Faborito nagusia zen, eta ez du hutsik egin. Annemiek van Vleutenek (Herbehereak) aurreneko aldiz irabazi zuen atzo Munduko Erlojupeko Txapelketa. Atzetik aurrerako proba egin zuen Bergenen (Norvegia), eta hamabi segundoren aldea atera zion Anna van der Breggen herrikideari. Hirugarren Katrin Garfoot australiarra izan zen. Euskal herritar bakarrak hartu zuen parte, Lourdes Oiarbidek, eta ez zuen bere helburua lortu. 4.21era bukatu zuen, 42. postuan.
Van Vleutenek urte bikaina egin du, eta erlojupekoetan ez du parekorik izan. Italiako Giroko biak eta La Coursekoa irabazi ditu, eta hura izan da indartsuena bakarkako lanean. Helburu nagusia, baina, Munduko Txapelketa zen, eta atzo ere hura gailendu zen. Ez sufritu gabe, halere, zirkuituko lehen bi mugarrietatik —21,1 kilometro zituen ibilbideak— Van der Breggenen atzetik pasatu baitzen. Bigarrenean 3,81 segundoren desabantaila zuen, baina irabazleak hirugarrenean estutu zituen hortzak. Hamasei segundoren aldea lortu zuen, eta azken txanpan ondo eutsi zion errentari hamabi segundogatik irabazteko. Van der Breggen aurretik abiatu zen, eta horrek kalte egin zion. Bigarrenez izan da txapeldunorde.
Bizkarrekoa hartu zuen Van der Breggenek, eta baita Oiarbidek ere. Helburua 32. postua hobetzea zen, 2014an lortu zuena, eta lehen hogeien artean sartzeko aukera ikusten zuen. Bada, urrun gelditu zen arabarra, 42. izan baitzen, atzean hamabi parte hartzaile utziz.
Gaur, amaiera oso pikoa
Gaur gizonezkoen erlojupekoa jokatuko da. 31,1 kilometroko ibilbidea da, eta 3,4 kilometroko eta batez besteko %9,1eko pendizdun igoera pikoa du amaieran. Floyen mendateak faborito multzoa ireki du. Hala ere, Tony Martin (Alemania) eta Tom Dumoulin (Herbehereak) dira hautagai nagusiak. Martin lau aldiz izan da txapeldun. Chris Froomek (Ingalaterra) ere parte hartuko du, eta Jonathan Castroviejo getxoztarrak ezustekoa eman dezake. Castroviejo 16:59an irtengo da, eta Gorka Izagirre beste euskal parte hartzailea, 14:00etan.
Iragarritakoa bete da
Annemiek van Vleutenek lehen aldiz irabazi du Munduko Erlojupeko Txapelketa. Lourdes Oiarbide 42. izan da, bere helburutik urrun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu