Bost urteren ostean, Joanes Bakaikoak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1997) berriz jokatuko du buruz buruko finala. Lehen txapel hari bigarrena gehitu nahi dio.
Bost urteren ondoren, berriz ere ariko zara buruz buruko finalean. Pozik?
Oso. Bost urte joan dira, eta larunbatekoarekin, lau final jokatu ditut; sei dira guztira [hiru buruz buru, bi lau eta erdian, eta bat binaka]. Pozik nago orain arte lortu dudanarekin; eguneroko lanean ondo ari naizen seinale da.
Gustura aritu zara buruz buruko honetan ere?
Bai, nahiz eta hasieran ez nintzen nahi bezain ondo aritu. Baina, sufritzen jakin nuen [22-19 irabazi zion Zubizarreta III.ari, eta 22-21 Egiguren V.ari]. Finalerdian, ordea, ondo egin nituen gauzak [22-17 irabazi zion Agirreri].
Finala jokatzea zen helburua?
Bai, baina hori nahi genuen denok; lortu edo ez, bete-betean entrenatzen segitzea zen helburua.
Salaberriaren kontra jokatuko duzu finala. Nola aritu da bera?
Lehen partidan, Zabalak kantxatik atera zuen [22-10], baina, gero, oso ondo aritu da. Adi-adi jokatzen du beti, eta oso borrokalaria da; galtzen ari bada ere, eutsi egiten dio beti partidari. Tantoa egin behar zaio irabazteko. Sakearekin ere min handia egiten du.
Zer-nolako finala espero duzu?
Gogorra, seguru. Buruz buruko partidak beti dira gogorrak; sakea duenak beti egiten du min handia. Nik oso argi dut irabaz dezakedala, baina baita gal dezakedala ere. Lasai aterako naiz, nire lana ahalik eta ondoen egitera.
Non egongo da gakoa?
Sinplea da: sakean. Saiatu behar dut sakea dudanean min egiten, eta Ikerrek duenean, eusten.
Bi sari daude: batetik, txapela; eta, bestetik, datorren urtean Lehen Mailako buruz burukoa jokatzea. Sari handia da hori?
Bai; handia eta oso polita. Denok nahi dugu onenekin jokatu; bete-betean ariko naiz txapela eta aukera eder hori lortzen saiatzeko. Zorionez, jokatu izan dut Lehen Mailako txapelketaren bat, eta asko gozatzen da; oso polita da onenekin jokatzea.
Zer nahiago duzu: Promozio Mailan nagusi izan ala Lehen Mailan larri ibili?
Nik gauzak ondo egin nahi ditut, eta, ahal izanez gero, ondo aritzea Lehen Mailan. Lortu edo ez, neure buruarekin gustura egon nahi dut; gaur egun, oso gustura nago. Begira Elordi. Iaz, Alberdiren aurka galdu zuen, eta ez zen sailkatu Promozio Mailako buruz burukoaren finalerdietarako, eta, aurten, Lehen Mailako finala jokatuko du. Sekulako meritua du horrek; egunerokoan oso lan ona egiteagatik iritsi da horra. Hori da bidea. Eredu da guretzat.
Baiko gaizki aritu da Lehen Mailakoan, eta zurekin badu aukera txapela irabazteko. Horrek presioa eragiten dizu?
Batere ez. Pena da enpresako inor ez iritsi izana maila nagusiko finalera. Baina hori ez dago nire esku. Nik egin dut nire esku zegoena: finala jokatuko dut.
Baikoko pilotaria
Joanes Bakaikoa: «Irabazi edo galdu, neure buruarekin gustura egon nahi dut; orain, banago»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu