Athleticeko jokalariek nortasun handia erakutsi beharko dute gaur Mestallan. Ez da partida erraza izango. Zuri-gorriek aurkari bikain bat izango dute aurrean: Valentzia. Espainiako Kopako finala jokatzeko sailkapena egongo da jokoan. Eta, gainera, joaneko partidaren ostean, alde batetik zein beste aldetik berotu egin dute neurketa. Tentsio handia espero da. Bada, garaipena lortzeko biderik egokiena, inguruan dagoen zarata guztiarekin ahaztu eta sasoi guztian erakutsitako jokoa plazaratzea dela uste du Alex Berenguerrek (Iruñea, 1995).
Iritsi da eguna. Taldea prest al dago denboraldiko saio nagusietako bati aurre egiteko?
Bai, gertu gaude. Geure buruan konfiantza handia daukagu. Irabazi egingo dugula uste dugu. Barruan daukagun guztia emango dugu helburua lortzeko.
Tentsio handiko partida izango da: Espainiako Kopako fInalerako sailkapena dago jokoaneta, horretaz gain, asko hitz egin da kanporaketaren inguruan zelaitik kanpo. Saltsa dezente egon da.
Zelaitik kanpo gertatu denari ez diogu garrantzirik eman behar. Gure ardura berdegunean ondo aritzea da. Neurketa irabazteko prestatu duguna Mestallan azaleratzea izan behar da gure buruko min bakarra. Horrek emango digu arrakasta.
Zein da plana? Zer prestatu duzue?
Esaten badizut, aurkariari erraztasunak ematen ariko naiz. Gure asmoa da denboraldi guztian egin dugunari segida ematea: presioan asmatu behar dugu, aldaratzeetan adi egon behar gara… egin behar duguna ondo egitea da kontua.
Joanekoan bana berdindu zenuten. Partida itxia izan zen, etenaldi askorekin. Jokoak ez zuen ez erritmorik ez jarraitutasunik izan. Gisa horretako partidetan Valentzia aise aritzen da. Gaurkoa antzeko lehia izango dela uste duzu?
Bertsua izango da. Borroka handiko neurketa izango da. Valentzia ere talde indartsua da buruz-buruko lehietan. Aurkaria deseroso egon dadila lortu behar dugu. Ezin gara egon etengabe kontrarioak egiten duenari begira. Guk gurea egin behar dugu.
Zerk kezkatzen zaitu gehien Valentziaren jokotik?
Bordalasen taldeari baino, guk egin beharrekoari garrantzi handiagoa ematen diot. Ezin gaituzte gure bidetik atera. Kontzentratuta jokatu behar dugu.
Sentipen onak dituzu?
Guztiz baikor naiz.
Kopa da datorren sasoian Europan lehiatzeko geratzen zaizuen bide bakarra?
Ez. Ligan ere ondo ari gara lehiatzen. Urtea hasi zenetik emaitza onak ari gara eskuratzen. Lehiakorrak gara, eta zeresana eman genezakeela uste dut. Ez da erraza izango, baina ligari bihartik aurrera helduko diogu.
Mestallako giroa beroa izango da oso. Onerako zein txarrerako jarraitzaile sutsuak ditu Valentziak, eta gaur taldeari bultza egiteko prest egongo dira. Presio handia egingo dute euren eserlekuetatik.
Jarraitzaileen bultzada ikuskizunaren zutabeetako bat da. Gaur denak kontra izango ditugu, baina nik gustuko dut harmailetako giroa. Jokalarioi ez digu eragin behar harmailatik datorrenak. Guk jokoari erreparatu behar diogu.
Beraz, zuk nahiago duzu kontrako giroarekin jokatu, pandemian gertatu gisara harmailak hutsik daudela jokatu baino?
Bai. Zale bariko partidak lan saioak dirudite. Tentsioa galtzen da. Indarra galtzen dute partidek. Harmailak beteta dituzten lehiak ditut gustuko.
Jokalariek txikitatik amesten dituzuen partiden zerrendan sartzen da gaurkoa?
Bai. Athleticek fitxatu ninduenetik garrantzi handiko partidak jokatu ditut. Taldea lan ona egiten ari dela erakusten du. Gorengo mailan oso gaitza da finalak edo finalerdiak jokatzea.
Bi urte ere ez dira pasatu Bilbora iritsi zinenetik, eta tarte honetan Kopako final bi jokatu dituzu, Superkopako beste bi eta Kopako hirugarren finala jokatzetik pauso batera zaude. Dagoeneko jakingo duzu Athleticen ez dela ohikoa horrenbeste partida garrantzitsu jokatzea, ez?
Gorengo mailan inork ez du ezer oparitzen. Aurten Bartzelona eta Real Madril kanporatu ditugu. Mundu mailan dauden talde indartsuenetarikoak dira. Athleticek meritu handia dauka.
Final-laurdenetan zuk sartu zenuen Real Madril mendean hartzeko balio izan zuen gola. Gaur antzeko zerbait egitearekin egin al duzu amets?
Amets egitea libre da. Baina kontua ez da nork sartzen duen garaipenaren gola edo nork ematen duen goleko pasea. Helburua irabaztea da, eta taldeak aurrera egitea.
Gustura ari al zara Athleticen? Duela urte eta erdi egin zenuen apustuak merezi izan du?
Oso pozik nago. Athletic familia bat da, oso gertukoak dira guztiak. Urte askotan jarraitzea espero dut.
Iaz, oso ondo jokatu zenuen. Aurten, berriz, gehiago ari zaizu kostatzen. Une latzak bizi izan dituzu?
Futbola boladaka doa. Sasoi oso onak daude, eta horren gozoak ez direnak ere bai. Une txarrei aurre egiten jakin behar da. Oker aritu naizen bolada gainditu dut, eta egun iazko mailatik gertu nago.
Marcelino Garcia entrenatzaileak zuk zeure buruan baino konfiantza handiagoa izan duela dirudi. Taldearen alde egin duzun lana asko baloratzen du.
Asko lagundu nau. Sarri egin dugu berba. Egoera iraultzeko baliagarria izan da haren ekarpena.
Erasoko jokalariek ate aurrean asmatu ezean, zerbait falta zaizuen sentipena izaten duzue.
Golarekin obsesionatzea izan da denboraldion egin dudan huts nagusia. Buruko min horrek zulo batera eraman ninduen, eta kosta egin zitzaidan irtetea. Taldeari laguntzea da lehentasuna, eta, ekarpen horren barruan golak sartzen baditut, guztion mesederako izango da.
Orain arte erakutsi duzun baino gehiago emateko kapaz zara?
Ez dut mugarik jartzen. Badut zer hobetu. Ondo egiten ditudan gauzak oso ondo egiteko ari naiz lanean.
Zelai erdian eskuin hegaletik ari zara jokatzen. Postu hori hankamotz zegoen Athleticek fitxatu zintuenean, baina Lezamak eman duen azken harribitxiak postu horretan jokatzen du. Nico Williamsen agerraldi indartsua motibazio edo kezka iturri da zuretzat?
Zenbat eta lehiakortasun handiagoa izan taldean, orduan eta hobe to. Postu bakoitzeko jokalari bat baino gehiago izatea mesedegarria da guztiontzat. Taldearen maila hobetzen du.
Athleticen eskuin hegalean jokatzen duzu, baina zure kirol ibilbide ia guztian ezkerrean aritu zara. Hegalez aldatu ezean. zure ekarpena handitu egingo litzateke?
Ezker zein eskuin ondo moldatzen naizela uste dut, eta horrek erraztu egiten dizkit gauzak. Nire kirol ibilbidearen zatirik handiena ezkerretik jokatu dut, eta hasieran kostatu egin zitzaidan egokitzea. Buruz ikasiak nituen mugimenduak aldatu egin behar izan nituen. Hala ere, iaz sartu nituen ia gol guztiak eskuin hegaletik jokatuta sartu nituen.
Zortzigarren denboraldia ari zara betetzen futbol profesionalean: Osasunaren lehen taldean hiru denboraldi egin zenituen (Bigarren Mailan bi urtez), Torinon hiru sasoi eta erdi osatu zenituen eta azken urte eta erdia Athleticek jokatu duzu. Kirol ibilbide polita ari zara osatzen.
Etxeko taldean hasi nintzen. Ondoren Torinok aukera ona eskaini zidan eta Italiako futbola probatzea erabaki nuen. Gauza asko ikasi nituen han. Eta Athleticek eskaintza egin zidanean, Espainiako Ligara itzultzeko aukera izan nuen. Oso gustura nago. Beste hamar bat urte jarraitzea espero dut.
Zer ikasi zenuen Calcion?
Futbolari gisa hobetzeko aukera izateaz gain, bizitzaz ikasi nuen. Etxekoen babesetik urrun moldatzen ikasi nuen. Heldu egin nintzen. Etxetik urrun, gurasoan laguntza barik, ezagutzen ez nuen hizkuntza batean moldatu beharra… gauza asko ikasten dira.
Futbolean zer egitea falta zaizu?
Jokalari gisa hobetzea dut xede. Bestalde, Txapeldunen Ligan parte hartzea gustatuko litzaidake.
Alex Berenguer. Athleticeko jokalaria
«Irabazi egingo dugula uste dugu»
Talde zuri-gorriak irabazi egin behar du gaur Mestallan (21:30, Telecinco), hirugarren denboraldiz jarraian Espainiako Kopako finalerako sailkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu