1 Formula

Irabazten hasi, defenditzen bukatu

Max Verstappenek laugarrenez jarraian irabazi du Munduko 1 Formula Txapelketa. Red Bullekoak sendo hasi zuen denboraldia, baina haren autoak behera egin zuen gero. Hala ere, inork ez du aukera aprobetxatu hari gailentzeko.

Max Verstappen. SHAWN THEW / EFE
Max Verstappen, laugarren titulua ospatzen, atzo, Las Vegasen. SHAWN THEW / EFE
Laurentzi Garmendia
2024ko azaroaren 25a
12:15
Entzun

Max Verstappen (Hasselt, Flandria, 1997) laugarren aldiz da munduko txapeldun. Jarraian lortu ditu lau tituluak. Lehena izan zuen lortzeko zailena, 2021ean. Aurtengoa izan da horren ondoren zailena, Red Bullekoak urteko lehen laurdenean bakarrik nagusituz irabazi baitu titulua. Miamikotik (AEB) aurrera, gainerako auto eta gidariek maila hobetu zuten. Baina Verstappenek Bartzelonan, urteko hamargarren lasterketan, zazpigarren garaipena lortu zuen. Hurrengo hamabi lasterketetatik, berriz, bakarra lortu du. Baina egoera kudeatzen jakin izan du, maisuki, erregulartasuna eta motibazioa bere gain hartuta. Alain Prosten eta Sebastian Vettelen pare jarri da.

Urte zurrunbilotsua izan da Red Bullen. Christian Hornerren jarrera, Adrian Neweyren agurra, Sergio Perezen lan eskasa, autoaren garapen geldoa... baina horri guztiari aurre egin eta taldeari bultzada eman dion jokalari nagusia izan da Verstappen. Beti izan da aurkari zaila buruz burukoan. Horretarako, ordea, harekin lehiatuko den norbaitek egon behar du, eta azken bi urteetan hori ez da gertatu kasik. Egoera desberdina izan da aurten, hark espero baino gehiagotan lehen postutik urrun topatu baitu bere burua, ezohiko aurkariekin lehian. Horretan berriro erabili behar izan ditu lehiarako bere dohainak, baita ukondoak ere —bost aldiz kendu dizkiote puntuak—.

Ia aurkari gogorragoa izan du beste edozein gidarik baino: FIA bera, Nazioarteko Automobilismo Federazioa. Txapelketako mutiko gaiztoa da aspalditik Verstappen, gura duena esateko eta egiteko ohitura duena. Besteak beste, Austriako, Mexikoko eta Brasilgo lasterketan egindako maniobrengatik zigortu dute, segundoak kenduta. Duela gutxi adierazi zuen 1 Formulako paddock-arentzat pasaporte okerra zuela, eta zenbait erabakitan ingeles batzuek izandako jokabidea gaitzetsi zuen, bereziki Johny Herbertek izandakoa. Ez da antzeko zerbait esan duen bakarra, behin baino gehiagotan Fernando Alonsok ere adierazi izan baitu halakorik.

Pistan ez du bere pareko aurkaririk topatu. McLarenek, urteko autorik onenaren titulu ez-ofiziala duenak, kale egin du. Lando Norris eta Oscar Piastri autoaren mailaren behetik aritu dira, eta taldeak ere ez du Norrisen alde egin, oso kasu bakanetan izan ezik. Azken horrek gehiegitan egin du huts: batzuetan, aukerak ez baliatuz, eta beste batzuetan, gorabeheratsu arituz. Ez du errukirik gabeko txapeldun baten tankera erakutsi, eta horrela ezin zaio irabazi Verstappeni. Ferrari eta Mercedes azkarrak izan dira urteko zenbait garaitan, baina haien arteko lehia gorabeheratsuak mesede egin dio Verstappeni. Norrisek benetako aukera zuen aurten txapelketa irabazteko; hori da errealitatea.

Bi lasterketa falta dira urtea amaitzeko, eta badira gauzak jokoan. Verstappen txapelduna bada ere, bigarren posturako lehian dira Norris (340 puntu) eta Charles Leclerc (319 puntu). Qatarren esprint lasterketa ere jokatuko dutenez, 58 puntu gelditzen dira jokoan. Hori baino garrantzitsuagoa da autogileen txapelketa, eta pil-pilean dago. McLaren da buru, baina Ferrarik eta Red Bullek oraindik badute irabazteko aukerarik. Irabazten duenak milioi gehiago jasoko ditu urte amaieran, baina haize tunelean ordu gutxiago datorren urtean. Oreka bilatu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.