Iragana, aurkari

Iragan sasoian Javi Graciaren aginduetara igo zen Almeria Lehen Mailara. Gaur iluntzean, ordea, aurkariaren aulkian eseriko da. Asko dago jokoan. Sentimenduek ez dute tokirik.

Iruñea
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Javi Graciari (Iruñea, 1970) ez zaio arrotz Almeriako Joko Mediterraneoen Estadioa (Espainia). Urtebetez izan zen haren etxea, sasoi batean entrenatu baitzuen Espainiako taldea, 2012-13koan, hain zuzen. Entrenatu, eta ondo entrenatu ere. Izan ere, haren aginduetara igo zen Lehen Mailara Almeria. Hori da, hain justu, bere entrenatzaile ibilbideko lorpenik handiena.

Gaur gauean, ordea, arrotz egingo zaio aurkariaren aulkian esertzea, gaur kontrario izango baitu talde ohia. Almeriako zaleek ez diote txalorik ukatuko. Hargatik, jokoan diren puntuen premiak erabat baldintzatuko du Almeriako zaleek egin diezaioketen harrera. Beste egoera batean ongietorri beroa izango zuen. Gaur iluntzean, ordea, Bigarren Mailara jaistea saihestu nahian dabiltzan bi talde izango dira aurrez aurre, eta Osasuna eta Almeriaren arteko norgehiagokaren garrantziaren jakitun, oharkabean pasatuko da bere itzulera.

Esteban, Marcelo Silva, Trujillo, Verza, Corona, Fernando Soriano, Aleix Vidal, Zongo, Azeez eta Rafita bere aginduetara izan zituen Javi Graciak iragan denboraldian. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu, baina haiek ere hura. «Berak gu ezagutzen gaitu, baina guk bera ere bai. Ez du abantailarik izango horregatik. Geldikako jokaldiak asko eta ondo landu ohi ditu partida bezperan, eta seguru jokaldi horiei etekina atera nahiko diela. Jakinaren gainean gaude», esan du Rafitak. Verzak, ordea, zalantza gehiago agertu ditu: «Ez dakit zer espero behar dugun. Egun taldean gauden jokalarien %60 egon ginen haren aginduetara. Beraz, ondo ezagutzen gaitu. Badaki zer egin dezakegun, eta ez ninduke harrituko lehen hogei minutuetan gu ezustean hartzeko zerbait prestatu izana».

Iragan sasoian bigarren taldea zuzentzen zuen Francisco Javier Rodriguez da egun Almeriako entrenatzailea. Askori antzekoak iruditzen zaizkio Francisco eta Javi Gracia. Gaur elkarri ezustekoak ematea izango dute helburu biek.

Mailaz igo eta agur esan

Javi Gracia Osasunan ari da, baina lasai-lasai egon zitekeen Almerian. Izan ere, taldea Lehen Mailara igo zuenean aulkian jarraitzeko eskaintza egin zion klubak. Javi Graciak, ordea, ez zuen onartu eskaintza. Helburua lortu eta gutxira jabetu zen presidenteak ez zuela bere iritzia aintzat hartzeko asmorik Lehen Mailan aritzeko taldea osatzerakoan. Egoera horretan Almerian jarraitzea apustu arriskutsua izan zitekeela ondorioztatu zuen, eta eskaintza ez onartzea erabaki zuen. Hark ezetz esan eta berehala jaso zuen eskaintza Franciscok. Beraz, neurri batean, hari zor dio Franciscok Almeriaren aulkian esertzea. Javi Graciaren zorionerako, sasoia talderik gabe hasi eta berehala iritsi zitzaion Osasuna entrenatzeko eskaintza. Hiru jardunaldi besterik ez zuen iraun Jose Luis Mendilibarrek Iruñeko taldearen aulkian.

«Futbol kontutzat». Halakotzat jo du Javi Graciak gertatutako guztia. «Orain hamar hilabete Lehen Mailara igotzeko borrokan nengoen buru-belarri Almerian, eta orain beste talde batekin noa hara haiek Bigarren Mailatik gertuago uzteko asmoarekin. Horrelakoxea da futbola».

Aitortu du «partida berezia» izango dela, baina ez du horretan pentsatzeko astirik. «Ezin naiz nostalgian pentsatzen hasi. Aurkari zuzenak gara, eta puntuek garrantzi itzela dute». Ez du uste talde ohiaren aurka aritzeak mesede egin diezaiokeenik. «Ez dut uste inolako abantailarik dudanik. Lehen itzulian 0-1 irabazi ziguten Sadarren, eta orduan ere ezagutzen nituen Almeriako jokalariak. Badakit Almeriako zaleek maite nautela, baina Osasunak galtzea nahiko dute. Ez dut harrera berezirik espero. Lagunak agurtuko ditut, baina ez dakit zaleek nola hartuko nauten. Hiri horretan maitatua sentitzeko ez dut harrera berezirik behar».

Osasunako entrenatzaileak arrazoi du: ez du astirik kirolaz kanpokoez arduratzeko. Batetik, puntu premia larrian da Iruñeko taldea, jaitsiera postuetan baita. Iragana da Almeria, eta oraina Osasuna. «Hilabete eta erdi barru nire bizitzako pozik handiena edo nire bizitzako atsekaberik handiena hartuko dut». Bestetik, hasierako hamaikakoan funtsezko bi jokalari faltako ditu gaur: Jordan Loties eta Emiliano Armenteros. Miguel Flaño eta Cristian Lobato dira haiek ordezkatzeko hautagai nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.