Buruarekin jokatzeko eskatu die Joseba Etxeberriak bere jokalariei neurketaren hasierako hitzaldian, eta hala egin du Eibarrek gaur, Oviedon (Espainia). Ez du irabazi, baina, garrantzitsuena, ez du galdu. Ondo kontrolatu du lehia. 90 minutu gelditzen dira oraindik, eta eibartarrek nahikoa dute etxean berdintzearekin Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketetako finalerako sailkatzeko.
Gipuzkoarrei goian presionatzea gustatzen zaie, baina, zelaia eta lehiaren testuingurua kontuan izanda, taldea zelai erdian kokatzea erabaki du estreinako jokaldietan teknikari elgoibartarrak. Oviedo, espero bezala, intentsitate handiarekin zelairatu da, baina bisitariek ondo eutsi diote etxekoen erauntsiari.
Corpasen gol aukera garbi batek baretu du denboralea bederatzigarren minutuan. Mario Sorianoren bakarkako jokaldi eder bati errematea emateko aukera aparta izan du penalti puntutik, baina, bota beharrean, aurkariei izkin egin nahi izan die, eta baloia galdu du. Handik gutxira, Stoichkoven jaurtiketa on batek hauspoa eman die Etxeberriarenei.
Gipuzkoarrak nagusitzen ari zirela ikusita, neurketari erritmoa pixka bat jaitsi dio etxeko taldeak. Erdiraketetan indartsuak dira, eta luze ateratako alboko sake batean izan dute lehen zatiko aukerarik garbiena, atsedenaldira iristear. Zorionez, Luca Zidanek Alemaoren burukada urruntzea lortu du.
Aukera gutxi
Aldageletatik bueltan gertu izan du Oviedok gola. Borja Sanchezek behe-behetik jarritako erdiraketa bat ate aurretik igaro da, eta bigarren zutoinean Cristianek arriskua urruntzea lortu du. Berehala erantzun dute eibartarrek, Corpasek kontraeraso batean lehenengo, eta Mario Sorianok estrategiako jokaldi batean ondoren, aukera argiak izan dituzte Leo Romanen atea zulatzeko.
Bigarren zatia bizi hasi baldin bada ere, oso gol aukera gutxi izan dira. Arriskurik ez hartzea erabaki dute bi taldeek. Lehia amaitzeko hamabost minuturen falta Etxeberriak Sergio Alvarez sartu du Rober Correaren ordez, eskuin hegalean kontrol gehiago izateko. Partida osoko aukerarik garbienak azken hamar minutuetan iritsi dira. Corpasen jaurtiketa Vitik ahoko zuloan atera du, orpoarekin. Halere, jokaldia baliogabetu egin du epaileak, aurrez egindako falta batengatik. Eta 90. minutua bete berritan, Zidanek barrura zihoan Paulinoren burukada indartsua gelditzea lortu du. Ipuruan erabakiko da kanporaketa, datorren asteazkenean.
reala, eibar eta athletic bihar ariko dira
Realak, Eibarrek eta Athleticek Espainiako Lehen Mailako azken-aurreko jardunaldiko partidak jokatuko dituzte bihar. Etxetik kanpo ariko dira hirurak: Realak Madrilen zelaian jokatuko du (12:00, Dazn), eta, ordu berean, Eibar Tenerifenean ariko da. Athleticek, berriz, Real Madrili egingo dio bisita (18:30, Dazn).
Hiru euskal taldeek ezer gutxi dute jokoan azken bi jardunaldietan: Athletic seigarren da, eta aukera du laugarren bukatzeko; Realak, berriz, ez du zortzigarren postua hobetuko, baina, gutxienez, horri eutsi nahi dio; Eibarrek, ordea, hamargarren postutik zortzigarrenera egin nahi du jauzi.