Iparra berreskuratzera

Laboral Kutxak eta Bilbo Basketek gaur jokatuko dute, etxetik kanpo, kopara gerturatzeko asmoz

Sergio Scariolo, etsipen aurpegiarekin, iragan astean Bilbo Basketen aurka galdu ondoren. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Donostia
2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Laboral Kutxak eta Bilbo Basketek ACB ligako hamabigarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte gaur. Gasteiztarrek Rio Naturaren aurka jokatuko dute (21:00, ETB1), urtea garaipen batekin amaitzeko helburuarekin. Rafa Pueyoren taldeak, berriz, Manresan jokatuko du (12:15, ETB1). Gipuzkoa Basketen txanda, bestalde, bihar izango da. Donostiarrek Kanaria Handiari egingo diote bisita (21:30).

Laboral Kutxak Santiagon ahaztu egin nahi ditu azken lau jardunaldietako porrotak. Taldeak burua altxatu beharra dauka, iparra berreskuratu. Uneotan hamabigarren postuan dago sailkapenean, eta gaur Rio Naturaren aurka huts eginez gero, beltz izango du Espainiako Koparako sailkatzea. Urtea argi izpi batekin amaitzea litzateke gaur irabaztea, abenduan Valentzia, Juventut, Bilbo Basket eta Teneriferen aurka galdu ondoren. Ez hori bakarrik. Sergio Scarioloren taldeak, gainera, oso itxura kaskarra eman zuen ligako azken lau jardunaldietan.

Ezkortasunaren zurrunbilo horretan, entrenatzaileak beste buruhauste bat izango du: Tibor Pleissen hutsunea. Pibot alemaniarra oraindik osatu gabe dago, eta haren postua Milko Bjelicak beteko du. Serbiarraren eskumuturra fin ibili da azken bi hilabeteotan, baina gaurko lehiaren ondoren, kontratua amaituko zaio. Scariolok berak «ezinbestekotzat» jo zuen jokalaria joan den ostegunean, etaurtarrilaren 2a baino lehen akordioa lortzea espero du entrenatzaileak. Halere, atzo Turkiako hedabide batek zabaldu zuenez, jokalariak sasoi bukaera arteko kontratua sinatu du Anadolu Efesekin.

Euroligan etxeko lanak egin ondoren, Laboral Kutxak ligan du orain erronka. Hurrengo bi jardunaldietan, gainera, norgehiagoka zailak jokatuko dituzte gasteiztarrek: Bartzelona, etxean, eta GBC, Donostian. Partida horiek baikortasunarekin prestatzeko, baina, Santiagon irabaztea ezinbestekoa da.

Bilbo Basketek ere etxetik kanpo jokatuko du, Manresaren pistan; Manresa jaitsiera postuetatik urruntzeko asmoz dabil. Murtziaren aurka azken jabetza galdu ondoren bizkarrekoa ahaztu nahi dute bilbotarrek. Dena den, sasoiko daude, ACBko azken bost partidetatik lau irabazi baitituzte.

Pueyoren jokalariek izan dezaketen abantailetako bat astean bitan jokatzeko duten ohitura da. Manresaren entrenatzaile Borja Comengek honela esan zuen atzo: «Ez dakit nire taldeak nola erantzungo duen, orain arte ez ditugulako inoiz bi partida jokatu 48 orduan. Bilbo Basketek badaki zer- nolako ahalegina den hori, eta jokalari askok eskarmentua eskuratu dute Europan zehar jokaturiko partidetan».

Gipuzkoa Basketek, bihar

Gipuzkoa Basketek bihar mugarria jar dezake Kanaria Handiaren aurka.2013. urteasailkapeneko laugarren postuan amai dezake; donostiarrek inoiz lortu duten posturik onena. Gaur egun ligako defentsa onenen artean laugarrena da haiena eta hiruko jaurtiketa gehien sartzen duen taldea da.

Kanaria Handiarena, halere, ez da kantxarik aproposena bosgarren partida jarraian irabazteko, baina Gipuzkoa Basket olatuaren aparrean iritsiko da. Kanaria Handiak, aldiz, Valladoliden, ezustekoan, galdu zuen ostegunean. Biharko partida irabaziz gero, Sito Alonsoren taldeak ia ziurtatuta edukiko luke kopako kanporaketetan egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.