Alex Remiro. Realeko jokalaria

«Irabaziz gero, ziur bosgarrenak izango garela: hori da bide bakarra»

Realaren atepean ondo egonkortuta dago Alex Remiro, baina atezain nafarrak «hazten» segitu nahi du. Horretarako, ligako bosgarren postua erdietsi nahi du gaur, Osasunari irabazita.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Oker handiren batek gertatu beharko du gaur Alex Remiro (Cascante, Nafarroa, 1995) Realaren atean ez ikusteko. Atezain txuri-urdinak orain arteko partida guztiak jokatu ditu Espainiako Ligan, eta taldearen sasoi onaren aldagaietako bat izan da hark eskainitako maila. Azken neurketaren atarian, ordea, ez du erlaxatzeko asmorik. Osasuna menderatu nahi du kosta ahala kosta, bosgarren postua lotu, eta denboraldi bikain bat umore onean amaitzeko: «Horretara jarriak ditugu gure indar guztiak», esan du norgehiagokaren bezperan.

Azken-aurreko partida irabazita, bosgarren postuan heldu zarete azken jardunaldira. Zer aldarte du taldeak?

Ondo dago. Joan den igandeko partidatik ondo osatu ginen. Nahikoa atseden hartu genuen hasieran, eta partida prestatzen aritu gara gero. Ondo ailegatuko gara, eta emaitzak ere laguntzen du [4-1, Valladoliden aurka]. Etxeko azken partida zen, eta geratzen zitzaizkigun bi finaletako bat. Ondo jokatu genuen, eta Osasunaren aurkako partidarako konfiantza eman zigun.

Zuen esku dago bosgarren amaitzea. Taldeak ba al du hori lortuko duen segurtasuna?

Taldea ez dago seguru: ilusioz beteta dago. Ondo sentitzen gara, helburua lortzeko gai. Seguru... ez gaude, horrek despistatuta esan nahiko zukeen, eta ez da horrela. Konfiantzaz dago, ez konfiatuta.

Gainera, Osasunaren aurkako partidarako konfiantza handiegia izatea kalterako izango litzateke, ezta?

Noski. Neurri guztiak hartuta aritu behar gara partidan, urteko garrantzitsuena balitz bezala. Horretan ez dugu zalantzarik.

Bosgarren izateko lehian estu dago sailkapena, hiru taldek baituzue postu horretan amaitzeko aukera. Sadarren garaipenak bakarrik balio al du?

Baietz esango nuke, irabazteak bakarrik balio duela, partida aurretik bederen. Gure esku dagoena egin behar dugu, kontrolatu dezakegun horretan jarri behar dugu arreta. Irabazi ez, eta gainontzekoei zer gerta egotea ez dago gure esku, eta ez dugu espekulazioetan aritu behar, kerik ez dugu behar. Irabazten badugu, seguru izango gara bosgarren, eta hori da bide bakarra.

Osasuna izango duzue aurkari. Etxeko lanak aspaldi eginak ditu, eta ez du presiorik. Horrek aurkari zailagoa bihurtzen al du?

Osasuna beti da aurkari zaila. Gogoan dut denboraldi-aurreko partidetan ere hala izan zela. Asko estutzen duen talde bat da, eta ez dizu nahi bezala jokatzen uzten. Ausart aritu beharko dugu, gure onena eman.

Bi taldeetako kideek ondo ezagutzen duzue elkar. Hori onerako ala txarrerako izango da?

Ez dakit zer esan. Galdera ona da; elkarren kontra asko aritzen gara: sasoia hasi aurretik, ligako etenetan... Horrenbeste jokatzeak ez dakit laguntzen duen. Ez naiz esatera ausartzen.

Garrantzitsua izango da Betisek eta Vila-realek egiten dutenari erreparatu ere egin gabe aritzea, ezta?

Bai. Guri geurea axola zaigu, ez besterik. Beste partidetan ezin dugu ezer egin.

Nolako derbia espero duzu?

Erritmo handikoa, eta hala izatea nahi dugu guk. Gure futbola egin nahi dugu, baloi jabetza eduki, eta zelaian nagusitu.

Nafarra zara, baina Osasunan aritu gabea. Partida berezia al da zuretzat?

Bai. Azken finean, Osasuna da herrialdeko taldea, eta nafar gehienok nahi dugu Osasuna ahalik eta goren egotea. Berezia da Iruñean jokatzea, eta poztu naiz mailari eutsi diotelako.

Zuen kasuan, bosgarren amaitzeak sasoi bikain bat borobilduko luke.

Hala da, hori argi dago: kirol mailan, bosgarren postua gehitzea [Espainiako] Kopako garaikurrari... Sasoi bikaina litzateke. Badugu goiko lau taldeekin lehiatzeko multzoa, hala uste dut nik, baina egia da matematikek ez dutela bide eman. Haiei gerturatzeko aukera izan dugunean, ez gara gai izan. Modu batera esanda, talde normalen artean lehendabizikoak izatea atsegina da. Beste laurak hegan joan zaizkigu.

Esan duzu ez zaretela gai izan lau onenei kosk egiteko. Partida kopuru handiak baldintzatu du hori? Nekeak zigortu al du Reala?

Uste dut, sasoiko garai honetan, talde guztiak daudela nekatuta. Oker ez banago, 50 neurketatik gora jokatu ditugu, baina horixe nahi genuen: Europan aritu, astezjokatu... Taldea izorratuta heltzea horren ondorio da, baina uste dut lanean ondo aritu garela, eta lesioak lesio, denok aritu garela ondo, joko aldetik bereziki. Azken partidetan nekea egon da, baina jokatu behar duena prest dago gaur jokatzeko.

Bosgarren amaitzeko presio berezia al duzue?

Ez. Elitean, beti dago presioa, helburu anbiziotsuak lortzen saiatzen garelako. Presioa norberak jartzen du. Bosgarren postua da helburua, eta indar guztiak horretara bideratuak ditugu. Baina presioa egon, beti egoten da.

Osasunaren aurkakoa salbuetsita, zer nota jarriko zenioke denboraldiari?

Oso ona. Azken jardunaldira bosgarren izateko aukerekin heldu gara, garaikur bat eskuratu dugu, eta Europan jokatu dugu, maila handiko taldeen aurrean aurpegia emanez. Kontent egon behar dugu, eta sasoi honek balio behar du datorrenaren oinarriak ezartzeko. Oso zaila da azken bi urteotan lortu duguna lortzea.

Gehien jokatu duzun sasoia izan da. Inoizko boladarik onenean zaude?

Bai, noski. Nire urterik onena izan da. Iaz jokatu gabe amaitu nuen, baina banuen aurrerako urratsa egin izanaren sentipena. Aurten jauzi bat gehiago egin dut, arlo guztietan: jokoan, taldean, atezainak duen garrantzian... Oso ondo sentitzen naiz, taldean eroso. Hazi egin naiz; asko dut egiteko, baina urrats bat egin dut.

Laugarren zaude gol gutxien jasotakoen zerrendan. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Bai, baina haserretu egin nintzen igandean jaso nuenarekin. Uste dut aurten hiruzpalau gol inozo egin dizkigutela, egia esan. Ez zaitut engainatuko: horrek haserretu egiten nau. Nire ustez, taldeak zifra hobeak lor zitzakeen bai defentsan, baita erasoan ere. Gure aurrelariek gol gehiago sar zitzaketen, eta haiek badakite. Atzean ere berdin; halere, zifra onak dira, eta jendeak egindako lanaren adierazgarri dira. Denok egin dugu hobera. Ni hona heldu nintzenetik esan da zentralak ez daudela prest... Hor daude zenbakiak: behar dituenak har ditzala.

Aurrerapauso bat eman omen duzu. Zertan?

Ez jokatzetik etorri nintzen, eta neure buruarekiko konfiantza handitu zait. Hutsetik ehunera igaro naiz; lehen ere banuen niganako konfiantza, baina orain, askoz handiagoa. Taldean gako izateak eman dit hori.

Luis Llopis bezalako erreferente bat atezainen entrenatzaile izateak laguntzen al du?

Bai, baina Llopisek ez du jokatzen [barrez]. Ez, noski laguntzen duela: gure onena ateratzen du. Oso gustura nago harekin.

Atezainaren postua espezifikoa da. Nola bizi duzu zuk?

Ezberdina da zelaian dugun kokapenarengatik, baina hori pertsonala da. Norberaren araberakoa da; gero, ezberdinagoa da zelaitik kanpo. Niri, aste amaieran partidak berrikustea gustatzen zait, aztertzea. Geroz eta gehiago ulertzen dut futbola [barrez].

Bigarren sasoia duzu Donostian. Zer moduz hirian?

Izugarri ondo, bikain. Hemen bizitzea ikaragarria da. Oso ondo nago hirian bertan, eta berdin jendearekin ere.

Agian, Anoetan jendaurrean jokatzea da hemen zaudenetik faltan gehien sumatu duzuna? Zaleekin bat egitea asko gustatzen zaizu...

Tira, niri, eta beste guztiei. Espero dut datorren denboraldian pixkanaka jendea sartzen hastea, dagoeneko beste estadioetan ikusten ari baikara hori.

Sare sozialetan bizi-bizi zabiltza. Zer ematen dizu horrek?

Eroso sentitzen naiz. Jendearekin harremana izatea gustatzen zait, eta sare sozialetan gustura nabil, nahikotxo kontrolatzen dugun bitarteko bat delako. Noski, batzuetan elkarrizketaren bat aztora daiteke, eta esan behar ez den zerbait esan, atzera bueltarik ez duena. Bitarteko horietan badugu mikrofono ikusezin bat, eta jendearengan eragin dezakegu. Errespetuz egiten bada, uste dut ona dela.

Bide horretan, Twitch kanal bat sortu duzu. Nola otu zitzaizun?

Itxialdian izan zen. Ez nuen nire atezain irudia soilik helarazi nahi: jendearekin hitz egin nahi nuen, landutako kanal baten bidez.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Hobetzen. Uda heltzean entrenatu nahi izaten dut. Etorkizunean hazten segi nahi dut. Ez nuke maila honetan geratu nahi. Bertan segitzea dut helburu, taldekideekin bidea egiten, hazten, eta ahal den gehiena irabazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.