Irabazi, helburura gerturatzeko

Athleticek Vila-realen aurka jokatuko du gaur: Txapeldunen Ligara hurbildu asmo du. Realak eta Osasunak, berriz, Europako postuetara gerturatu nahi dute Las Palmasi eta Leganesi irabazita. Txuri-urdinek gaur jokatuko dute, eta gorritxoek, bihar.

Athletic eta Vila-real lehian, lehen itzuliko partidan. JAVIER ZORRILA / EFE
Oihan Sancet, Thierno Barry Vila-realeko jokalariarekin lehian, lehen itzuliko partidan, San Mamesen. JAVIER ZORRILA / EFE
2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ligako 38 jardunaldietan, puntu bakoitzak balio bera du. Hala ere, aurkari zuzen bat aurrean dagoenean, partidak garrantzi handia dauka; eta saria Txapeldunen Ligarako sartzea denean, pisua areagotu egiten da.

Athleticek Vila-realen aurka jokatuko du gaur, 21:00etan, La Ceramica estadioan (Dazn), Espainiako Ligako 30. jardunaldian. Bilbotarrak laugarrenak dira sailkapenean, eta sei puntu ateratzen dizkiote Vila-reali, bosgarren sailkatuari. Hala ere, aurkariak jardunaldi bat gutxiago jokatu du.

Athletic ez dator bere hilabeterik hoberenean. Europan Erroma kanporatu eta final-laurdenetarako sailkatu zen, baina ligan bost puntu baino ez zituen eskuratu martxoan. Mallorcaren eta Osasunaren aurka berdindu zuen San Mamesen, 1-1 eta 0-0, hurrenez hurren. Vila-realez gain, Betis ere sailkapenean gertu du Athleticek: Sevillako taldeak 47 puntu ditu, Vila-realek bezala.

Gaurko partida irabazita, Athleticek bederatzi puntu aterako lizkioke Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldeari. Zuri-gorriek 2014an jokatu zuten Txapeldunen Liga azkenekoz, eta iaz Espainiako Kopa irabazi eta Europa ligarako sailkatu ostean, Txapeldunen Ligara sailkatzea da hurrengo urratsa.

Aurten bost talde sailkatuko dira Txapeldunen Ligarako, Espainiako Liga bigarrena baita UEFAko sailkapenean. Sailkapen hori liga bakoitzeko taldeek UEFAko txapelketetan lortzen dituzten emaitzen araberakoa da, eta sailkapen horretako lehen bi ligek bost sailkatu izango dituzte.

Ernesto Valverdek ez du Iñigo Ruiz de Galarreta deitu gaurko neurketarako, min hartuta dagoelako. Oihan Sancet eta Dani Vivian, berriz, osatu dira, eta deialdian daude. Alex Berenguerrek, Mikel Jauregizarrek eta Yeray Alvarezek ez lukete Rayo Vallecanoren aurka jokatuko gaur txartel horia ikusiko balute.

Vila-realek aurten ez du Europako txapelketarik jokatu, eta Txapeldunen Ligara itzuli nahi du. 2022an jokatu zuten azken aldiz, eta finalerdietara iritsi ziren, Juventus eta Bayern Munich kanporatuta. Ilias Akhomach eta Nicolas Pepe dira min hartuta dauden bakarrak.

Europan sartzeko lehia

Txapeldunen Ligara sartzeko lehian egon beharrean, Europa ligara edo Konferentzia ligara sartzeko lehian dago Reala. Jada ezin da Espainiako Kopa bidez sailkatu Europara, asteartean Real Madrilek kaleratu baitzuen. 3-4 amaitu zuten arauzko 90 minutuetan, baina luzapenean madrildarrek laugarren gola sartu zuten.

Imanol Alguacilen taldeak Santiago Bernabeun erakutsitako maila eman nahi du, eta ligako partidetan ere ondo sentitu. Realak Kanaria uharteetara bidaiatu du Las Palmasen aurka jokatzeko, gaur, 14:00etan, (Movistar+). Kanariarrak hemeretzigarren daude, eta ez dute neurketarik irabazi aurten.

Txuri-urdinek 2-1 irabazi zioten Valladolidi aurreko jardunaldian, eta kontrario zuzenek emaitza txarrak eskuratu zituzten: Celtak berdindu egin zuen, eta Mallorcak, Sevillak eta Getafek, galdu. 38 puntu ditu Realak, eta bi puntura daude Rayo Vallecano, Celta eta Mallorca.

Brais Mendez, Sheraldo Becker, Arsen Zakharyan, Nayef Aguerd, Jon Pacheco eta Alvaro Odriozola min hartuta daude, eta ez dira Kanaria Handira joan.

Osasunak, bestalde, bihar jokatuko du Leganesen aurka, Butarquen, 21:00etan (Movistar+). Leganes hemezortzigarrena da sailkapenean; beraz, gorritxoek irabaztea lortuko balute, gehiago urrunduko lirateke Bigarren Mailara jaisteko postuetatik. 34 puntu dituzte nafarrek, eta 27 madrildarrek.

Gorritxoek Espainiako Ligako azken hamasei neurketetatik bakarra irabazi dute. Hala ere, azken jardunaldian hutsean berdindu zuten San Mamesen. Partida ona egin zuen Osasunak, batez ere defentsan, eta Bilbon lortutako emaitza mugarri izatea nahi dute. Bryan Zaragoza, Iker Muñoz eta Unai Garcia deialditik kanpo daude, min hartuta daudelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.