Espainiako Liga aurrerantz doa, eta gero eta tarte gutxiago dute euskal taldeek denboraldi hasieran jarritako helburuak lortzeko. Realak eta Osasunak Europarako postuetan sartu nahi dute; Alavesek, berriz, bigarren mailara jaisteko lekuetatik atera nahi du. Horretarako, gaur beste hiru puntu lortzen saiatuko dira hirurak.
Reala izango da gaur lehenengo jokatuko duen euskal taldea. Bartzelonaren aurka jokatuko du, Lluis Companys Olinpiar Estadioan, 16:15ean (Movistar+). Txuri-urdinek 1-0 irabazi zioten Hansi Flicken taldeari joaneko norgehiagokan, eta berriz emaitza ona lortzeko asmotan joan dira Bartzelonara; zaila izango dute baina, Realak 1978-79ko denboraldian irabazi baitzituen azken aldiz Bartzelonaren aurkako ligako bi partidak.
Reala bederatzigarrena da Ligan, eta 34 puntu ditu, seigarrenak baino puntu bat gutxiago. Ligan etxetik kanpo jokatutako azken lau neurketak galdu dituzte txuri-urdinek: 2-0 Celtaren aurka, 1-0 Valentzian, 2-1 Osasunaren kontra, eta azkenik 3-0 Betisen aurka.
Jon Pacheco eta Arsen Zakharyan min hartuta daude, eta azken orduan biei gehitu zaizkie Luka Sucic eta Mikel Oiartzabal, nahiz eta azken horien hutsunea ez den erabat ziurra. Nayef Aguerd, Take Kubo eta Sheraldo Becker ere ez daude deialdian, zigortuta baitaude. Baja asko baditu ere, Imanol Alguacilek esan du ahal duen talderik onena zelairatuko duela. Europako talde onenetako bat izango du Realak aurrean: kataluniarrak lehenak dira Ligan, Real Madrilekin berdinduta; Espainiako Kopan bizirik daude finalerdietan, eta Txapeldunen Ligan ere nagusitasuna erakusten ari dira.
Realaren ondoren, Alavesek Mallorcaren kontra jokatuko du Son Moixen, 18:30ean (Movistar+). Babazorroek puntu gehiago lortzen hasi behar dute lehen mailan jarraitu nahi badute. Gaurko arerioaren aurka lortu zuen Alavesek Mendizorrotzan lortutako azken garaipena, azaroan, Luis Garcia Plaza entrenatzaile zenean.
Gasteiztarrak hemeretzigarrenak dira Espainiako Ligako sailkapenean, eta 22 puntu dituzte. Azken garaipena duela sei jardunaldi izan zuten: babazorroek Betis menderatu zuten Sevillan. Hura izan da Eduardo Chacho Coudetekin irabazi duten neurketa bakarra; taldearen egoera muturrekoa bada ere, Coudetek esan du klubak ez diola ultimatumik igorri. Hala ere, 16. eta 17. sailkatuak, Leganes eta Las Palmas, gertu daude, bi puntura.
Tomas Conechny, Jesus Owono, Hugo Novoa eta Carlos Benavidez zaurituta daude, eta ez dira egongo Chacho Coudeten deialdian. Antonio Sivera, Jon Guridi eta Moussa Diarra, ordea, ez dira Vila-realen aurka arituko txartel horia ikusiko balute. Mallorca zortzigarrena da, 35 punturekin, eta Europatik gertu dabil berriz ere; Jagoba Arrasateren taldeari bukatu zaio urte hasierako bolada txarra, eta garaipen bat eta bi berdinketa eskuratu ditu azken hiru neurketetan.
Osasunak azkena
Azkenik, Osasunak Valentzia jasoko du 21:00etan, Sadarren (Movistar+). Gorritxoek Europarako postuekin amestu nahi dute, eta horretarako garaitu egin behar dute bigarren mailara jaisteko postuetan dagoen taldea. Hutsean berdindu zuten Mestallan joaneko neurketan.
Nafarrak hamabigarrenak dira, 32 punturekin, baina berdinduta daude Sevillarekin eta Celtarekin; 11. postuan dago Sevilla, eta 10.ean Celta. Urte osoan partida bakarra irabazi du ligan Vicente Morenoren taldeak: Realaren kontrako euskal derbia. Neurketa asko berdindu dituzte gorritxoek, azken seietatik lau. Egoera horren jakitun da Moreno: «Irabazi nahi eta behar dugu. Gure helburua lortzea posible dela izan behar dugu buruan».
Morenok jokalari guztiak deitu ditu neurketarako. Sergio Herrera da txartela horia aterako baliote hurrengo partida jokatuko ez lukeen jokalari bakarra. Valentzia, berriz, bere historiako boladarik okerrenetako batean dago: hemezortzigarrena da ligako sailkapenean, eta ligan oraindik ez du irabazi etxetik kanpo.