Ander Cepas Zapiko. Mahai teniseko jokalaria

Irabazi behar denean irabaztea

Brontzezko domina kolkoratuta itzuli da Ander Cepas mahai tenislaria Parisko Paralinpiar Jokoetatik. Egun gogorrak izanik ere, asko ikasi du bere lehen Jokoetan.

Ander Cepas, Paralinpiar Jokoetako partida batean. MIKAEL HELSING / EFE
Ander Cepas, Paralinpiar Jokoetako partida batean. MIKAEL HELSING / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko irailaren 17a
05:05
Entzun

«Espektatiba handiekin» joan zen Ander Cepas Zapiko mahai teniseko jokalaria (Donostia, 2004) Parisko Paralinpiar Jokoetara. Baina, lehen partidan, «hondoa jo» zuen. Jorge Cardonarekin batera, bikotekako lehiaketan, final-hamaseirenetan geratu ziren dominen lehiatik kanpo. Halere, «egun gogor batzuk igaro ostean», brontzezko domina kolkoan amaitu zuen banakako lehiaketa.

Mahai tenisean ari denetik, kostatu egin zaio irabazi behar denean irabaztea: «Urte hauetan guztietan, askotan irabazi diet Paralinpiar Jokoetan parte hartu duten jokalariei, baina inoiz ez partida erabakigarrietan. Irabazi behar denean irabazte hori oso garrantzitsua izan da niretzat: aurrera jarraitzeko konfiantza eman dit».

Irabazi beharreko partida horietako batean huts egin zuten: binakako lehiaketan. Lehen partida zuten, Brasilgo bikotearen aurka. «Faboritoak ginen, argi: haien aurka jokatutako partida guztiak irabaziak genituen, eta binakako lehiaketan domina lortzeko itxaropena ere bagenuen». Baina egoerak «gainditu» egin zuela adierazi du donostiarrak: «Ez nago ohituta harmailetan horrenbeste jende dagoela jokatzera, horrelako giroarekin».

Partida galdu egin zuten, eta lehiatik kanpo geratu. «Zaplazteko baten modukoa izan zen; hondoa jota geratu nintzen». Baina Jokoak ez ziren hor amaitu Cepasentzat. Banakako lehiaketa zuen aurrean, eta, ordurako, binakakoan eginiko hutsak ikasgai bilakatu zituen: «Ikasi nuen bakarrik partidan zentratu behar nuela: soilik pilotan, entrenatzailearengan eta mahaian. Ohartu nintzen burua ez nuela harmailetan eduki behar, ezta bestelako pentsamenduetan murgilduta ere».

Banakako lehian hain zegoen partidan sartuta, non ez zen jabetu zein zeuden harmailan, haren alboan. Finalerdietako partida amaitu ostean, entrenatzaileak esan zion burua altxatzeko, eta orduan ikusi zituen: «Nire betiko kuadrillako lagunak ziren. Izugarria izan zen». Ordurako, Cepasek bazekien domina ziurtatua zuela. Paralinpiar Jokoetan, mahai tenisean, ez da hirugarren eta laugarren postua norentzat izango diren zehazteko partidarik egiten; beraz, finalerdietarako sailkatuz gero, domina ziurra da.

«Ikasi nuen bakarrik partidan zentratu behar nuela: soilik pilotan, entrenatzailearengan eta mahaian»

Cepasi ez zitzaion finalaurreko samurra egokitu: Laurens Devos flandriarraren aurka aritu behar izan zuen. Devosek, Cepas garaitu ostean, finala ere irabazi zuen; Pariskoa kontuan hartuta, jada hiru urrezko domina ditu Paralinpiar Jokoetan. Gainera, donostiarra ez zen nahi bezala heldu Devosen aurkako norgehiagokara: «Domina ziurtatuta ere, ez nintzen erabat konformatu, baina ez neukan beti irabazteko beharrezkoa den gose hori». Asteazken batean irabazi zuen final-laurdenetako partida, eta finalerdiak larunbatean ziren. «Bi egun horiek oso gogorrak egin zitzaizkidan. Devos, berriz, prestatuta zegoen horrelako partida baterako, urrea irabazteko. Ez zuen ia hutsik egin, eta nik hori behar nuen: hura urduri samar egotea eta ni ondo aritzea».

Finalera sartzea lortu ez bazuen ere, S9 modalitateko brontzezko dominarekin itzuli da etxera. Baita «esperientzia polit» bat bizi izanda ere. «Ez du inongo zerikusirik beste txapelketekin: pabiloiak beteta zeuden. Pozik gaude ikusita zaleek dena eman dutela Paralinpiar Jokoetan». Gainera, esperientzia hori bere «erreferenteekin» batera bizi ahal izan du: «Oso polita izan da Jokoetan aritzea Alvaro Valerarekin —erretiroa hartu berri du, gainera— eta Jordi Moralesekin. Baita Jose Manuel Ruizekin ere; zortzigarren Jokoan zituen aurtengoak. Txikia nintzela haiekin ateratako argazkiak bidali dizkit aitak egunotan». 

Lehen Maila helburu

Orain, «merezitako oporraldia» hartuko du. «Etxean egon nahi dut, baina Madrilera joan beharko dut». Izan ere, han ari da ikasten. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua egiten ari da, ingelesez, CEU San Paulo Unibertsitatean. «Kirolarientzako programa berezi bat dute: eskolak moldatzen dizkidate, ez daukat egunero joan beharrik, eta azterketen egunak ere arazorik gabe aldatzen dizkidate. Bestela, ezinezkoa da biak uztartzea».

Ikasketetan du begi bat, eta ligan bestea. Donostiako Atletico klubarekin aritzen da, eta, joan den sasoian, irabazi behar zenean irabaztea falta izan zitzaien, beste behin. «Lehen Mailara igotzear egon ginen. Aurten hori da helburua: igo egin behar dugu, nahi eta nahi ez». Parisen ikasitakoek balioko diote ligarako ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.