Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Kirola
Iparrorratza
Beñat Etxebarriari kosta egin zaio Athleticen aginte makila hartzea, baina, taldeari neurria hartu dionetik, ordezkaezina da Ernesto Valverderentzat. Erasoan maisuki ari da, eta defentsan dezente hobetu du.
Athleticek joan den astelehenean San Mamesen Sportingen kontra jokatu zuen partida aberatsa izan zen, oso, talde zuri-gorriarentzat: lorpen garrantzitsuena, hiru puntuak lortzea izan zen (3-0). Athleticek bost postu aurreratu zituen sailkapenean garaipena lortuta ?hamabigarrena da, 11 punturekin?; bestalde, hunkigarria izan zen Howard Kendall Athleticeko entrenatzaile izan zenari egin ziotenon azken agurra. San Mamesera joan ziren milaka lagunetako inor ez zen ausartu zarata txikiena egitera partida hasi aurretik egin zen minutu bateko isilaldian; baina, era berean, jarraitzaile horiek guztiek zutitu eta txaloka hasi ziren Ernesto Valverdek Beñat Etxebarriari (Igorre, Bizkaia, 1987) partidako 83. minutuan atsedena ematea erabaki zuenean. Beñatek merezitako omenalditxoa jaso zuen. Autoestimua indartzeko lagungarri izango zaio, zalantzarik gabe.
JOKALARI OSOAGOA
Taldekideak zein jarraitzaileak ikaragarri eskertzen dute Beñat erakusten ari den joko maila, baina euskarria bera da inor baino gehiago gozatzen ari dena. Betisen goia jo ostean, ia infernura jaitsi zen 2013ko udan Athleticera itzuli zenean, baina egoera gaitzari buelta eman, eta bere ibilbideko jokorik onena ari da erakusten. «Gertatu zaizkidan gauza guztiek futbolari osoagoa izaten lagundu didate. Esperientzia handiagoko futbolaria naiz», aitortu du jokalariak berak. Jokalari gisa hazi egin da, eta heldutasunean «gozatzen» ari da. «Gustura ari naiz, konfiantzarekin. Taldeari laguntzen ahalegintzen naiz, eta lortzen ari naizela uste dut».
ITXURALDAKETA AZKEN URTEAN
Beñat bolada gozoan dago, baina ez da denboran asko atzera egin behar bestelako kontuen berri izateko. Izan ere, 28 urteko euskarriari asko kostatu zaio Valverderen konfiantza bereganatzea. Athleticera izar eginda itzuli zen 2013ko udan, baina azkar konturatu zen talde zuri-gorrian gogor egin beharko zuela lan Betisen zuen estatusa lortzeko. Bi urte pasatxo behar izan ditu lehoiak gidatzeko gai dela barneratu eta ingurukoek bere jokoan konfiantza lortzeko.
Valverdek era guztietako probak egin ditu Beñatek bere dohain guztiak azaleratzeko. Hasieran, euskarrian Mikel Ricorekin edo Ander Iturrasperekin bikote eginez zelairatuta ahalegindu zen, baina apustuak ez zuen funtzionatu. Gerora, erdilari aurreratu gisa zelairatu zuen, baina argi ikusi da bere jokoa atzetik aurrerakoa duela. Lekurik aurkitu ezinda, Txingurrik makina bat aldiz utzi du aulkian ?2013-2014kosasoian 27 partida jokatu zituen ligan eta kopan, eta horietatik hamalau aldiz aulkian hasi zuen norgehiagoka?. Urte hasierarekin batera hasi zen Beñaten egoera aldatzen. Athleticek sormen arazo larriak zituen, eta Iturrasperen lesio eta saio txarrak Mikel San Jose aurreratzera behartu zuten teknikaria. Beñat nafarraren ondoan hasi da bere talentuaren berri ematen. San Jose bizkartzain duela askatu egin da igorreztarra. Taldean lekurik ez zuena taldearen joko antolatzaile bihurtu da hilabete gutxian. Iparrorratz, alegia.
ILLARRAMENDI FITXATZEKO AHALEGIN USTELA
Egun, astakeria izan daiteke Beñaten balioa ezbaian jartzea, baina ez da ahaztea komeni Athleticek Asier Illarramendi Realeko erdilari mutrikuarra fitxatzeko apustu gogorra egin zuela joan den neguko merkatuan, jokalaria Real Madrilen ari zenean. Beñatek egiten duen antzeko lana egiteko fitxatu gura zuten Illarramendi. Ez baitirudi bientzat lekua egongo zenik hasierako hamaikakoan. Beraz, B plana izan al da Beñati aginte makila ematea? Bai Valverdek eta bai zuzendaritzako kideek ere konfiantza galdua al zuten euskarriarekin? Zer gertatutako litzateke mutrikuarrak talde zuri-gorriaren eskaintza onartu izan balu? Sarri, erabaki bat nahikoa da jokalari baten kirol bizitza goitik behera aldatzeko.
JARRERA ALDAKETA DEFENTSAKO LANEAN
Beñat jokoa antolatzeko duen erraztasunagatik ari da nabarmentzen Athleticen, baina eman duen aurrerapausoan jokoaren beste arlo batzuetan egin duen hobekuntzak pisu handiagoa daukate. Athleticen hasierako hamaikakoan lekua izateko Betisen aritzeko baino indar handiagoa behar da. Jokatzeko eran zerikusirik ez duten bi talde dira bata eta bestea. Kultura ezberdinak dituzte. Jakinekoa da San Mamesen nabarmentzeko ezinbestekoa dela futbolari langilea izatea. Bada, defendatzeko orduan orain arte erakutsi ez duen jarrera eta grina ari da plazaratzen Beñat. Erritmo biziagoarekin ari da jokatzen. Indartsuagoa ere bada.
VILLAMARINERAKO BUELTA
Bolada gozoan itzuliko da erdilaria goren mailako ateak zabaldu zizkion zelaira, Benito Villamarinera, hain zuzen. Egungo Betisek antz gutxi dauka berak laga zuenarekin ?Jorge Molinak eta Ruben Castrok besterik ez dute jarraitzen?. Infernua ezagutu ostean, bai Betisen aro modernoan eta bai Beñaten kirol ibilbidean ere garrantzi handia izan duen Pepe Melek zuzentzen du taldea. Eta, berriro ere, arrakasta handiz ari da. Talde igo berria izan arren, sailkapenaren erdialdean dago: hamargarren da, Athleticek baino puntu batekin gehiagorekin. Txaloz hartuko dute Beñat etzi. Igorreztarrari Sevillan (Espainia) bizitako gauza on guztiak pasatuko zaizkio burutik. Baina, zorionez, ez du itzultzeko tentaziorik izango. Etxean zoriontsu delako. Azkenean.