Xakea

Iragarpenak Gukeshen alde daude

Ding Lirenek eta Dommaraju Gukeshek Munduko Xake Txapelketako finala jokatuko dute bihartik aurrera Singapurren. Txinatarra ezinean dabil aspaldian; indiarrak, ordea, urte biribila egin du.

Ding Liren-Dommaraju Gukesh. TIBOR ILLYES / EFE
Ding Liren eta Dommaraju Gukesh, pentsakor, partida batean. TIBOR ILLYES / EFE
Josu Tornay.
2024ko azaroaren 24a
05:10
Entzun

«Porrot izugarri baten beldur naiz», esan zuen Ding Lirenek (Wenzhou, Txina, 1992) joan den astean, elkarrizketa batean. Ez da arraroa jokalari batek ez jotzea bere burua faboritotzat presioa arintzeko. Baina ez da batere ohikoa Dingek nola egin duen hori azken hilabeteetan. Bere adierazpenetan ezkortasuna helarazteaz gain, xakearen Olinpiar Jokoetan atseden hartzea erabaki zuen Txinaren eta Indiaren arteko norgehiagoka erabakigarria jokoan zela —titulua zegoen jokoan—. Saihetsezina da pentsatzea Dommaraju Gukeshen (Chennai, India, 2006) kontra ez jokatzeko neurria izan zela. Txinak galdu egin zuen lehia, eta India izan zen txapeldun.

Dingen pentsamoldea ez da ohikoa goi mailako kirolean, eta, agian, neurtutako estrategia bat da. Iaz, Ian Nepomniaxtxi errusiarraren kontra jokatutako Munduko Txapelketako finalean ere behin eta berriz zabaldu zituen bere ahuleziak, tartean gogoarena eta aldartearena. Hala eta guztiz ere, txapeldun izan zen. Baina, azkenaldian, Gukeshek Dingek baino emaitza askoz hobeak lortu ditu. Adibidez, azken bi urteetatik hona Ding FIDEren, Nazioarteko Xake Federazioaren, sailkapenaren bigarren postutik 21.era jaitsi da. Gukeshek, ordea, 54. postutik bosgarrenera egin du jauzi.

Hala, joera oso ezberdina daramaten bi xakelari ariko dira elkarren aurka bihartik Singapurren, Munduko Txapelketako finalean. Hamalau partidetan puntu gehien lortzen duena izango da txapelduna.

Dingek alde handiz galtzeko beldurra du, baita xake munduak ere. Ez litzateke xakerako ona izango Munduko Txapelketako finalean jokalari batek besteari astindua ematea. Berdinketa hausteko partidak jokatu behar ez badira, abenduaren 12an bukatuko da finala. Hala eta guztiz ere, aditu askok uste dute abenduaren 9rako agian bukatuta egongo dela.

Baina Dingen tankera eta erronkei aurre egiteko jarrera halakoxea da: umiltasunez jokatzen du, eta dena moduren batean galdutzat ematen du hasieratik. Arraroa da hori aurkariaren kontra jokatu aurretik beldurra sartzeak etekin psikologikoa eman ohi duen kirol batean. Entrenatzaile gehienek alde hori azpimarratzen dute euren kirolariek garaipena bisualizatzera bultzatuz. Xakean, munduko txapeldun gehienek eta jokalari profesional askok faktore horrekin jokatu dute: lehenbizi, norgehiagoka psikologikoa irabazi, eta, gero, taularen gainean errematatu. Hala ere, aditu askoren ustez, Dingek xake sakonagoa dauka Gukeshek baino, eta, benetan bete-betean aritzen bada, eta lehen partidetan emaitza onargarriak lortzen baditu, gaitasun osoa dauka bigarren aldiz jarraian txapeldun izateko.

Gukeshek, berriz, pizgarri berezia dauka. Titulua lortuz gero, inoizko munduko txapeldun gazteena izango litzateke: 18 urte ditu. Ohore hori, momentuz, Gari Kasparovek dauka. Titulua irabazi zuenean 22 urte zeuzkan. Xakelariek euren kirol ibilbideko garairik onena 30-35 urterekin lortu ohi dute. Denbora behar da esperientzia eta ezagutza batu, eta goi mailan onenak gainditzeko. Bestalde, adinarekin, batez ere 45 urtetik aurrera, zailagoa da ordu askoz kontzentrazioari eustea torneo oso batean. Dingek 32 urte dauzka, eta, aurten erdipurdiko emaitzak lortu arren, bere onena erakusten badu, ezustekoa eman dezake berriro finalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.