Eguneko lan saioa zuzendu aurretik, patxadaz mintzatu da taldearen egoeraz Yerai Martin, Eibarreko entrenatzailea (Andoain, Gipuzkoa, 1992). Bigarren jardunalditik irabazi gabe daude. Azken hamar jardunaldietan porrotak eta berdinketak baino ez dituzte pilatu ligan. Baina baikor da, eta uste du taldeak helburua lortuko duela sasoi amaieran: mailari eustea: «Horretarako ezinbestekoa da bai bakarka eta bai talde moduan hazten segitzea, eta horretan ari gara».
Igandean Realaren aurkako derbia jokatuko duzue. Zer espero duzu partidaz?
Egia da derbietan ez dugula sekula punturik batu. Baina gero eta gertuago gaude. Athleticen aurka azken unean galdu dugu sasoi honetan, eta aurreko denboraldian Ipuruan jokatu genituen bietan hobeak izan ginen. Detaileek erabaki dute partida, eta ea gure aldekoak diren. Reala indartsu dago, eta Sanchez Vera iristeak beste energia bat eman dio. Talde lehiakorra da, baina estu hartzen saiatuko gara. Derbien inguruan ere gauza bat esan nahiko nuke: Realaren eta Athleticen artekoak euren estadioetan jokatzen diren moduan, guretzat ere zabaltzea nahiko genukeela, haien artekoak bezala derbiak direlako.
Zein hausnarketa egiten duzu orain arte denboraldiak emandakoaz?
Emaitza aldetik oso ondo hasi ginen, lehen bi jardunaldietan bi garaipen lortuz. Baina hortik aurrera ez gara kapaz izan berriro irabazteko; kostatzen ari zaigu. Berdinketen bidez baino ez ditugu batu puntuak. Baina taldea haziz joan da, partida onak egin ditu eta guztietan izan da lehiakor. Bitxia bada ere, partida batzuetan lehen bi jardunaldietan baino hobeto jokatu dugu, baina ez dugu irabazi. Asmatu egin behar da, eta zorte apur bat eduki. Dena den, gogotsu gaude, eta ziur gaude horrela jarraituz gero iritsiko direla garaipenak.
Zer da gehien kostatzen ari zaizuena?
Bi areatan eraginkorragoak izatea. Garaipenetik gertu egoteko, gure atea hutsean utzi behar dugu. Baina zenbait partidatan huts batzuk egin ditugu atzean. Bestalde, kostatzen ari zaigu gol aukerak sortzea, eta horiek baliatzea. Hori lortuz gero, gauzak aldatu egingo dira. Ez da erraza hainbeste jardunaldi irabazi gabe egotea. Baina taldea ondo ari da kudeatzen horrek dakarrena, eta astelehen bakoitza aukera berri moduan hartzen dugu. Horretan tematiak gara. Kontuan izan aurreko sasoian garai honetan puntu gutxiago genituela, eta begira gero nolako bilakaera izan zuen taldeak. Gainera, aurreko sasoi osoan eta oraingo hamabi jardunaldietan ez gara sekula jaisteko postuetan egon. Hori ere bada zerbait. Alde horretatik, lasai gaude, eta indartsu. Nahiz eta jakin puntuak behar ditugula. Baina hori bakarka zein talde moduan hobetzen jarraitzeari esker lortuko dugu.
«Gure aurka jokatzen dutenean Realak eta Athleticek beren estadioak zabaltzea nahiko genuke, partida horiek ere derbiak direlako»
Halako egoera batean nola egiten du entrenatzaile batek bere mezua transmititzeko eta jokalariengana iristeko?
Hona ekarri gaituzten gauzak gogoraraziz, eta garaipena emango diguten gauzak indartuz. Ez dugu gure norabidea aldatu, eta lehen bi jardunaldien ostean laudorio asko jaso genituen arren, gure helburua mailari eustea da. Oso multzo ona daukat alde horretatik, haiek ere garbi baitituzte gauzak. Hiru kapitainak dira horren adibide: Arene Altonaga, Ane Campos eta Eider Arana. Hirurak etxekoak dira, eta haien jarrera eta balioak eredu dira beste jokalarientzat. Halako jokalarien laguntzaz kudeaketa askoz errazagoa da. Zorte handia dut jokalari guztiek badakitelako helburuak lortzeko beste talde batzuen bikoitza lan egin behar dugula.
Zein aldaketa egin nahi dituzu jokatzeko eran sasoi honetan?
Beti saiatzen gara aldaketa txikiak egiten. Zuzen jokatzen dugun talde bat gara, eta defentsan, oldarkor eta intentsitate handiz. Baina jabetu ginen baloia edukitzean lasaitasun puntu bat behar genuela, eta, horren bidez, partidaren kontrola eduki. Saiatzen ari gara aurrerapauso bat ematen alor horretan, eta uste dut pixkanaka lortzen ari garela. Baloia edukita, gutxiago nekatzen gara, eta aurkariak min ez egiteko modu onenetako bat da.
Zuretzat nolakoak izaten ari dira hiru urte hauek goi mailako entrenatzaile gisa?
Hunkitu egiten nau galdera honek. Gaztea naiz, eta beheko mailetan hasi nintzen: Usurbilen, Euskaldunan, Antiguokon... Emakumeen futbolean eta goi mailan esperientziarik izan gabe, Eibarrek nire aldeko apustua egin zuen. Beti egongo naiz eskertuta, bai klubari, bai jokalariei. Futbolaren eguneroko zurrunbiloak ez dizu uzten lasaitu eta lortutakoa ikusten. Zorte izugarria daukat. Emakumezkoen Lehen Mailan euskal talde bat entrenatzen duen euskal teknikari bakarra naiz, eta, hala izanda, igandekoa bezalako derbi bat bizitzea handia da niretzat. Goi mailatik gogorrena familiarekin eta lagunekin galtzen dituzun momentuak dira: ospakizunak, bazkariak... Baina gainontzean izugarria da hau bizitzea.
«Multzoak oso erraz jartzen dizkit gauzak, eta ni egunero jaikitzen naiz entrenatzeko eta partida prestatzeko gogoz»
Entrenatzaile izateak dakarren presioa hobeto kudeatzen ikasi duzu?
Bai, azken batean beti bizi baitzara horrekin. Emaitzak txarrak direnean, joera aldatu nahi duzu, eta onak direnean, hobetzen jarraitu. Izan ere, futbolak ez du oroimenik, eta atzo egin zenuenak ez du ezertarako balio gaur. Entrenatzaile bat talde batera iristen denean, beti sortzen da energia berri bat multzoan. Bigarren denboraldian, emaitzak onak badira, horri segida ematen diozu; eta, ziurrenik, hirugarrena da zailena, tokatzen ari zaidan hau. Horregatik funtsezkoa da estimulu berriak bilatzea, bai taldearentzat, baita zeure buruarentzat ere. Multzoak, aipatu bezala, oso erraz jartzen dizkit gauzak alde horretatik, eta ni egunero jaikitzen naiz entrenatzeko eta partidak prestatzeko gogoz. Emaitzak onak izan arren ilusio hori ez baduzu, alferrik da. Horri eutsi nahi diot, eta goi mailan esperientziak bizitzen jarraitu.
Aipatu duzu ez zenuela esperientziarik emakumeen futbolean. Kateatu egin al zaitu?
Bai, dudarik gabe. Bi gauza nabarmenduko nituzke horretarako: batetik, emakumeen futbola izaten ari den bilakaeraren eta hazkundearen parte izatea, eta, bestetik, jokalariek duten jarrera: oso eskertuak eta langileak dira. Eredugarria da iritsi diren lekura iristeko egin duten borroka. Une honetan Eibarren ikusten dut neure burua, eta etorkizunean ere emakumeen futbolean jarraitu nahiko nuke lanean.