Koronabirusak eraginiko geldialdiak zenbait proiektu abian zituela harrapatu du Jose Antonio Lopategi (Mungia, Bizkaia, 1950). Gaur bertan, Getxon egitekoa zen Munduko Sokatira Txapelketaren inguruko batzarra dute, harekin zer egin erabakitzeko. Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentea da, eta amaitzear du agintaldia: «Urte aldrebesa geratu da», dio.
Zer egoeratan daude herri kirolak?
Guztia geldirik dago, federazioen bidez egiten diren kirolak ezin baitira egin. Guk ez dugu txapelketarik egin oraindik; zenbait talde eta udalekin batu naiz antolatzeko, baina haiek ere ez dute erantzun argirik, ez baitakite zer gertatuko den. Udako jairik ez bada egiten, udalek ez dute herri kiroletarako asmo handirik.
Txapelketak urte amaieran egiten dira kirolik indartsuenetan, aizkoran eta harri jasotzean kasu. Haiek egiteko tartea baduzue oraindik?
Pixka bat bai, baina begira: aizkoran hiru maila daude. Lehen mailatik bi aizkolari jaisten dira bigarrengora, eta handik bi igo. Ez bada guztia egiten, arazo gogorrak ditugu. Egoera aldatzen bada, eta urte amaierarako aukera badago, badugu egiteko asmoa. Urtarrilaren 30ean batzar bat egin nuen Donibane Lohizuneko Udalarekin. Lotu ginen maila nagusiko kanporaketa eta finala han jokatzeko, baina arazo bat izan dute: udal bozak martxoan ziren, eta, atzeratu zirenez, ez dakigu nola geratuko diren udalak. Hasiera batean, ez zegoen arazorik han egiteko.
Hain justu, finala Euskal Herriko herrialde guztietara eramatea zen zure agintaldiko xedeetako bat. Asmo horrekin Lapurdin?
Bai. 2016an presidente kargua hartu nuenean, finalak Euskal Herri osoan egitea nuen asmoa, gure kirolak zer diren erakusteko. Orain artean, [Hegoaldeko] lau hiriburuetan egin dugu, eta aurten Iparraldean egitea zen asmoa. Aurten amaitzen dut nire agintaldia, gero hauteskundeak datoz, eta hori egin nahiko nuke. Bigarren eta hirugarren mailakoak ere erdi hitzartuta neuzkan, baina udalek jaietan egin nahi zituzten, eta ez badira egiten... Kate bat da.
Bestelakoan, nolako osasuna dute herri kirolek?
Ona, 1.200 lizentzia ditugu. Guk hemezortzi kirol kudeatzen ditugu, eta gizonezkoen, emakumezkoen eta txapelketa mistoen artean 35-40 lehiaketa inguru antolatzen ditugu. Horiez gain, beste asmo batzuk baditugu herri kirolen inguruan, haiek ezagutarazteko.
Esaterako?
Futbolaren bidez herri kirolak indartzea. Kolaborazio batzuk nahikoa aurreratuta neuzkan, baina orain ezin dut esan zertan diren, geldirik baitaude. Martxoaren 10ean [Espainiako] Lehen Mailako futbol talde batekin batzarra izan nuen, eta ligako partida baten egunean herri kirol batzuk egiteaz hitz egin genuen. Ondo hartu zuten haiek; ikusten dute gure kirola dela, gure tradizioa, eta euskaldunok indartu behar dugula. Gero, gauza asko bideratuta neuzkan aurten. Aizkoran bai, eta harri jasotzean ere bai; kirolariek eskatuta, lehen sei hilabeteetan harri txikiekin ariko ginen, eta handiekin ondorengo seietan.
Kirol asko kudeatzen dituzue; denek ez dute indar bera.
Aizkora eta harri jasotzea daude indartsuen, eta baita sokatira ere. Lizentzia asko daude sokatiran, eta hor dabiltzanak beste kiroletan ere aritzen dira. Txingak eta ingudea ere ondo daude orain.
Emakumezkoen kopurua handitzean jarria duzue puntua?
Arlo garrantzitsua da, eta erakundeek indar handia egiten dute hor. Nahiago nuke gehiago ariko balira; ni mungiarra naiz, eta iaz aizkora eta harri jasotzeko txapelketa bat egin genuen bertan, baina emakumezkoena bakarrik. Aurten ere egitekoak ginen, eta udalaren baiezkoa genuen. Deialdia egina dugu sanpedroetarako, baina ez dut uste egingo denik. Pikutara joan da dena.
Zaleak erakartzeko zer egin daiteke? Ordutegi aldaketa batzuk egon dira Urrezko Mailan.
Guk aizkorako finalak igande eguerdian egiten ditugu, urri amaieran, etagarai ona delakoan nago. Iaz 1.800 lagun egon ziren Gasteizko Iradier Arenan, eta uste dut jende asko dela. Bigarren mailan apur bat jausten da; ez du horrenbesteko jarraipenik. Nolanahi ere, nire ustez garrantzia duena da hirugarren mailan iaz 36 aizkolari aritu zirela txapelketan. Horrek esan gura du atzetik harrobia dagoela. Zaindu egin behar da. Iaz hiru kanporaketa egin genituen; bi Nafarroan eta bat Gatikan [Bizkaia].
Nola bizitu daitezke herri kirolak?
Bultzada behar dute, eta gauza asko aldatu behar dira. Adibidez, azpiegitura txikia dago federazioan. Beharko genituzke materiala zainduko duen bat, publizitatea landuko duena, komunikazioa, eta abar.
Jose Antonio Lopategi. Herri Kirol Federazioko burua
«Iparraldean egin asmo genuen aizkora finala»
Herri kirolak «bultzatu» egin behar direla dio Jose Antonio Lopategik. Bost urte egin ditu presidentetzan; amaitzear du aldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu