ZESTA-PUNTA. Lehen aldiz, liga bakarra osatuko dute Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa nagusiek. Jai Alai liga izango da, eta lau txapelketak osatuko dute: Gernikako (Bizkaia) Winter Seriesek, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Nazioarteko Torneoak, Miarritzeko (Lapurdi) Urrezko Xisterak eta Paueko Kopak (Okzitania).
Antolatzaileen arabera, zesta-puntak «pauso historikoa» eman du, eta «mugarri» izango da aro berri honetan. «Orain arte, kirola zatituta egon da. Batetik, Iparraldeko frontoi eta txapelketa prestigiotsuak jokatu dira, eta, bestetik, Hegoaldekoak. Mugaren alde batean eta bestean jokatzen duten pilotariak, ordea, berak izan dira, baina bi kirol sistematan lehiatzen aritu dira. Zesta-puntaren hazkundearentzat horixe izan da oztoporik handiena, eta, orain, akordio historiko horrekin, liga bateratu bat sortu dute».
Urte guztiko egutegia izango du, eta puntuazio eta sailkapen bateratua. Gainera, pilotari onenak fase amaierarako txapelketarako sailkatuko dira.
Antolatzaileak ziur daude Iparraldearen eta Hegoaldearen batuketak zesta-puntaren indarra «asko handituko» duela. «Oihartzun mediatikoa are gehiago zabalduko da. Hegoaldeko zesta -puntari Iparraldeko atea irekitzen dio, baita Frantziakoa ere, Paue tartean izanik. Summer Leagueko (Udako Ligako) txapelketek, berriz, berebiziko garrantzia izango dute Hegoaldeko agendan. Gerora begira, kirola sendotzeko eta hazteko aukerak zabalduko ditu».
Winter Seriesetako lehiari dagokionez, Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez sailkatu dira finalerako, Jean Olharani eta Thibault Basqueri irabazita: 2-0 (15-10 eta 15-8). Datorren astelehenean jokatuko dute beste finalerdia: Iñaki Goikoetxea eta Nicolas Etxeto, Xabi Barandikaren eta Unai Lekerikaren aurka.
Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa nagusiak, batera
Gernikako, Donibane Lohizuneko, Miarritzeko eta Paueko txapelketak batuko ditu Jai Alai liga berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu