Azkar zabaldu zen zurrumurrua Eibarren udako egun batez: Diego Rivas (Ciudad Real, Espainia, 1980) herrian zebilen, Eibar taldeko jokalari izateko tratuan. Berehala baieztatu zuen klubak albistea, eta erdilaria taldeko jokalari zela ofizialki jakinarazi zuen. Ezustea izan zen askorentzat Eibar den klub apalak Rivas fitxatu izana.
Berarentzat eta bere familiarentzat ez zen inolako ustekabekoa izan Eibarrera etortzea. Hala esan du berak: «Realetik alde egin nuenean berriz itzultzeko aukera buruan izan dut beti. Ez nekien Realera itzultzeko aukera aterako zen, baina Donostiara itzuliko nintzela banekien». Realak ez, baina Eibarrek deitu zion: «Gaizkak [Gaizka Garitano entrenatzailea] deitu zidan, zer asmo zuen galdetzeko, zertan nenbilen jakin nahi zuen. Entzun nahi zuena erantzun nion, egia zelako azken batean: itzuli nahi nuela lurralde hauetara». Azkar egin zuten bat klubaren nahiak eta jokalariarenak. Denboraldi baterako izenpetu zuten tratua.
Itzuliko zela jakin arren, udako egonaldi batean erabaki zuen emaztearekin bazela ordua Donostiara bueltatzeko: «Udan izan ginen, eta elkarri esan genion hau zela momentua». Garitanoren deiak eta Eibarren nahiak gainerako guztia egin zuten. Eta, jakina, pozik dago Rivas: «Donostian bizi naiz, eta oso gustura nago. Emaztea eta umeak ere bai, eta hori funtsezkoa da niretzat». Iraganean aurkitu nahi izan ditu aurrera egiteko heldulekuak. Realak 2006ko udan fitxatu zuen, eta 2011n joan zen, Hercules taldera: «Bigarren denboraldian Cadizen aritu nintzen, Realak utzita, baina gai izan nintzen egoerari buelta emateko. Realeko lehen denboraldian jarraitzaileak ez ziren oso gustura geratu nirekin, baina gero lortu nuen jendearen babesa». Zelaian irabazi zituen zaleak, eta zaleen maitatua izan zen: «Hirian oso zoriontsua izan nintzen. Oso jende jatorra da, adeitsua, eta hiria, oso ederra». Aldarte on hori beharrezkoa du jokalariak zelaian ondo aritzeko, Rivasen ustez: «Familiaren babesa eta klubarena ezinbestekoa da». Realean izan zuen, eta Eibarren horixe aurkitu du: «Banekien nolako kluba den, eta banekien gustura egongo nintzela».
Joan zen sasoian, Herculesen ez zen ondo moldatu, «gauza bat zela eta bestea zela», eta helduleku sendo bat behar zuen aurrera egiteko. Horrek ekarri du Eibarrera, eta hartutako erabakiaz ez du inolako damurik: «Eibar klub apala da, baina gauzak oso ondo egiten ditu. Futbolaria gustura egoten da hemen». «Gustura egotea neure buruarekin eta taldekideekin, eta hori lortzen ari naiz».
Kirol helburuak
Beste helburu bat taldearen bera da: «Mailari eustea da asmoa, eta lortuko dugu. Emaitza onak lortzea falta zaio taldeari, jokoz ez delako izan aurkariak baino gutxiago. Rivas lasai dago: «Orain, ezinbestekoa da konfiantza ez galtzea; aurrera jarraitu behar dugu». Taldea itxura ona ematen ari da, eta horri heltzen dio baikor izateko: «Joko onari golak gehitzea falta zaigu. Itxura ona ari gara ematen, eta horrek konfiantza ematen digu. Gertu ikusten dut garaipena, taldea partidak irabazteko nahikoa meritu ari delako egiten».
Ostegunean, kolpea hartu zuen taldeak, Espainiako Kopatik kanpo geratu eta gero, Alcorconen aurka, luzapenean, eta Ipuruan bertan (1-2). «Futbolak duen gauza ona da berehala ematen dizula beste aukera bat, eta guk bihar[gaur]daukagu. Azken batean, futbolak ez dauka memoriarik, eta bihar [gaur] bertan daukagu aukera gure historia beste era batera idazteko».
Iraganeko bidetik
Diego Rivasek aurreneko denboraldia du Eibarren, eta oso pozik dago taldean eta klubean. «Lehengo sentsazioak berreskuratzera» dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu