Irabazi ezean, agur

Lehen hiru jardunaldietan huts eginda, Athleticek bigarren itzuli perfektua egin beharko du Europako Ligan bizirik segitzekoBerdinketarekin hurrengo kanporaketarako sailkatzeko aukera dauka Olympique Lyonek

Irabazi ezean, agur.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Irabazten ez badugu, kalera joango gara». Andoni Iraolak esana da. Athleticeko kapitainak badaki zer daukan jokoan bere taldeak gaur Katedralean. Usurbildarrak, eta Athleticeko zale guztiek, noski. Inork espero ez zuen egoeran hasiko baitu multzoen faseko bigarren itzulia talde zuri-gorriak: jokoan egon diren bederatzi puntuetatik bakarra irabazita, hain zuzen ere. Hapoel Kiriat eta Sparta Praga aurkari izanda, ezkorrenak ere ez zukeen pentsatuko Athletic horren txarto egongo zenik sailkapenean. Baina futbolean inork ez du barkatzen. Aurkari apalenek ere ondo baino hobeto baliatzen dituzte ustez indartsuak diren taldeen bolada txarrak. Athleticen multzoan Txekiako taldea ari da baliatzen oztoporik gabeko autobidea. Egun Athleticek baino bost puntu gehiago ditu. Beraz, gertu dauka Europako Ligako final-hamaseirenetako sailkatzeko aukera.

Ezusteko handirik ezean, ligaxka amaitzeko geratzen diren hiru norgehiagokak irabazi beharko ditu Athleticek aurrera egiteko. Beraz, alferrikako lana da egutegiari begira jartzea. Datorrenari gogor aurre egin, eta kontrario guztien aurkako lehiak daude irabazi beharra. Spartaren eta Hapoelen kontrako neurketek ez baitute askorako balioko aurretik Olympique Lyon mendean hartzeko gai ez bada. Beraz, finala ez den arren, final baten antz handia duen neurketa jokatuko du gaur Athleticek. Europako Ligarekin gozatzen jarraitu gura badu, orain arte baino dezente hobeto egin beharko ditu lanak Bielsaren taldeak. Granadako garaipenak arnasa eman dio taldeari, baina hiru puntu horiek ezin dituzte ezkutatu zuri-gorrien gabeziak.

Luze eta zabal hitz egin da Athleticek defentsako lanean dituen gabezien inguruan. Gorengo mailan ezohikoak diren aukerak eskaintzen dizkie talde zuri-gorriak aurkari guztiei. Gehienek baliatu egin dituzte opariak. Euretako bat gaurko aurkaria izan da. Lyonek gauza gutxi eginda irabazi zituen hiru puntuak joaneko neurketan. Gutxi eginda saria irabaztea talde handiek duten dohaina dela esango dute askok. Bistan da Lisandro, Gomis, Gonalons eta enparauak aurrean izanda, horrelako gauzak gerta daitezkeela.

Baina Frantziako taldeak ez zuen jokalari horien talentu guztia behar izan Bielsaren taldea mendean hartzeko. Athleticek galdu zuen partida, lehoiak onena eta txarrena egiteko gai izan baitziren. Kontua da gehiago izan zirenean ez zirela gai izan nagusitasun hori markagailuan islatzeko; berdegunean lekua galdu zutenean, berriz, aurkariak ondo baino hobeto baliatu zuen. Kalitate kontua dela pentsatuko du batek baino gehiagok.

Hala ere, orain gutxi Manchester United, PSG, Schalke 04 nahiz Sporting Portugal mendean hartzeko gai izan zen talde batek zer edo zer badauka ona. Erakustea falta da. Eta gaurkoa ez da egun txarra horretarako. Lyon aparteko presio barik iritsiko da San Mamesera. Orain arteko neurketa guztiak irabazi ditu, eta multzo buru da, bederatzi punturekin. Beraz, Athleticek ez bezala, Remi Gardek zuzentzen duen taldeak ondo baino hobeto egin ditu orain arteko etxeko lanak. Gaur sailka daiteke Europako Ligako final-hamaseirenetarako. Horretarako, nahikoa izango du Athletic mendean hartzea. Baina berdinketarekin ere lor dezake helburua. Puntu bat eskuratuz gero, Hapoel Kiriatek Sparta Pragaren kontra ez irabaztea beharko luke. Beraz, bistan da gaur ez bada hurrengo jardunaldian bermatuko duela hurrengo kanporaketarako sailkatzea.

Ander Herrerak dauka giltza

Lyon aurrerantzean ere gogor lehia dadin, neurketa osoa jokatu beharko dute bizkaitarrek. Antsietatea eta tentsioa kontrolatzen asmatu, eta arrakasta ziurtatuko duen joko azkarraren eta alaiaren berri eman beharko du Athleticek. Ander Herrerak izango du hori guztia gauzatzeko giltza. Euskarriak gidatu beharko du taldea garaipenera. Horretarako fitxatu zuten. Hitz egiteari utzi eta ekiteko ordua ailegatu zaio Herrerari. Orain arte askoz gehiago erakutsi du prentsa aretoan berdegunean baino.

Baina ez da harena izango ardura guztia. Iraolak, Amorebietak, Adurizek eta enparauek urte askotan pilatutako eskarmentua baliatu beharko dute Athletici irabazten laguntzeko. Eta ezin ahaztu Iker Muniain ere. Taldeko harribitxi gazteak aspaldiko neurketarik onena jokatu zuen joan den igandean, Granadan. Hasi al da sasoian jartzen? Hala bada, Athletic askoz hobea izango da aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.