Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Iragarritakoa bete du

Elia Viviani izan da azkarrena Espainiako Vueltako hirugarren etapan. Esprintean garaitu ditu Giacomo Nizzolo eta Peter Sagan. Michal Kwiatkowskik lider jarraituko du

Iragarritakoa bete du.
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Ill veggente. Igarle goitizenez da ezaguna Elia Viviani (Quick Step) tropelean, aurkarien mugimenduak irakurtzeko duen abilezia tarteko. Atzo, aurkariei begira egon gabe, mundu mailan ezaguna bihurtu duen trebezia erakutsi zuen: abiadura.

Iragarle lanetan aritu ziren hedabideak eta zaleak. Jon Aberasturik (Murias) ere BERRIAk egindako elkarrizketan argi utzi zuen «menderatu beharrekoa» Italiako txapelduna izango zela. Horrenbestez, iragarpenak bete egin ziren.

Michael Morkov taldekidearen lan bikaina baliatu, eta aise menderatu zituen Giacomo Nizzolo (Trek) herrikidea eta Peter Sagan (Bora) munduko txapelduna Alhaurineko helmugan. Vivianik Vueltan lortu duen aurreneko garaipena du.

Quick Stepek esprinter azkarrena taldean edukitzearen zama nabaritu zuen. Etaparen zatirik handienean ez zuen laguntzarik izan tropelean. Hala ere, eguneko ihesaldia kate motzean lotzeko gai izan zen. Sei izan ziren urrunetik ahalegina egin zuten txirrindulariak: Pierre Rolland (Education First), Antonio Molina (Caja Rural), Hector Saez (Murias), Jordi Simon (Burgos BH), Nans Peters (Ag2r) eta Luis Angel Mate (Cofidis).

Helmugatik 43 kilometrora, etapa esprintean amaituko zela zirudienean, Victor Campenaertsek eta Jelle Wallaysek (Lotto Soudal), Lukas Postlbergerrek (Bora) eta Alexis Gougeardek (Ag2r) egin zuten bat buruan zeudenekin. Orduan estutu zen egoera Quick Stepentzat. Hala ere, jaitsiera bihurri batean Movistar jarri zen burura, eta aurrekoekiko aldea murriztu zuen. Postlberger helmugatik sei kilometrora harrapatu zuten.

Gaur, mendiko lehen etapa

Sailkapen nagusiko txirrindulariek gaur izango dute maldan gora egin beharreko lehen azterketa serioa. Etapak 161 kilometro ditu, eta tartean lehen mailako bi igoera. Alfacar mendatean (12,4 kilometro; %5,4) edukiko dute helmuga. Vuelta irabazteko sasoian ez dauden hautagaien ahuleziak bistaratzeko egun aproposa izan daiteke, bai eta indartsuenak nor diren ikusteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.