PILOTA

Irabazi egin dute Artola-Imazek eta Ezkurdia-Tolosak

Baikokoek zortzigarren garaipena lortu dute: 22-12 Elordi-Rezustaren aurka. Aspekoek, berriz, laugarrenez irabazi dute: 22-13 Peña II.a-Albisuren kontra.

(ID_13563271) (Aitor karasatorre/@FOKU) 2024-02-03, Iruñea. Binakako Txapelketakko partida jokatu dute Ezkurdia-Tolosak Peña II
Joseba Ezkurdia, tanto bat ospatzen, gaur, Labriten. AITOR KARASATORRE / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 3a
20:40
Entzun

Bakoitza berean, baina borrokarako prest daude bai Iñaki Artola eta Ander Imaz, bai Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa. Baikokoak bete-betean ari dira lehian bigarren izateko eta finalerdietako ligaxkarako zuzenean sailkatzeko. Gaur, seigarrenez jarraian irabazi dute: 22-12 hartu dituzte mendean Aitor Elordi eta Beñat Rezusta, Idiazabalen (Gipuzkoa). 

Hirugarren dira sailkapenean, zortzi garaipenekin. Berdinduta daude Peio Etxeberriarekin eta Jose Javier Zabaletarekin, baina Aspekoak aurretik daude tanto aldeari esker. Sekulako lehia dute elkarren artean, eta buruz buruko hori amaieraraino luzatuko da, bi bikoteek elkarren aurka jokatuko baitute azken jardunaldian, Iruñean, Labriten. Lehen itzulian, Artola eta Imaz nagusitu ziren elkarren artekoan, Tolosan (Gipuzkoa): 22-21. Elkarren arteko borroka estuaren erakusgarri da.

Konfiantzaz gainezka daude alegiarra eta oiartzuarra. Gaur, behetik gora eginda irabazi dute. Elordi eta Rezusta nagusi izan dira hasieran (6-3); lehia parekatu egin da gero (10-10); baina, hortik aurrera, Artola eta Imaz oso nagusi izan dira.

Arnasa pixka bat  

Ezkurdiak eta Tolosak, berriz, azkeneraino borrokatu nahi dute. Gaur, laugarren garaipena lortu dute: 22-13 irabazi diete Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri, Labriten. Aspekoak hasi eta buka nagusitu dira. Sendo aritu dira, baina mesede handia egin die aurkariak ezinean aritu direla. Makina bat huts egin dituzte Peña II.ak eta Albisuk.

Gaur irabazita, kanporaketarako sailkatzeko itxaropenari eusten diote arbizuarrak eta anoetarrak. Hiru bikote dituzte garaipen bakarrera: Peña II.a eta Albisu, Jokin Altuna eta Julen Martija —partida bat gutxiago jokatu dute—, eta Elordi eta Rezusta. Aurreneko biekin galdua dute tanto aldea. Aldiz, Elordik eta Rezustak baino hobea dute. Ataka estuan daude oraindik ere, partida guztiak irabazi beharrean, baina gaurko garaipenak arnasa pixka bat eman die.

Bihar bukatuko da hamabigarren jardunaldia. Erik Jakak eta Iosu Eskirozek —Jon Mariezkurrena ordezkatuko du— Javier Zabalaren —Altuna III.a ordezkatuko du— eta Martijaren aurka jokatuko dute Donostian. Irabazten badute, Baikokoek lehen postua ziurtatuko dute. Aspekoek, berriz, lasaitasuna eman diezaiekeen garaipena lortu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.