Arraun munduaren historian, bakan batzuk izango dira arraunlariak hasi eta buka gozatzen dituen estropadak. Herenegun jokatutako Euskadiko Txapelketakoa, esaterako, buruan ondo iltzatua izango du Iñaki Goikoetxea Tabero Urdaibaiko arraunlariak (Lekeitio, Bizkaia, 1989), non-eta haren jaioterriko ur mugituetan. Bermeoko arraun elkartea bere historian zazpigarrenez nagusitu zen, Hondarribiaren eta San Pedroren pare jartzeraino, puntaren puntan. Gorka Aranberri patroiak eta haren kuadrillak irabazleen txapela jantzi zuten; arraunzaleek, berriz, kendu; Bou Bizkaia-k hegan egin baitzuen, poparean eta brankaz, Goikoetxea bera ababorreko seigarren tostan zela.
Taberok ondo asko ezagutzen ditu Lekeitioko itsas hondoko eta ur azaleko naturaren aldagaiak. «Haizea ipar-ekialdekoa denean, haize olatuek albotik jotzen diete traineruei, eta, egoera horretan, talde baten eta bestearen arteko aldeak nabarmen handitu daitezke». Herenegun iparreko haizea zegoenez, ordea, itsaslasterrak eragina izan zuela uste du. Pentsa, Urdaibairengandik lekutan geratu ziren txanda berean aritutako Donostiarra, Zierbena eta Hondarribia: 31 segundora, 45era eta minutu batera, hurrenez hurren.
Lekeitiokoak ez zuen espero halako triskantzarik egingo zutenik. «Urdaibai talde irabazle bat da», atera zaio barrutik. Aitortu duenez, aurreko asteburuan, Eusko Label ligako bi jardunaldietan, nahiz eta estropada «oso onak» egin, taldea ez zen gustura geratu egindako lanarekin. «Estropada serio bat egiteko gogoa eta beharra genuen, baita emaitza on bat lortzekoa ere. Bada, atzo [herenegun] egin genuen».
Iker Zabalaren taldeak egutegian gorriz ongi biribilduta zuen Euskadiko Txapelketa, eta ez zuen huts egin. Goikoetxeak zortzigarren denboraldia du Bou Bizkaia-n, eta hiru aldiz astindu du bandera: 2015ean, 2017an eta aurten. «Ilusio itzela egin zidan etxean irabazteak. Oso berezia izan zen, eta, modu horretara, are gehiago».
Oriok lehen txandan egindako denborak zer pentsatua eman zien ohorezko txandako taldeei, haizea zertxobait indartuko zen beldurrez, gainera. «Traineruan ez genuen horretaz hitz egin, baina, beroketa egin ostean, nik sumatu nuen haizea harrotzen eta itsasoa eskasten ari zirela. Badaezpada, aurrekalari gisa [Mikel Azkarate]eta seigarren tostan aritu ginenok [Goikoetxea bera ababorrean eta Gentza Zubiri istriborrean] sokarekin lotu ginen. Itxura txarra hartu nion horri». Halere, albora begiratu beharrean, euren lanean zentratu ziren Zabalarenak. «Zorionez, ikaragarrizko estropada egin genuen».
Bai egin ere. Aranberri erraz ibiltzen da olatuetan. Jostari aritu ohi da tranpaldo gainean jarrita, eta, bigarren luzean, beste behin, berretsi zuen zer-nolako dohainak dituen. «Gorka esan eta esan ari zitzaigun olatu luzeak heltzen ari zitzaizkigula». Hain justu, ziabogatik minutu erdi eskasera, ekarrialdi batek olatu gainean jarri zuen Bou Bizkaia. «Olatuak ez du kale guztietan berdin markatzen. Guri [lehen kaletik aritu ziren], garairik egokienean tokatu zitzaigun, eta Donostiarra atzean uztea lortu genuen».
Urdaibaik erabat txikitu zituen brankaz aurkariak, motorra bero-bero zuela. «Ezin da imajinatu traineruan zenbaterainoko indarra dagoen. Haizearen eta olatuen aurka, aldeak handitzeko gai izan ginen», nabarmendu du.
Azken luzea gozatzea besterik ez zuten egin behar bermeotarrek. «Olatuak bata bestearen atzetik hartu genituen». Uhinei zukua nola atera behar zaien galdetuta, gisa honetara erantzun du Goikoetxeak: «Entrenatzaile izan ditudan guztiek gauza bera esan didate: trainerua orekatuta badoa, arin joango da olatuetan».
Neurria hartzea, gako
Zabalak watt ugari mugitzen dituzten arraunlariekin josi du aurten Bou Bizkaia. «Indarra badugu, baina, askotan, burua falta dugu [barrez]». Horretarako, Aranberri dute artzain. «Maisua da».
Urdaibaik koska bat baino gehiago egin du gora iaztik hona. «Aurreko sasoietan talde ona izan genuen arren, ez genuen asmatu, guztiok izan ginen horren errudun. Aurten, berriz, Ikerrek talde sendoago bat egin du, eta irabazteko eta lehiatzeko gosea ekarri ditu. Klubak eta jarraitzaileek nahi duten lekura itzuli gara». Datorrenari begira, estropadaz estropada joango dira. «Ligan zentratu behar dugu orain, eta okerra izango litzateke Kontxako Banderan pentsatzea».
Arrauna
Irabazlearen itzulera gozoa
Urdaibaik zazpigarrenez irabazi zuen Euskadiko Txapelketa herenegun, Lekeition. Iñaki Goikoetxea arraunlariak esan du estropada «biribila» egin zutela, hasi eta buka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu