Kirol arloan, garai onean dago Osasuna, baina oso hamarkada nahasia utzi berri du atzean. 2014-2015eko denboraldian, Espainiako Bigarren B Mailara jaistear izan zen, eta kirol arloko krisi hark bat egin zuen krisi ekonomiko eta instituzionalarekin. Iskanbilaren zurrunbiloak irentsita, desagertzear izan zen. Iragan beltz hori ez da erabat desagertu. Astelehenetik otsailaren 28ra, garai ilun haren sinboloetako bat epaituko dute, Miguel Artxanko, Osasuna auziko lehen epaiketa nagusian. Harekin batera, akusatuen aulkian eseriko dira haren zuzendaritza taldeko beste sei kide, Betiseko hiru jokalari ohi eta higiezinen enpresa bateko bi agente.
Osasuna auzia ez da hor amaituko, ordea. Batetik, 2010etik 2013ra zerga iruzurra egitea leporatuta, Patxi Izko presidente ohia, Artxanko bera eta garai hartako zuzendaritzako hamar kide eta langile ohi epaituko dituzte, apirilaren 20tik 30era. Bestetik, zehazteko dago noiz egingo duten Izkoren agintaldiko ustezko delitu sozietarioen inguruko epaiketa.
Bizkaik hasi zuen dena
Auziak taldearen izena hartu badu ere, kluba gertaeren kaltetu nagusitzat jotzen dute askok, eta ezin da ahaztu Luis Sabalzaren zuzendaritzak jarritako salaketa baten ondorioz hasi zela. Hala ere, abiapuntua Angel Bizkai 24 urtez taldeko kudeatzaile izandakoak 2015eko martxoan Espainiako Futbol Liga Profesionalari (LFP) egindako aitorpen baten ondorio izan zen. Bizkaik aurreko bi sasoietan taldea salbatzeko partidak erosi izana aitortu zuen, besteak beste. LFPk Osasunari egindako ikuskaritza batean bi milioi euro pasako zuloa agertu zen, eta Bizkairi presio egin zion. Auzian, LFP akusazio partikular gisa aurkeztu da, eta ez du haren aurkako akusaziorik egin; fiskalak, aldiz, bai.
Ia bi urte iragan dira Fermin Otamendi instrukzio epaileak ikerketa fasea amaitu zuenetik. Sanferminetako talde bortxaketa epaitu zuen zigor arloko bigarren aretoak aztertuko du auzia, baina epaimahaiko hiru kideetatik bi, Jose Francisco Cobo eta Ricardo Gonzalez, gaixo daude. Horrek epaiketa atzeratuko ote zuen zalantzak piztu ditu azken egunetan, baina Nafarroako Auzitegiak ordezkoak izendatu ditu asteon: Mari Paz Benito 3. Instrukzio Epaitegiko epailea eta Margarita Perez Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko epaitegiko magistratua. Defentsek ez dute urratsik egin izendapenen aurka, baina, Benitok zerga iruzurraren auziaren instrukzioa bere gain hartu zuenez, epaiketaren hasiera baldintza dezake.
Epaiketan aztertu beharreko kontu nagusietako bat partiden erosketa da. Fiskalaren arabera, Osasunak 650.000 euro ordaindu zizkien Antonio Amaya, Jordi Figueras eta Xavi Torres Betiseko jokalari ohiei, denboraldi hartako azken-aurreko partidan Valladolidi irabazteagatik (4-3) eta azkenekoan Osasunaren aurka galtzeagatik (2-1).
Ustez, azken partida jokatu aurreko egunetan egin zen 400.000 euroko lehen ordainketa, Sevillan (Espainia), eta akusatuen aulkian eseriko da dirua autoan eraman zuena ere, Diego Makirriain Osasuna fundazioko zuzendari ohia. 250.000 euroko bigarren ordainketa Madrilgo hotel batean egin omen zuen Bizkaik. Betiseko hiru jokalarien diru mugimenduek eta telefonoaren kokapenek eta mezuek aditzera ematen dute hori dena.
Espainiako Ligan, ez da partiden erosketen salaketa bat auzitara iristen den lehen aldia, baina bai larriena. Kasu honetan bertan, Bizkaik salatu zuen 2012-2013ko denboraldian Espanyol taldeko jokalariak erosi zituztela, eta tartean Osasunako orduko kapitain Patxi Puñal eta kirol zuzendari Petar Vasiljevic seinalatu zituen, beste hainbat jokalarirekin batera: besteak beste, Sergio Garcia, Damia Abella eta Jorge Molina. Ikertu bazituzten ere, ordainketak egin izanaren zantzurik ez zen topatu.
2,5 milioiko erreklamazioa
Ustez, Betisek gal zezan egindako operazioari oniritzia eman zioten zuzendaritza taldeko kideak ere epaituko dituzte, baina haien aurkako akusazioa harago doa. Leporatu diete Osasunaren kontuetatik eta ondaretik 2,5 milioi euro ateratzea 2012-2013ko eta 2013-2014ko sasoietan, eta, horregatik, Osasunak, akusazio partikular gisa, diru kopuru hori erreklamatuko die. Batetik, 650.000 euro, ustez, Betiseko jokalariak erosteko erabili ziren; bestetik, 2012-2013ko sasoian, taldea diruz gaizki zegoelako, Txuma Peraltaren koinatu Jose Antonio Osesek 600.000 euro aurreratu zituen, eta hurrengo sasoian kopuru hori itzuli zitzaion. Gainerakoa klubetik kanpoko jardueretarako erabili zela dio fiskalak.
Diruaren joan-etorri horiek guztiak behar bezala justifikatuak ez zirenez, kontuak eta dokumentuak faltsutzea ere leporatzen diete. Fiskalaren arabera, 2012-2013ko denboraldiko kontuak koadratu eta Osasunak de facto maila galtzea eragozteko, Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezinen arloko bi agenterekin gezurrezko kontratua izenpetu zuen Bizkaik, 900.000 euroko faktura justifikatzeko. Aurretik, Valencia eta Nollak harremana izan zuten Osasunarekin, euren enpresa Sadar handitzearen aurreproiektua lantzear izan zelako, nahiz eta azkenean aurrera ez atera. Horregatik, fiskalaren arabera, gezurrezko kontratua sinatu zuten, aurrerago obra hori bere gain hartzeko promesa egin zietelako, 30.000 euroren truke.
Hurrengo sasoian, Bigarren Mailara jaitsi zen Osasuna. Artxankok dimititu egin zuen 2014ko ekainean, eta sei hilabetez kudeaketa batzorde batek hartu zuen gidaritza. Aurreko denboraldiko kontuei begira, Bizkairi galdetu zioten ea zergatik zeuden 1,3 milioi justifikatu gabe, eta hark ustez Flefield Portugalgo enpresarekin 1,4 milioiko kontratu faltsua aurkeztu zien, jokalarien scouting lanen gaineko gezurrezko fakturak sortuz. Kudeaketa batzordeko sei kideek argudiatu zuten ez zutela horren berri. Gainera, dietetan, justifikatu gabeko 50.751 euro kobratu izana egotzi die fiskalak Artxankori eta Peraltari.
Iraganeko garai iluna, akusatuen aulkian
Astelehenean hasiko da 'Osasuna auziaren' lehen epaiketa. Artxanko presidente ohia, haren zuzendaritzako bost kide, Betiseko hiru jokalari ohi eta higiezinen arloko bi agente epaituko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu