Jada lortu duen palmares oparoa handitzeko aukera dauka Irene Paredesek (Legazpi, Gipuzkoa, 1991) hurrengo bi asteetan. Bartzelonako jokalariak Kopako finala jokatuko du gaur Realaren aurka (19:00) Zaragozako (Espainia) La Romareda futbol zelaian. Eta gaur zortzi, San Mamesen, Damaris Egurrolaren Lyongo Olympiquen aurka lehiatuko da Txapeldunen Ligako finalean. Irabaztekotan, bigarren Txapeldunen Liga zein Kopa lirateke gipuzkoarrarentzat, Bartzelonarekin.
Uztailean 33 urte beteko ditu Paredesek, baina Marina Agoues (Zarautz, Gipuzkoa, 1992) bere taldekide ohi eta lagunak dio goi mailan «urte asko» jokatuko dituela oraindik. «Egia da adinarekin suspertzea gehiago kostatzen dela, baina berak asko zaintzen du bere gorputza. Epe laburrera helburu asko dauzka». Agouesek eta Paredesek Zarauzko taldean ezagutu zuten elkar, 2007an, eta gerora Realeko jokalari gisa ere batera aritu ziren. Paredesen helburuen artean daude, noski, hurrengo bi finalak, baita Parisko Olinpiar Jokoak ere. «Olinpiar Jokoei buruz berarekin hitz egin izan dut, eta badakit berarentzat amets bat litzatekeela parte hartzea. Bere bikotea belar hockeyko jokalaria zen, eta helburu berbera izan zuen; berezia litzateke».
Aurrez, baina, Realaren aurka, bere talde ohiaren kontra, finala jokatu behar du gaur. «Realari estimu handia dio, bertan hasi zelako. Edonola, urte osoan lanketa psikologiko handia egiten du horrelako partidak prestatzeko, eta buruan daukan gauza bakarra irabaztea da. Irabazten jarraitu nahi du, anbizioa du, eta urteekin gehiago nabaritu zaio hori. Esan izan dit inoiz baino hobeto dagoela orain, garrantzitsua sentitzen dela taldean, eta futbolak bera uzten duen arte hor segiko duela».
Agustin Mujika Belmonte (Zarautz, Gipuzkoa, 1947) Agouesen eta Paredesen entrenatzailea izan zen Zarautzen 2007-2008ko denboraldian, Legazpiko jokalariak klubean egin zuen sasoi bakarrean. «Sebas Martija klubeko koordinatzailea komertziala zen, eta lanean zegoen batean aipatu zioten bazela neska bat talde bila ari zena. Zarautzera ekarri genuen entrenamendu batera, eta nik bereahala ikusi nion, lanketa on batekin, etorkizun handiko jokalaria zela. 15 urte baino ez zituen, oso gaztea zen, eta, horrek kezka eragiten zigunez, Urolako taldean jokatu zuen urtebete, Zarautzera etorri aurretik».
«Bere gorpuzkera eta jokatzeko modua ikusita, agerikoa zen erdian zein atzeko lerroan jokatzeko oso jokalari aproposa zela; atleta bat zen».
MARINA AGOUES Irene Paredesen taldekide ohi eta laguna
Euskarri postuan jokatu zuen Paredesek denboraldi hura. «Indartsua izateaz gain, baloia mugitzen eta jokoa banatzen ondo moldatzen zen. Bi hankekin oso ondo jotzen zuen baloia, eta buruz ere ona zen. Hobeto kokatzen-eta ikasi behar zuen, baina berezkotik jada asko zuen». Agouesek ere gogoan du denboraldi hura. «Etorri zenean ez nuen ezagutzen. Bere gorpuzkera eta jokatzeko modua ikusita, agerikoa zen erdian zein atzeko lerroan jokatzeko oso jokalari aproposa zela; atleta bat zen. Baloiarekin denbora gutxian garapen handia izan zuen, eta edozein postutara berehala egokitzen zen. Urte hartan asko ikasi zuela esan izan du berak beti».
Denboraldi hura amaituta, taldea utzi eta Burgosera bizitzera joan zen Mujika. «Nire laguntzailea zena geratu zen taldeko entrenatzaile gisa, eta, jada Burgosen nengoela, deitu egin nion Realak Irenengatik galdetu ote zuen jakiteko. Halakorik gertatu ez zela jakin nuenean, Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendariari zuzenean deitu nion, Irene ikusi behar zutela esateko. Ez zuten argi ikusten, baina nik azpimarratu nien ez dela gauza bera maila handiko jokalariekin jokatzea edo beste batzuekin aritzea, eta, azkenean, entrenatzaileari ere deitu ostean, Zubietara eraman zuten, eta gaur egun arte», gogoratu du Mujikak.
«Ikusten nuen jokalari aparta zela, agian ordu hartan munduko onenetako bat izango zela pentsatzea gehiegi zen, baina nik argi daukat horrelako oso gutxi entrenatu ditudala».
AGUSTIN MUJIKA Irene Paredesen entrenatzaile ohia
Hiru denboraldi egin zituen bertan Paredesek, Athleticerako urratsa egin aurretik. «Realean beste Irene batekin topo egin nuen. Zarautzetik apur bat bigarren maila batean igaro zen, baina Realean jada jokalari garrantzitsua zen, eta beste rol bat zeukan. Hirugarren sasoi hura amaitu aurretik, ikusten zuen Realean sabaia jo zuela, eta ezingo zuela hobetzen jarraitu. Hala, Athleticera joatea erabaki zuen, asko pentsatu ostean, eta, han, bai, asko ikasi zuen, eta urrats handia egin», nabarmendu du Agouesek. Zarautzen erdilaria zen, Realean eskuin hegaleko atzelaria, eta Athleticen, jada, erdiko atzelaria. «Hogei urterekin joan zen Athleticera, eta lehen aldiz deitu zuen Espainiako selekzioak, beheko mailetan inoiz jokatu gabea bazen ere. Ikusten nuen jokalari aparta izango zela, agian ordu hartan munduko onenetako bat izango zela pentsatzea gehiegi zen, baina argi daukat nik horrelako oso gutxi entrenatu ditudala. Laura Gomez jokalari bikaina zen, zer esan Maite Lizasori buruz, baina Ireneri oraindik eta ibilbide oparoagoa ikusten nion», adierazi du Mujikak.
Bertute ugari
Paredesen bertuterik onena aipatzean, Mujika eta Agoues ados jarri dira: futbola ulertzeko duen gaitasuna. Agouesek honela azaldu du. «Jokoaren irakurketa bikaina egiten du. Futbol asko ikasi du, eta aurkariak ondo aztertzeko gaitasuna dauka». Berehala ikusi zuen Mujikak Paredesek bazuela gaitasun hori. «Berezia zen horretan. Futbolari dagokionean, oso pertsona jantzia da. Jendea eta lerroak kudeatzeko gaitasuna ere badu orain».