Bi berritasun nagusirekin aurkeztu dute gaur, Irunen (Gipuzkoa), 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbide ofiziala. Lasterketa, 63. aldi honetan, Iparraldera itzuliko da ―hamarkada baten ondoren―, eta, horrez gain, erlojupeko etapa ere bueltan izango da. Hain zuzen ere, erlojupeko etaparekin emango zaio hasiera, Irunen, sei eguneko lasterketari. Lehen Itzuliaren ehungarren urteurrenean lasterketak Euskal Herri osoa zeharkatzea nahi izan dute antolatzaileek.
Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik eta Iparraldetik igaroko diren sei etapa izango dira. «Urte asko daramatzagu Iparraldera itzuli nahian; zale askok eskatzen digute, baina ez da erraza. Lan handia dago, eta hori egin ahal izatea zailtzen duten baldintzak. Aurten, lehen ediziotik ehun urte betetzen diren honetan, lortu egin behar genuen. 2024ko Itzuliak Euskal Herriko zale guztiak batu nahi ditu aldi berezi batez gozatzeko», azaldu du Julian Eraso OCETAko presidenteak.
Izan ere, hamar urte igaro dira Euskal Herriko Itzuliko tropela Iparraldeko errepideetan azkenekoz aritu zenetik. 2014. urtean izan zen hori, urte hartako bigarren etapan. Ordizian (Gipuzkoa) hasi zen lasterketa, eta Urdazubin (Nafarroa) amaitu, baina tarte txiki batez Lapurditik igaro zen. Bi urte lehenago ere beste sartu-irten bat egin zuen Itzuliak Lapurdiko lurretan: laugarren etapan izan zen, Eibarren hasi eta Ibardineko tontorrean amaitu zen etapan.
Bueltan izango da erlojupekoa, eta hark emango dio hasiera Itzuliari, Irunen. Etapa motz eta ez oso zorrotza izango da, baina aldapa batzuk izango ditu. Lehenengo zatian, harrizko galtzada txiki bat egongo da, %10eko pendiza hasi bezain laster. «Hor ikusiko dugu nor ari den serio jokatzen», azpimarratu du Javier Riaño zuzendariak. Zenbait aldiz gora eta behera ibili ondoren, igoera gogor bakarra iritsiko da, 1,7 kilometrokoa, %5,2ko desnibelarekin. Hortik Olaberria auzo osoa zeharkatu beharko dute, beherantz, udaletxera igotzeko aldapara iritsi arte. Sorpresarik ezean, ez da faboritoen arteko alde handirik espero.
Bigarren etapak Irun eta Kanbo (Lapurdi) lotuko ditu. «Oso eremu engainagarria» duen etapa bat dela azpimarratu dute, eta mendate puntuagarri bakarra izango du. Hala ere, gorabehera etengabea duten errepideetan ariko dira txirrindulariak. Leku estu batzuetan, txirrindulari multzoak tokia hartzeagatik borrokatu beharko du, eta ihesaldietarako etapa izan litekeela ohartarazi dute.
Ezpeleta (Lapurdi) eta Altsasu (Nafarroa) artean jokatuko da hirugarren etapa. Etaparik luzeena izango da (190 kilometro), eta, gainera, sei mendate puntuagarri izango ditu. Ia geldi egon ondoren, Otsondo igotzeari ekin beharko diote ―500 metroko desnibela―: «Leku aproposa izango da txirrindulari indartsuz osatutako ihesaldi batek bidea ireki dezan», adierazi du zuzendariak.
Laugarren saioan, tropela Etxarri Aranaztik (Nafarroa) abiatuko da, eta, 157 kilometro egin ondoren, Legution (Araba) izango dute helmuga. «25 kilometroko sasiordokiarekin eta Opakuako igoerarekin hasiko da; Opakua mendate bikaina izango da ihesaldia finkatzeko. Horren ondoren, basamortua iritsiko da, helmuga lehen aldiz zeharkatu arte». Urduritasuna zirkuituaren azken zatian hasiko dela jakinarazi dute, hiru igoera tartean: «Laburrak izango dira, baina oso gogorrak». Azken gaina helmugatik 8 kilometrora baino ez da egongo.
Amaiera erabakigarria
Gasteizen (Araba) hasi, eta Zornotzan (Bizkaia) amaituko da Itzuliaren bosgarren etapa. Hasiera izango da eguneko une «lasai» bakarra, Zornotzan lehen aldiz sartzeko jaitsi arte; orotara lau aldiz igaroko da lasterketa handik. Hortik aurrera, lasterketa Urkiolara (561 metroko desnibela) igoko da, eta zirkuitu batean sartuko da: «Zirkuitu horretan bi aldiz igoko du Muniketa tropelak, baita puntuagarria izango ez den beste aldapa bat ere. Helmugara iritsi aurretik, bi aldiz zeharkatu beharko dute kontrahelmuga, eta beste bi aldiz Zornotza», kontatu du Riañok.
Eta amaitzeko, Eibarko (Gipuzkoa) etapa. 2023an bezalaxe, hauxe izango da etapa nagusia. «Hasiera-hasieratik oso etapa exijentea eta selektiboa» izango dela esan du Riañok, eta sailkapen orokorreko txirrindulariak izango direla eguneko protagonista handiak. Etapa horren profila ikusita, esan daiteke aukera polita izan daitekeela lasterketako indartsuenen arteko lehia estua ikusteko.