Irabazitzat aurkeztu, eta galdu

Euskadiko Futbol Federazioak onartu du «arinegi» eman zuela euskal selekzioaren eta Argentinaren arteko norgehiagokaren berri, eta horrek eten zituela negoziazioak

Inigo Astiz
Bilbo
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Partida jokatuko zela esateak ekarri du, azkenean, partidarik ez egotea. Azalpen paradoxiko horrekin apurtu zuen atzo ia hiru asteko isiltasuna Euskadiko Futbol Federazioak. Erakunde horretako ordezkarien hitzetan, ofizialki itxita zegoen gizonezkoen euskal selekzioak eta Argentinakoak San Mamesen urriaren 13an jokatuko zuten partida. Hogei bat bider aldatu zuten hitzarmeneko testua horretarako, bazuten Eusko Jaurlaritzaren babesa, eta azken zehaztasuna ere kontuan hartzeraino sinatuta zegoen dena. Bazegoen partida. Ofizialki. Eta, giro horrek lagunduta, partidaz harago ere heldu ziren solasaldi informalak argentinarren izenean zebilen World Eleven enpresako ordezkariarekin. «Itzuliko partida bat jokatzeko aukera ere aipatu genuen», zehaztu zuen atzo Luis Maria Elustondo federazioko lehendakariak. Baina, hedabideetan partidaren berri eman, eta kolpean gaiztotu zen giroa. Horregatik gelditu da norgehiagoka bertan behera, eta horregatik federazioaren mea culpa. «Baliteke albistea arinegi eman izana», onartu zuen lehendakariak.

Albistea emateko bi aldeen adostasuna aurreikusten zuen kontratuak, baina argentinarrei jakinarazi gabe eman zuen publikoki partidaren berri euskal aldeak. Ez zuten zehaztu esan zezaketenik, Elustondok aitortu zuenez, baina une hartan ez zuten pentsatu hainbesteko pisua izango zuenik. «Puntu guztietan ados geunden». Argentinarrek urratutzat eman zuten kontratuko bederatzigarren puntuko konfidentzialtasun hitzarmena, eta hor eten zen soka. Eta ez dago komunikazio akats horretaz aparteko motiborik, Euskadiko Federazioko ordezkariek zehaztu zutenez.

Azkar zabaldu zen albistea. Selekzioaren inguruko ilusioa piztea zen antolatzaileen asmoa, eta ez hori bakarrik. Bultzada garrantzitsua izan zitekeen ofizialtasunaren bidean ere, iazko abenduan FIFAri eta UEFAri eskubide osoko kide izateko nahia adierazi ostean. Argentinaren aurkako partida amu ona zen horretarako guztirako. Berehala piztu zuen jakin-mina, baina azkar piztu zen mesfidantza ere: abuztuaren 28an eman zuten partidaren berri, handik bi egunera egin zituzten publiko zalantzak, eta irailaren 6an jakinarazi zuten partida bertan behera gelditu zela.

Zail ikusten du federazioak urrirako beste partida bat lortu ahal izatea. Denbora «gutxi» dagoelako, batetik, eta, bestetik, «haserrea» piztu ahalko lukeelako orain lehen mailakoa ez den talde bat ekartzeak. Urria erabat baztertuta, beraz, azarorako lanean ari direla esan zuen Elustondok.

Ofizialtasun faltaren zama

Guillermo Tofoni izan da gakoa. Hura aritu da World Eleven enpresaren izenean negoziazioetan, eta, Elustondok azaldu zuenez, haren «haserrealdiak» eman du dena amaitutzat. Martxoaz geroztik zebiltzan partidaren atzetik euskal selekzioko ordezkariak, eta luzea izan da Tofoniren sinadura lortu arterainoko bidea. Atsegina zen hartu-emana bi aldeen artean, baina, albistea publiko egin zenean, Elustondok kontatu zuenez, «kasketa» izan zuen Tofonik.

Tofoniri ez zitzaion gustatu informazioa adostasunik gabe eman izana, eta ez zitzaion ongi iruditu filtrazio bidez diru kontuak haizatzerik ere. Haren izena ustelkeria kasuekin lotzen zuten informazioak ere zabaldu ziren, gainera, eta horrek indartu egin zuen haserrealdia. Ez dute geroztik harekin zuzenean hitz egiterik izan.

Elustondok onartu zuen filtrazioa Federaziotik atera zela, baina ez du frogarik nor izan zen esan ahal izateko. Hanka sartzea onartuta ere, ez du dimisiorik emango. «Hurrengo urtean amaituko da nire agintaldia».

Argentinak egunotan Alemaniaren aurka jokatuko duen partida izan da guztiaren abiapuntua. Tofonik itxi zuen norgehiagoka hori, eta beste neurketaren bat ere antolatu nahi zuelako iritsi ziren pixkanaka urriaren 13an San Mamesen jokatzekoa zen partidara. Baina, tratua hautsi ostean, beste neurketa bat adostu du World Eleven enpresaren izenean: Elxen (Herrialde Katalanak) ariko dira argentinarrak, Ekuadorren aurka. Datu horren berri jakin ostean soilik egin du publiko bere iritzia Euskadiko Federazioak.

Aitortu zuen mina Federazioko ordezkariak. Ofizialtasun falta ere zama izan dela onartu zuen Elustondok. Kexu da: «Ez dugu indar handirik nazioarteko hitzarmen hauetan, ez garelako FIFAko kide, eta giro horietan eskualdeko selekzio baten onarpena dugulako. Errazago egiten da huts gurekin, Alemaniarekin edo FIFAko kide diren beste herrialdeekin baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.