Javier Zabaleta (Miranda Arga, Nafarroa, 1952) orain bi urte egin zen ezagun Osasunako zaleen artean, Patxi Izkok eta Jose Antonio Camachok Osasunari ezarri nahi zioten bidearekin «nazkatuta» hainbat lagunek Denok Gara Osasuna plataforma aurkeztu zutenean. Helburua zehatza zen: Izkoren oposizioa izatea. Zabaleta zen plataformako kide eta sustatzaileetako bat. Orduan, Izkori hauteskundeetan aurre egiteko aukera ez baliatzea eta gero agertzea kritikatu zieten. Izkoren agurraren ondotik, ordea, presidentetzara aurkeztea erabaki du Zabaletak. Miguel Artxanko izango da haren lehiakidea. Bihar aukeratuko dute presidente berria Osasunako bazkideek.
Jada ez da ia ezer geratzen hauteskundeen eguna iristeko. Prest zaude etor daitekeenari aurre egiteko?
Prest gaude, egunotan azaldu ditugun gaiak defendatzeko prest eta bi proiektuen ezberdintasunak zeintzuk diren bazkideei argitzeko prest.
Kluba barrutik ezagutzearen abantaila dauka zure aurkariak, Artxankok. Hala ere, baikor zara.
Ezagutzaz gain, kluba bere probetxurako erabiltzeko aukera izatearen abantaila ere badauka Artxankok, baina desabantaila bat ere badauka: hamar urte hauetan egin duten kudeaketa txarra.
Bazkideen asmoen inguruko zein inkesta dituzu?
Inkestak egin dira, baina oso bazkide gutxi hartu dituzte aintzat. Ez dut uste bazkide guztien benetako asmoa erakusten dutenik. Nire ingurukoek egindako galdeketetan, %60ko babesa du Artxankok. Besteek egindakoetan, aldea handiagoa omen da. Dena dela, inkesta seriorik ez da egin.
Futbola kanpotik soilik ezagutzen duzula leporatu dizu Patxi Izkok.
Gai honetan interes handiak ditu Patxi Izkok. Artxankoren aldeko kanpaina egiten ari da, enpresariei deika, klubeko langileak Artxankoren aldeko adierazpenak egitera behartuz. Guk irabazten badugu, Izkoren lotsariak agerian geratuko dira, agian, eta horren beldur dira.
Zure ustez, zer da Izkok hamar urte hauetan egindako onena?
Kluba Lehen Mailan mantentzea.
Eta txarrena?
Kudeaketa ekonomikoa eta harrobiko lan eskasa. Kudeaketa ekonomikoa lotsagarria izan da, zorra hirukoiztu egin baita. Harrobiko lanean ere, batik bat azken urteetan, gauzak negargarri egin dituzte. Camachoren aroan galga jarri zitzaion Nafarroako harrobiari, eta haren garapena mugatu zuten.
Camachoren aroa «kaltegarria» izan zela diozu.
Kirol arloan helburua lortu zuela ukatzerik ez dago, buruko min handiak eragin baldin bazizkigun ere, taldeak Lehen Mailan jarraitzea lortu baitzuen. Camacho aulkian zegoenean egindako apustuak, ordea, Osasunaren harrobia suntsitu zuen, eta hori izan da betidanik talde honen ezaugarri nagusia. Camachok kargutik politika kontuengatik kendu zutela esanda, argi geratu zen ez zuela onartu nahi ez zuela asmatu Osasunako zaleekin bat egiten. Bazkideek beste ideia bat dute Osasunaz.
Osasuna etxeko jokalariz beteta ikustea posible ikusten duzu garai hauetan?
Lehen Mailako jokalari nafarrekin hamaikako bat egiten hasten banaiz, Iraizoz, Azpilikueta, Ekiza, Flaño, Monreal, Javi Martinez, Puñal, Raul Garcia, Muniain eta beste jokalari batzuk datozkit burura. Talde hori izanez gero, Osasuna Ligako postu onenen lehian izango zen Nafarroako jokalariekin. Fitxatutako bizpahiru jokalari on eta jokalari nafarrak nahi ditugu lehen taldean. Bigarren Mailatik 30 urterekin iristen diren jokalariek ez digute balio.
Javi Martinez Lehen Mailan jokatu aurretik joan zen Athleticera, klubean sei milioi euro utzita.
Javi Martinezek ez zuen Bilbora joan nahi. Haren anaiak ez zuen esperientzia ona bizi izan Athleticen, etajokalariak nahiago zuen Osasunan jarraitu. Familiak ere ez zuen nahi. Athleticek eteteklausula ordainduko zuela ikusita, klubak bultzatu zuen Javi Martinez taldea uztera. Dirua mahai gainean ikusi orduko, beste ezertan ez zuten pentsatu.
Txantreako harrobitik irtendako jokalariak ere aipatu dituzu: Ekiza, Muniain…Nafarroako Foru Erkidegokoak izanagatik kanpoko beste klub batzuekin hitzarmenak dituzten jokalariak berreskuratu al ditzake Osasunak?
Hitzartuta dauzkagun klubekin lana ondo eginez gero, erreferentzia bat izan gaitezke, eta kanpora begira lanera ari diren klub horiek ere Osasunarekin akordio onak lor ditzaketela ikusiko dute. Ez da Athletic soilik: Realak, Zaragozak eta Real Madrilek ere badituzte interesak Nafarroan. Beste toki batzuetan Nafarroako harrobia asko baloratzen da, eta Osasunak gauzak hobeto egin behar ditu. Nafarroako klubak urruti ikusten badituzu, oso tarteka soilik bisitatzen badituzu, normala da klub horiek besteengana jotzea. Elizondon, Tuteran, Zangozan, Lizarran… bazter guztietan kritika berak entzun ditugu horren harira. Ez dute gertu sentitzen Osasuna. Lan egiteko era aldatu behar da.
Nahiago duzu bigarren taldea egun bezala Bigarren B mailan jokatzea, edo soilik jokalari nafarrekin Hirugarren Mailan?
Zenbait jokalariren etorkizuneko garapenak hori badakar, bai. Bigarren B Mailan egotea hobe dela argi dago, baina hori ez da Osasuna B-ren helburu nagusia. Lehen taldea hornitzea da gakoa, eta harrobiko taldeak mailaz igo eta jaitsi ibili ohi dira bazter guztietan. Jokalariak egin behar ditu, eta batzuetan maila galdu beharko dute futbolari egiteko bidean garatzeko. Nafarroako lau talde daude une honetan Bigarren B Mailan.
Esan duzu egunen batean ere entrenatzailea etxekoa izatea gustatuko litzaizukeela.
Osasunak harrobiaren alde egin dezakeen entrenatzaile bat izatea nahi dut. Ni ez naiz entrenatzailea, eta eurek hartu beharko dituzte erabakiak, baina Osasunan harrobia aintzat hartzea ezinbestekoa da. Jose Luis Mendilibar entrenatzaile egokia da, gertukoa da eta inplikatu egiten da.
Martin Gonzalez kirol zuzendariak eta Alfredo Sanchez bigarren entrenatzaileak errespetua eskatu dizute.
Nik ez dut inoren izenik aipatu,Taxoaren lana beste era batera egin daitekeela besterik ez dut esan. Errespetu handia diet Taxoaren lan egiten duten profesionalei.
Gertatzen dena gertatzen dela, hauteskundeak daude gutxienez. Hori albiste ona da Osasunako zaleentzat?
Bai, ezinbestekoa da. Dinastia bat zirudien Osasunako agintaritzak azken urteetan. Izkok hamar urte egin ditu, eta orain bere seme kutunena utzi nahi digu agintean. Eskandalua dela iruditzen zait. Izko ez da izan inoiz Osasunako zale guztion presidentea, eta orain bere seme kutunenari botoak bermatuta utzi nahi dizkio. Klubeko langileei presioa egin die Artxankoren alde kanpaina egin dezaten. Ez dut ulertzen. Zein dira guk ez ikustea nahi dituen zuloak?
Hautagai guztiek aurrekoen lana kritikatzen duzue, baina gero iritsitakoan inor gutxik salatzen ditu aurrekoen irregulartasunak, dena dela.
Izkok Javier Mirandaren kudeaketa ekonomikoa salatzen zuen hautagaia zenean, baina gero hirukoiztu egin da klubaren diru zorra bere agintaldian. Hori egia da. Guk irabaziz gero, Izkoren aroan Osasunako kontuetan izandako mugimenduen ikuskatze publikoa egingo dugu. Ez geneukan dirua xahutzen aritu gara, eta batzuen kudeaketa eskasa bazkideek ordaintzea ez da bidezkoa.Eta Izko aipatzen dudanean Artxanko ere aipatzen dut, Izkoren agindupeko umila izan baita Artxanko urte hauetan guztietan. Bere buruari 8,5eko nota jarri zion Izkok. Kontuak ikuskatu ostean bostetik beherako nota mereziko duela uste dut.
Nola murriztuko zenuke zorra?
Gauza logikoak eginez. Esaterako, ezin ditugu 31 jokalari izan lehen taldean. 20-22 jokalari nahikoa dira. Bigarren taldea ere hor dago. Satrustegik, Raoulek, Manuk eta Roberto Torresek erakutsi dute sasoi honetan aukera emanez gero lehen taldean lotsarik gabe ari daitezkeela. Eta, horrez gain, diru sarrerak handitu behar dira, noski. Elastikoan publizitaterik ez du izan Osasunak azken bi urteetan, esaterako. Eta hori ezin da onartu. Halere, batik bat, telebista eskubideengatik jasotako diruan egon daiteke gakoa. Banaketa sistema bidezkoago baten alde egin behar da lan, Alemanian edo Ingalaterran egiten den eran. Artxankok esan duenez, hori negoziatuta dago, eta aurrerantzean Osasunak diru gehiago jasoko du. Agiriak ikusi nahi ditut, ez dakit egia izango den ala ez. Baina hori da bidea.
Artxankok bere zuzendaritza taldean euskaldun bat izatea nabarmendu du. Zuk, berriz, emakume bat izatea. Botoen bila egindako apustuak dira?
Grazia egiten dit Artxankok. Azken hamar urteetan Osasunak euskara behar bezala ez duela zaindu esango nuke nik, eta orain zuzendari euskaldun bat izateagatik euskararen alde egingo dutela esatea tamalgarria iruditzen zait. Euskara hizkuntza ofiziala da gure erkidegoan, eta Osasunak maitekorrago azaldu behar du gure hizkuntzarekin. Hamar urtean ezer egin ez duenak orain hori saltzea…Emakumeen kasuan, futbolean ikusezinak dira, eta bada garaia gizonezkoek adina aukera izatea futbol klubetan.
Bi hautagaitzen arteko ezberdintasun nagusia zein da orduan?
Haiek proiekturik ez daukatela eta ideiarik gabekoa dela. Guk Nafarroa osora heldu nahi dugu. Fermin Ezkurra presidente ohiaren bidea eredugarria iruditzen zaigu.
Javier Zabaleta. Osasunako presidentegaia
«Irabazten badugu, Patxi Izkoren lotsariak agerian geratuko dira, agian, eta horren beldur dira»
Javier Zabaleta Miguel Artxankorekin lehiatuko da bihar Osasunako lehendakaritzarako hauteskundeetan. Zabaletak uste du «aldatzeko garaia» dela, azken hamar urteetako hutsak berriro ez egiteko. Horrek bultzatu du pausoa ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu