Arrauna. Euskotren liga. Maria Mendizabal. San Juaneko arraunlaria

«Irabazteko goseari eustea da gakoa, eta gu gose gara oraindik»

Mendizabalek laugarren denboraldia du Batelerekin, eta taldearen aro bikaina ari da bizitzen. Hiru aldiz irabazi ditu liga eta Kontxako Bandera, eta bata zein bestea laugarrenez irabazteko aukera asko dauzka aurten.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Handia da turisten joan-etorria Donostiako portu inguruan, eta asko ari dira zeharkatzen Portaleta, Alde Zaharrerako atea. Handik azaldu da Maria Mendizabal, San Juango arraunlaria (Donostia, 1991). Hemendik aste batzuetara, turistak baino gehiago, arraunzale eta apustuzaleak ibiliko dira leku horretan, Kontxako Banderaren aitzakian dirua jokatzen.

Apustu lekua izanik hau, eta Kontxako Bandera gertu dagoenez, San Juanen aurka jokatuko da dirurik estropada garrantzitsuenean?

Orain artekoa ikusita, dena gure alde dago, baina denetarik gerta liteke. Garbi dut, gure taldea nolakoa den jakinda, indar bereziarekin aterako garela Kontxa irabaztera.

Ba al dago irabaztera ohitzerik?

Beti nahi izaten da gehiago. Gakoa da irabazteko goseari eustea, eta gu gose gara oraindik.

Askotan irabazten ari denak izaten du arriskua erlaxatzeko ere, nahigabe bada ere. Izan duzue taldean horrelakorik denboraldi honetan?

Egon dira une batzuk, baina inkontzienteki sortuak, ez harrokeriagatik edo nahita erlaxatzeagatik. Estropadaren batean edo bestean atera izan gara lasaiago, gure lana ondo egiteko arreta pixka bat galduta. Estropada bakan horietan, eta irabazi arren, ez gara gustura irten uretatik, ez baitugu gure maila eman.

Aldi berean, exigentzia maila horrek ematen dizue indarra aurrera serio jarraitzeko, ezta?

Bai, hurrengo egunean lana hobeto egiteko indarra ematen digu.

Zer dauka San Juanek beste taldeek ez dutena?

Guk geure buruari asko eskatzen diogu; bakoitzak badakigu zein diren gure betebeharrak eta lana, zein gure mugak, eta lana oso serio egiten dugu. Entrenatzailea falta izan den egunetan ere berdin entrenatzen dugu, seriotasun berarekin. Beti gaude irabazteko gosearekin, eta asko haserretzen gara geure buruarekin gauzak ondo egiten ez ditugunean. Bakoitzak oso argi dauzkagu helburuak, eta konfiantza handia daukagu talde gisa, beti ari gara pentsatzen gauzak ondo egingo ditugula.

Lanerako kultura ondo barneratua daukazuela ari zara kontatzen, ezta?

Hori da. Entrenatzaileak ez dauka gure gainean egon beharrik lanak kalitatea izan dezan. Taldearen maila handia izanik, gure artean lehia sanoa dago titular izateko, eta horrek indartu egiten gaitu.

Eredugarri zarete lan egiteko moduan?

Beste talde batzuetan ere lan ona egingo dute, baina gurean badira arraunlari oso eredugarriak lanean, beti onenaren bila dabiltzanak.

Eusko Label ligako arraunlari batek esandakoa da San Juango emakumezkoen taldeak gizonezkoen hainbatek baino gehiago entrenatzen duzuela.

Besteek zer egiten duten ez dakit, baina gure artean aipatu izan dugu erdi txantxetan gutxi geratzen zaigula gizonen traineruekin lehian hasteko.

Entrenatzen duzuen bezala entrenatu gabe, eta bakarrik arraunlarien kalitatearekin, orain bezalako emaitza onak lortuko zenituzkete?

Prestaketa oso garrantzitsua da, eta, gutxi eginda, gauzak ezin dira ondo atera. Baina uste dut gaizki entrenatuta ere lortuko genituela emaitza onak, badelako taldean izaera lehiakor berezi bat. Hala ere, oso garbi daukat neguko lana oinarri ezinbestekoa dela gero udan ondo lehiatzeko.

Aurten, gainera, estropada gehiago dituzue Euskotren ligan. Zer iruditu aldaketa?

Gustatu zait. Hasieran bagenuen kezka puntu bat, ea nola egingo genion aurre, baina ondo gabiltza.

Bukatzen ari da zuen liga; lau estropada falta zaizkizue amaierara heltzeko, eta datorren igandean titulua irabazteko aukera duzue, Hondarribian.

Asteburuko bi estropadak irabazi behar ditugu horretarako, baina bestela ere nahiko bideratua daukagu.

Baina historikoa litzateke ligako estropada guztiak irabaztea.

Bai. Hori ere hor daukagu, eta bada gure helburua. Gauden lekuan egonda, hori lortu nahi dugu. Hala ere, ez erdiesteak ez luke gure lana itsustuko.

San Juanek badauka tartea sasoi puntuan beste estutu bat emateko ?

Baietz esango nuke. Helburua beti izaten da Kontxara puntu-puntuan heltzea.

Liga bukatu eta 11 egun egongo zarete lehiatu gabe Kontxarako sailkatze estropada baino lehen. Ez lehiatzeak kezkatzen al zaitu?

Gustatzen zaigu lehiatzea, baina atsedenak ez digu txarrerako eragingo. Gainera, Kontxako Banderak hau du ona: osteguneko sailkatze estropada oso gertu dagoela lehen igandetik, eta oso baliagarria eta lagungarria izaten da bizitasunari eusteko.

Orio gertu daukazue azkenaldian, eta jakina da Kontxako Bandera zer den oriotarrentzat, iaz gizonezkoekin ikusi zen bezala. Arduratzen zaitu horrek?

Denboraldi handia ari da egiten; ondoan dauzkagu, eta badute gosea irabazteko. Horrek indarra ematen die. Edozein egunetan izan daiteke bandera bat haientzat, eta Oriorekin erne ibili behar dugu Kontxan. Guk gurea egiten segitu behar dugu.

San Juanen aro bikain hau amaitzetik gero eta gertuago dago?

Urte askoan dabiltza arraunlari asko, eta urtetik urtera gehiago kostatzen da berriz hastea. Bestalde, azken urteetan egiten ari garena oso handia da, eta indarra ematen du aurrera jarraitzeko. Baina kontu eta erabaki horiek udazkenekoak dira, eta ez dakit zer gertatuko den. Iaz ere entzun ziren gauza batzuk, baina hemen segitzen dugu. Ezin da esan zer gertatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.