia ez galtzea, baina lasaitasuna izatea gure indarguneak eta aukerak ondo baliatzeko.

Taldekide moduan ezagutzen zenuten. Oso desberdina da entrenatzaile lanetan?

Argi dago harremana ez dela berdina, eta hala behar du, orain gure entrenatzailea delako. Baina oso gustura gaude harekin. Jokalari zenean bezala, oso langilea da; asko hitz egiten du gurekin; gazteak oso ondo ezagutzen ditu; gauzak zuzentzeko orduan patxada handia du; bideoak bidaltzen dizkigu motibatzeko... Izugarri gustura gaude.

Pertsona egokia da aulkitik egoera irauli eta taldea azken denboraldietan izaten ari den eraldaketa egiteko?

Dudarik gabe. Berak aurkezpenean esan zuen sasoia hastean hartzea izango zela onena beretzat. Egoera honetan hartu du, baina uste dut asmatu egin duela. Urteak generamatzan trantsizio denboraldiez hitz egiten, eta uste dut benetan hau izaten ari dela sasoi hori. Alde horretatik, Iraiak oso ondo ezagutzen gaitu, bai gu, baita harrobiko jokalariak ere, eta hori abantaila handia da. Gainera, ondo etor dakioke hilabete hauetan bere ideiak ezarri, eta hurrengo denboraldian jada oinarri sendo batzuekin hasteko. Garrantzitsuena izango da denboraldia ahalik eta posturik onenean amaitzea, eta sentipen onekin. Horrek asko lagundu diezaguke.

Gazteen artean zer jokalari nabarmenduko zenuke?

Leire Monente. Izugarri da jokoa ikusteko duen gaitasuna, eta bi oinekin duen jaurtiketa. Belauneko lesioa izan zuen arren, hori ez du galdu, eta ez da erraza izaten.

Egoera zail honetan, gazteek zer rol izan dute multzoan?

Haiek ere kezkatuta egon dira, baina haien freskotasuna, naturaltasuna eta alaitasuna oso lagungarriak izan dira. Gainera, oso langileak dira.

Gaur Madrilen aurka jokatuko duzue. Nolako traza hartzen diozu partidari?

Madril sasoiko ezusteetako bat izaten ari da. Sailkapenaren goialdean dago, eta etxean oso aurkari zaila da. Haien zelaia belar artifizialekoa da, eta nahiko estua. Horrek dena zailtzen du, baina indartsu eta konfiantzaz aritu behar dugu, bigarren jokaldiak eta buruz burukoak irabaziz. Gainera, azken partidetan gehiago jaurti dugu aurkariaren atera liga osoan baino, eta gol aukera horiek sortzen segitu behar dugu. Baikor nago, eta uste dut gure aukerak izango ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.