Espainiako Vuelta. Jon Aberasturi. Euskadi-Muriaseko txirrindularia

«Irabazten ez badut ere, ez naiz pasatuko oharkabean»

Jon Aberasturik ginga jarri nahi dio denboraldiari Espainiako Vueltan, espero baino hobea izan baita. Sasoiko dago txirrindulari gasteiztarra, eta ez du uste batere urrun dagoenik goi mailako esprinterren ahalmenetik.

2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Azken urteetan Euskal Herriko txirrindularitzaren harrobiak emaniko esprinter peto bakanetakoa da Jon Aberasturi (Gasteiz, 1989). Prest dago bihartik aurrera bere abiadura erakusteko Espainiako Vueltan. Euskadi-Muriasek bezala, lehiatzen duen lehen hiru asteko itzulia izango du. Harekin batera punta-puntako esprinterrak ariko badira ere, garaipenaren ametsa ez dio inork kenduko.

Euskadi-Murias hiru asteko itzuli batean lehiatuko den lehen aldia izango da. Nolako giroa duzue taldean?

Errepidean dena emateko ilusioz eta gogoz gaude. Hala ere, badakigu lasterketak nolako maila duen, eta ez diogu errespeturik galdu.

Taldean, Eduard Prades eta Hector Saez soilik lehiatu dira hiru asteko itzuli batean. Gomendiorik eman al dizuete?

Oraindik ez dugu lasterketaz askorik hitz egin. Herenegun heldu ginen Malagara; atzo izan genuen taldearen aurkezpena, eta pixkanaka ari gara lasterketan sartzen. Ondo etortzen dira halako bizpahiru egun lasai. Uste dut lasterketaz zenbat eta beranduago hasi hitz egiten orduan eta hobeto izango dela agian. Bestela ere nahiko luze egingo zaigu.

Espainiako Vueltan ariko zinetela jakinda, aurtengo prestaketa berezia izan al da?

Denboraldiaren lehen zatian inork ez genekienez nor joango zen Vueltara, lan karga handia izan genuen denok. Sasoia ondo hasi, eta lehen garaipenak eskuratu genituen. Ondoren, atsedenerako tarte bat hartu, eta Vueltarako tokia gutxi gorabehera ziurtatuta genuen txirrindulariok altueran entrenatzera joan ginen. Handik bueltan, Getxon eta Burgosen aritu nintzen, lasterketa erritmoa hartzeko. Orain, lan horren guztiaren fruitua jaso nahi nuke. Ohartzen naiz, ordea, World Tourreko lasterketa izanik, aurkariek maila altuagoa izango dutela Vueltan gainontzeko probetan baino.

Sasoiko iritsi al zara?

Bai. Prestaketa lana espero bezala joan da. Ez dut nekerik nabari, gainera. Gustura sentitu naiz egin ditudan azken entrenamenduetan. Ongi nago, eta dauzkadan aukera guztiak baliatu nahi nituzke.

Zenbat etapatan ikusten duzu esprintean iristeko aukera?

Egia esan, ez dut zehatz-mehatz aztertu ibilbidea. Gainetik begiratu ditut profilak. Hiruzpalau etapek oso aproposak dirudite esprintean iristeko. Galdera ikurrarekin daude beste bizpahiru. Horietan, helmugatik gertu dauden igoeretan apur liteke taldea. Hala ere, hanketan dagoen indarrak aginduko dit zenbat esprintetan egongo naizen.

Besteak beste, Peter Sagan munduko txapelduna izango duzu aurkari.

Bai, baina iritsiera lauetan Elia Viviani [Quick Step]izango da menderatu beharrekoa. Saganentzat aproposagoak dira etapa bihurriak. Azkarrenen zerrenda luzea da: Nacer Bouhanni [Cofidis], Danny van Poppel [Lotto-Jumbo], Giacomo Nizzolo [Trek]... Iazko Vueltan nagusi izan zen Matteo Trentin [Mitchelton] ere bertan da. Hainbeste arerio edukitzea ona eta txarra da aldi berean. Ona da talde askok nahiko dutelako esprintean iritsi. Ez dut uste etapa lauetan ihesaldiek aukera handirik izango dutenik. Gainera, maila oso oneko arerioak ariko dira. Zaila izango da denak menderatzea.

Haien parean ikusten al zara?

Bai. Uste dut badudala aukera etapak lehiatzeko. Ez dut esaten irabaziko diedanik, baina ez dut uste oharkabean pasatuko naizenik. Laugarren, bosgarren edo seigarren bada ere, hor egongo naiz.

Lehiatuko duzun lehen itzuli handia izango da Espainiako Vuelta. Beldurrik ematen al dizu erronkak?

Eroriko txar bat izateak ikaratzen nau gehien. Zorte txarrak pikutara bidal dezake egindako lana. Zoritxarrik ez badut, gainontzekoa nire esku egongo da.

Mendiko etapak ez dituzu aipatu.

Ez, baina asko kostako zaizkit, ziur. Ikaragarri sufritu beharko dut malda gogorretan gora. Hala ere, buruz prest nago igoerei aurre egiteko.

Zer helburu dituzue talde modura?

Eduard Pradesek eta nik esprintetan izango dugu aukera. Gainontzeko taldekideak borrokarako prest dira. Beste talde gonbidatuetako txirrindularien antzera, ihesaldiak harrapatzeko ahalegina egingo dute. Lana gogotik egingo dugu behintzat. Fresko iritsi gara Vueltara, eta denok ere ilusioz gainezka gaude.

Aukera paregabea duzue euskal zaleak gustura uzteko, ezta?

Taldearentzat, Oizen amaituko den etapa da garrantzitsuena. Ea egun horretan Mikel Bizkarra, Gari Bravo edo Mikel Iturria ihesaldian sartzen diren, eta etapa lehiatzeko aukera duten.

Esprinten bat irabazten baduzu ere poztuko dira.

Bai, baina igoeretako ikuskizuna da zaleei gehien gustatzen zaiena. Euskal txirrindularitzak mendateetan izan du distira gehien. Esprinterrak itzalean gaude apur bat.

Hala ere, esprinterrek igotzaileek adina zaindu behar duzue, ezta?

Ez dago alde handirik, elikaduran behintzat. Denok zaindu behar dugu. Xehetasunetan sartuta, baliteke esprinterrok proteina gehiago hartzea. Hala ere, genetikak baldintzatzen du elikaduraren zati handi bat.

Elikaduraren garrantzia aipatu duzu. Datozen egunetan ere kontuan eduki beharko duzue, ala?

Vueltan izango ditugun jatorduak egindako esfortzuaren arabera daude orekatuta. Hoteletan finkatuta ditugu jada menuak. Jaki desberdinak izango ditugu egunero, horrek psikologikoki ere laguntzen baitu.

Kanpotik badirudi Euskadi-Murias lan ona ari dela egiten. Zuk denboraldi bat daramazu taldean. Sentipen bera al duzu?

Bai. Jon Odriozolak eta gainontzeko zuzendariek esatek digute espero baino denboraldi hobea ari dela izaten. Gainera, emaitzak ez datoz txirrindulari bakarraren eskutik. Taldea, orokorrean, lan bikaina ari da egiten, eta harro nago Muriasen parte izateaz. Gazte ugari ditugu taldean, eta etorkizuna ziurtatuta dago. Pena da, ordea, oraindik ez agertzea proiektuari arnasa gehiago emango dion babeslerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.